Izarrek biribildutako ekitaldia

Igandean jokatuko dute Juan Mugerzaren Oroimenezko Nazioarteko Krosa, Elgoibarren. Probaren 80. aldia izango da aurtengoa; maila oneko kirolariak bilduko ditu, beste behin

Edina Jebitok.
Edina Jebitok, duela bi urteko ekitaldia irabazten. Berriro ariko da igandean. RAUL BOGAJO / FOKU
Jon Ander De la Hoz.
2024ko urtarrilaren 5a
05:00
Entzun

Tradizio eta distira berezikoa da Juan Mugerzaren Oroimenezko Nazioarteko Krosa, zeina Elgoibarren (Gipuzkoa) jokatu ohi baita; zortzi hamarkadatan xaloki prestatu izanak eman dio bide horri. Hain justu ere, etzi egingo dute probaren 80. ekitaldia, eta mundu mailako izarrak bilduko dira Mintxetako zirkuituan. Urteetan zehar egindako lanaren ordaina da. Hala esan du Zigor Diez antolatzaileak: «80. urteurrena ospatzeko moduko zerbait da, eta gure helburua izan da ahalik eta atletarik garrantzitsuenak ekartzea. Horretan eman genuen dena, eta apustu hori ondo ateratzea nahi dugu».

Elgoibarko lasterketa ezaguna da izarrik onentsuenak gozo zaintzeagatik, eta belaunaldi berriek ondo ikasia dute hori. Egun gorengo koskan ari diren atletak bilduko dira oraingo aldian ere, 80. aldiari are distira handiagoa emateko. Emakumezkoen txapelketari dagokionez, Beatrice Chebet da izar nagusia. Kenyarra da krosean egungo munduko txapelduna, eta oso garai onean ailegatuko da Elgoibarko probara. Izan ere, bost kilometroko munduko errekorra ezarri zuen Bartzelonan, joan zen igandean (14.12). Chebetez gain, Edinah Jebitok 2022an Elgoibarren gailendutakoa –bigarren izan zen iaz– eta Grace Nawowuna dira irabazteko hautagairik irmoenak.

«Izarren beharra sentitu dugu, eta ahal izan dugun neurrian lortu ditugu. Ikusten da Elgoibarrek lekua duela haien egutegian, eta gustura datozela».

ZIGOR DIEZJuan Mugerza krosaren antolatzailea

Gizonezkoen artean ere, lasterkari onentsuenak bilduko dira Mintxetako lokaztian. Sufiane El Bakkali da haietako bat; marokoarra olinpiar txapelduna da oztopodun 3.000 metroetako proban, eta birritan irabazi du modalitate horretako munduko txapelketa. Halaber, 2023ko Diamond League torneoaren txapelduna da. Berihu Aregawi ere prest da lehiarako; hark du bost kilometroko munduko errekorra, gizonezkoen kategorian.

Diezen esanetan, «ematen du Elgoibarrek garrantzia duela haientzat. Hain atleta ospetsuak gure artean izateak erakusten du puntu onean gaudela. Beste urteetan izarrak nahi genituen, ezin lortu ordea, eta etorkizunera begirakoak ekartzen genituen, ospe gutxiagokoak. Oraingoan, hori egin dugu batzuekin, baina izarren beharra sentitu dugu, eta ahal izan dugun neurrian lortu ditugu. Ikusten da Elgoibarrek lekua duela haien egutegian, eta gustura datozela».

Juan Mugerza krosaren berezitasun nagusietako bat da antolakuntzako kideek atletei emandako arreta gozoa: «Atletaren gainean egoten gara. Zerbait falta badute, bertan gaude. Harrera ere egiten diegu, eta harremana dute gurekin. Ez da hiriburu handi batean bost izarretako hotelean egotea. Lasterkarako pista zabalik dute, gimnasioa ere bai... Etxean bezala egon behar dute, eta horretarako jendea jartzen dugu».

Mila atleta inguru

Atleta kopuru handia bilduko da etzi Elgoibarren, 09:30ean hasita. Orotara, mila inguru. Maila nagusiei dagokienez, emakumezkoen probarako 45 lasterkarik eman dute izena, eta 180 izango dira gizonezkoenean. Behe mailetako kirolariek osatuko dute kopurua: «Gorakada handia nabaritu dugu 14 eta 18 urtez azpikoetan. Hori ere albiste ona da; erakargarritasuna dugula ikusi dugu, bai Euskal Herrian, eta bai handik kanpo. Data zaila da, eta ez genuen horrenbeste atleta espero. Horrek harritu egin gaitu, baina gustura gaude».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.