Innpala enpresak apustu egin du emakumezkoen palaren alde, eta, lehen aldiz, Superliga antolatu du paleta larruzko modalitatean. Innpalak ez dio ausaz jarri Superliga izena txapelketa berri horri. Super aurrizkiak zerbait bikaina esan nahi du, eta txapelketa horrek itxura bikaina du, bai jokatuko duten palisten mailari dagokionez, bai lehiaketa sistemari dagokionez. Izena eta izana dauzka.
Abenduaren 4an ekingo diote txapelketari, Bilboko Bizkaia frontoian, eta toki berean jokatuko dute finala, bi aste geroago, abenduaren 18an. Egun berean, gizonezkoen finala ere jokatuko da.
Zortzi palistak jokatuko dute: lau aurrelarik eta lau atzelarik. Palista hauek ariko dira aurrean: Irene Arraztoa eta Uxue Murillo nafarrak, Julene Inunziaga bizkaitarra eta Amaia Irazustabarrena gipuzkoarra. Atzean, berriz, Maider Ardanaz, Paula Gorostiaga eta Elaia Zabalza nafarrek eta Marie Goienetxe lapurtarrak jokatuko dute. Hau da, Hego eta Ipar Euskal Herriko palistak ariko dira.
Parte hartzaileen maila kontuan hartuta, punta-puntako txapelketa izango da. Izan ere, jokatuko duten zortzi palistetatik bost aritu ziren Munduko Euskal Pilota Txapelketan, Argentinan: Amaia Irazustabarrena, euskal selekzioarekin; Ardanaz, Gorostiaga eta Murillo, Espainiarekin; eta, Goienetxe, Frantziarekin. Guztiek irabazi zuten dominaren bat: Ardanazek urrezkoa irabazi zuen 36 metroko frontoiko paleta gomazkoan. Modalitate berean, Irazustabarrenak zilarrezkoa lortu zuen. Nagore Martinen ordezko aritu zen Irazustabarrena, eta, jokatu ez bazuen ere, harentzat ere izan zen domina. Gorostiagak eta Murillok, berriz, zilarrezko domina lortu zuten trinketeko paleta gomazkoan. Modalitate berean, Goienetxek brontzezkoa eskuratu zuen.
Ohikoa bihurtzen ari da zenbait binakako txapelketatan bikote finkorik ez egotea, eta Superligan ere hori egingo dute. Lau jardunaldiko ligaxka jokatuko dute lehenbizi, eta jardunaldi bakoitzean palista bakoitza bikotekide ezberdin batekin ariko da. Lehen jardunaldian, adibidez, Irazustabarrenak eta Gorostiagak Murilloren eta Goienetxearen aurka jokatuko dute. Abenduaren 4an jokatuko dute ligaxkako lehen jardunaldi hori, Bilbon, 19:00etan. Beste hiru jardunaldi jokatuko dituzte: abenduaren 6an, Zierbenan (Bizkaia), 12:00etan; abenduaren 11n, Bilbon, 19:00etan; eta, abenduaren 13an, Zallan (Bizkaia), 12:00etan.
Partida guztiak bost jokora jokatuko dituzte, hau da, hiru joko irabazten dituena nagusituko da. Lehen lau jokoak hamar tantora jokatuko dituzte, eta, bosgarrena behar bada, hura bostera jokatuko dute. Emaitzaren arabera, puntu kopuru jakin bat jasoko dute. Hiru jokotan irabazten dutenek ehun puntu jasoko dituzte; lau jokotan irabazten dutenek 80; eta bost jokotan irabazten dutenek 60. Galtzaileek, berriz, 40 puntu jasoko dituzte bi joko egiten badituzte, eta hogei joko bat egiten badute. Jokorik ez badute egiten, aldiz, ez dute punturik jasoko. Puntu gehien lortzen duten bi aurrelariek eta atzelariek finala jokatuko dute, abenduaren 18an, 19:30ean. Finalean, lehen aurrelari sailkatua lehen atzelari sailkatuarekin ariko da, eta bigarren aurrelari sailkatua bigarren atzelari sailkatuarekin.
Jokatzeko gogoz
Superliga jokatzeko gogoz dago Ardanaz. «Duela bi urte ez dudala jokatu Innpalak antolatutako txapelketa bat. Eskertzen diet gonbidatu izana, haien txapelketa edo torneo batean aritu naizen aldiro gustura aritu bainaiz». Abenduaren 6an jokatuko du lehen partida, aurretik txapelketa bat jokatuko baitu Valentzian (Herrialde Katalanak).Â
Aurizberriko atzelaria bikain moldatzen da paleta gomaz. Superligan, ordea, paleta larruz jokatuko dute. Hain zuzen, horretan aritzen da gutxien Ardanaz. «Oso gutxitan jokatzen dut paleta larruz, bi torneotan besterik ez urte osoan. Modalitate askotan jokatzen dut, eta ez dut nahikoa denbora denetan bete-betean aritzeko. Paleta larruz aritzen naiz gutxien. Lanak eman dizkit beti horretan jartzeak. Saiatzen naiz ahalik eta itxurosoen aritzen».
«Paleta larruz aritzen naiz gutxien. Beraz, nire helburua da partida guztiak egindako lanarekin konforme bukatzea»
MAIDER ARDANAZÂ Palista
Beraz, lehenbizi, egokitu egin beharko du, azaldu duenez, aldea baitago paleta gomaz edo larruz aritzearen artean. «Paleta larruz beste modu batean jarri behar duzu pilota jotzeko, gogor heldu behar duzu pala, eta beste modu batean jo. Halaber, pilotak abiadura handiagoa hartzen du, eta gainera etortzen zaizu berehala».
Gustatzen zaio jardunaldi bakoitzean bikotekide batekin jokatzea. «Justuagoa» dela iritzi dio. Gustuko du bost jokora jokatzea ere, aukera ematen baitu bolada txarrak gainditzeko. «30 tantora jokatu, eta gaizki hasiz gero, oso zaila da behetik gora egitea. Bost jokora, berriz, aukera gehiago duzu bolada txarrak eteteko».
Ez du bere burua ikusten txapela irabazteko moduan. «Maila oso handia dago parte hartzaileen artean, eta horietatik askok hilabete osoa daramate paleta larruz jokatzen». Inunziagak, Gorostiagak eta Goienetxeak, adibidez, Mungiako (Bizkaia) torneoko finala jokatuko dute gaur, 19:00etan. Atzelarien artean Gorostiaga azpimarratu du, hura baita modalitate horretan gehien eta ondoen jokatzen duena. Aurrelarien artean, Murillo eta Irazustabarrena aipatu ditu, «oso borrokalariak» baitira. Argi du zein den bere helburua. «Egindako lanarekin konforme amaitu nahi ditut partida guztiak».
PALISTAK
Aurrelariak: Irene Arraztoa, Julene Inunziaga, Amaia Irazustabarrena eta Uxue Murillo.
Atzelariak: Maider Ardanaz, Marie Goienetxe, Paula Gorostiaga eta Elaia Zabalza.
EGUTEGIA
Abenduak 4: Ligaxkako lehen jardunaldia, Bilbon, 19:00etan.
Abenduak 6: Ligaxkako bigarren jardunaldia, Zierbenan (Bizkaia), 12:00etan.
Abenduak 11: Ligaxkako hirugarren jardunaldia, Bilbon, 19:00etan.
Abenduak 13: Ligaxkako azken jardunaldia, Zallan (Bizkaia), 12:00etan.
Abenduak 18: Finala, Bilbon, 19:00etan (ETB1).