Inauteriak amaitu dira, baina izarrez mozorrotu dira gaur Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, Tolosako Beotibar pilotalekuan (Gipuzkoa). Momenturik erabakigarrienean orain arteko partidarik onena jokatu dute biek ala biek, goi mailako erakustaldia egin baitute, eta merezita sailkatu dira Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkarako. Altuna III.ak bereak eta bi egin ditu aurreko koadroetan, eta guztira hamalau tanto bukatu. Hori nahikoa ez, eta Ezkurdiak aparteko lana egin du atzean. Defentsan, erritmo itogarria jarri du airez, eta bi eskuekin ederki luzatu du pilota. Hala, Aspeko bikotea finalerdietan izango da, Unai Laso eta Jon Ander Albisurekin eta Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaletarekin batera. Laugarren bikotea zein izango den igandean zehaztuko da, Arrasaten (Gipuzkoa). Javier Zabalak eta Julen Martijak beste aukera bat izango dute helburua lortu ahal izateko.
Partidak ikusmina piztu du, eta gainezka bete da Beotibar. Hasierako erritmoa oso bizia izan da, eta bi aurrelariak bihurtu dira protagonista. Paretik pasatu zaizkien pilotakada guztiak jo dituzte, eta ito beharrean jokatu. Gozatu egin dute zaleek, baina Zabala izan da kaltetu nagusia. Ezin izan dio eutsi erritmoari, eta gorriek horixe baliatu dute aurkariei aldea ateratzeko: 8-3 jarri dira aurretik. Ezkurdia oso eroso aritu da airez, eta pare bat tanto ere amaitu ditu ezker airez. Hori bai, Altuna III.ak atera ditu babak eltzetik. Bikain asmatu du Zabalari oinetara jokatzen, eta aukera izan duenetan ez du barkatu. Bost tantoko aldeari arazorik gabe eutsi diote gorriek: 10-5.
Olatuaren aparretan ibili dira Altuna III.a eta Ezkurdia, baina urdinek garaiz erreakzionatu dute. Pilota berria atera dute, lurrean dezentez gehiago ibiltzen zen bat, eta asmatu. Batez ere Martijaren jokoa izan da erabakigarria. Oso ongi luzatu du pilota, ezker horman sartzea lortu, eta aldea murriztuz joan da pixkanaka: 10-8 eta 11-10. Tanto bakar batera hurbildu dira, baina ezin izan dute berdindu lehia. Zabala ez da beste egun batzuetan bezain distiratsu jardun. Partidaren lehen zatian urdinek ez dute pilota bakar bat ere galdu, eta horregatik iraun dute bizirik, baina bigarren zatian errotik okertu zaizkie kontuak.
Bihar, Zornotzan
Izan ere, lehen atsedenaldi luzetik bueltan, nahierara jokatu dute Altuna III.ak eta Ezkurdiak. Nahiz eta aurkariak hurbildu egin zaizkien eta tanto bakarraren aldea baino ez zuten, gorriek, burua makurtu ez, lanari heldu, eta erraz egin dute helmugarainoko bidea bigarren zatian: 18-11 eta 22-12. Zabalak hiru pilotakada huts egin ditu jarraian, bere onetik irtenda aritu da, eta, txanponaren beste aldean, laineza hartuz joan dira gorriak. Ezkurdiak ez du freskotasunik galdu, bikain aritu da boleaz, eta Altuna III.ak bere horretan jarraitu du. Asko lagundu dio atzelariari, eta, gainera, ikuskizuna emanda amaitu ditu tantoak aurreko koadroetan. Hamalau tanto egin ditu: ezker airez lau, dejadaz bi, moztuta bi, atzean beste bi, horma-bikoz bat eta sakez hiru. Zabalak, berriz, bi tanto baino ez ditu egin.
Lehen aukera galdu ondoren, igandean Zabalak eta Martijak beste aukera bat izango dute finalerdietako ligaxkarako sailkatzeko. Zehazki, bihar jakingo dute noren aurka ariko diren. Erik Jakak eta Martxel Iztuetak Iker Larrazabalen eta Unax Landaren aurka neurtuko dituzte indarrak, Zornotzan (Bizkaia), 20:45ean (ETB1). Irabazleek igandean jokatuko dute; galtzaileak, aldiz, lehiatik kanpo geratuko dira. Landak konpromiso handiko neurketa izango du, debuta egin eta hiru astera.