Futbola

Jagoba Arrasate: «Osasunak behar nau, eta nik lagundu diezaioket»

Talde gorritxora itzultzeko erabakia hartzea erraza bezain ausarta izan dela esan du entrenatzaileak. Berriatukoak 2029ra arte sinatu du.

Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea, gaur, Sadarren. IÑIGO URIZ / FOKU
Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzailea, gaur, Sadarren. IÑIGO URIZ / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko urriaren 13a
13:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ongietorri beroa jaso du Jagoba Arrasate entrenatzaileak. Arrastoa utzi zuen Osasunan, eta sumatu da. «Osasunak behar nau, eta nik lagundu diezaioket; horregatik nago hemen», esan du aurkezpen prentsaurrekoan. Klubak atzo iragarri zuen Luis Miguel Ramis kargutik kendu zuela, eta segidan jakinarazi zuen Arrasate dela haren ordezkoa.

Berriatukoak bigarren aroa izango du Osasunan. Aurreko aldian sei denboraldi egin zituen karguan, 2018tik 2024ra, eta oraingoan 2029ra arte sinatu du. Gogotsu eta ilusioz dagoela azpimarratu du teknikariak, eta esan du berehala eman ziola baiezkoa Cata Prieto Osasunako kirol zuzendariari —igandean deitu zion, Betisen aurka 5-2 galdu ostean—.

Arrasate Osasunara itzultzeak ilusioa piztu du zaleengan, aspaldian itzalita zegoena. Eta, hain zuzen, horixe lortu nahi zuen klubak: taldearen eta zaleen arteko lotura berriro indartzea. «Ez da erraza izan, baina Osasunak aldaketa bat behar zuen, txinparta behar genuen, eta Jagoba zen nire lehen aukera. Klubean mito bat da, eta bera da Osasunak hobetzeko behar duena. Elkarrekin osatu nahi dugu proiektua», azaldu du kirol zuzendariak. 

Osasunatik alde egin zuenean, atea irekita utzi zuen Arrasatek, eta uste baino azkarrago itzuli da Iruñera. «Esker onekoa izan behar da beti, eta batzuetan ausarta ere bai. Bi gauzak elkartu dira. Beti esan dut Osasunak behar ninduenean eta nik ere Osasunari zerbait eman niezaiokeela uste nuenean modu naturalean itzuliko nintzela. Igandean Catak deitu zidan, gauean elkartu ginen, eta horregatik nago hemen». 

Kirol zuzendariaren deiak ustekabean harrapatu arren, ez zuen bi aldiz pentsatu: «Erraza izan zen. Elkarrizketa zintzoa izan genuen, eta konbentzitu ninduen. Erabaki ausarta da, aro polita bizi izan bainuen sei urtez. Baina esker onekoa izan behar da: Osasunari lagundu diezaioket». 

«Ez da erraza izan, baina Osasunak aldaketa bat behar zuen, txinparta behar genuen, eta Jagoba zen nire lehen aukera. Elkarrekin osatu nahi dugu proiektua»

CATA PRIETO Osasunako kirol zuzendaria

Ez da une gozoan itzuli Arrasate. Hura joan zenetik, aulkian egonkortasuna lortu ezinik egon da Osasuna. Azken hiru denboraldietan, hiru prestatzaile izan dira talde gorritxoaren lemazain: Vicente Moreno, Alessio Lisci eta Ramis. Gainera, burumakur dabil taldea. Ondo hasi zuen sasoia, baina jokatutako azken bost partidetan puntu bakarra poltsikoratu du, eta defentsan oso bigun aritu da. Oraintxe, zortzi puntu ditu, hamaseigarren postuan dago sailkapenean, eta bi puntura du Elx, jaitsiera postuetan dagoen lehen taldea.

Kirol zuzendariak Ramisek egindako lana eskertu du, baina, haren hitzetan, taldearen errendimendua ez zen «aproposa», eta liga etenda egon den hiru asteetan ez du bilakaerarik ikusi. Horregatik hartu du entrenatzailea aldatzeko erabakia.

Egoera konplexua izanik ere, jokalariengan konfiantza duela nabarmendu du Arrasatek, eta ez du ausaz esan, aurrez ere izan baita haietako askoren entrenatzaile. «Jokalari asko ezagutzen ditut; badakit zer talde dugun. Hemen banago, taldearengan sinisten dudalako nago. Proiektu berri bati heltzeko indarrez sumatzen dut neure burua». 

Alde horretatik, uste du baduela abantaila, askok badakitelako zein den haren lan egiteko modua. Dena den, lehenik eta behin, arlo emozionala landu beharko du. «Hemen banago, zerbaitek funtzionatu ez duelako nago, eta klubak ulertzen duelako badagoela zer hobetua. Buruz ondo egotea oso garrantzitsua da, eta hori izango da lehen pausoa».

Luzera begirako proiektua

Mailari eustea izango da Osasunaren aurtengo helburua; baita proiektuaren zimenduak eraikitzen hastea ere. Prentsaurrekoan behin baino gehiagotan esan dutenez, Arrasate ez dator sua itzaltzera bakarrik. Horren erakusle, kontratua 2029ra arte sinatu izana: «Catak ez nau soilik suhiltzaile gisa nahi; konfiantza dugu elkarrengan. Proiektu bat hasi behar dugu, baina jakinda oraintxe puntuak behar ditugula. Helburua argi dugu». 

Azken hilabeteetan ikasten, prestatzen eta formatzen aritu dela azpimarratu du prestatzaileak. «Futbola aldatuz doa, eta gurpilean egon behar duzu. Etena ondo etorri zaigu, eta eguneratuta gaude». Arrasaterekin batera, talde teknikoa Sergi Perezek, Pablo Iriartek, Bittor Alkizak eta Darko Brasanacen osatuko dute. Brasanacek futbol jokalaria izateari utzi berri dio, eta Arrasatek maiz goraipatu du hura, Osasunan haren aginduetara aritu baitzen: «Talde teknikoa hobetu behar genuela uste genuen, eta Darkorekin hitz egin nuen. Taldea eta kluba ezagutzen ditu, eta guretzat garrantzitsua izango da. Anbiziotsua eta profesionala da».

«Zoriontsu izan naizen leku batera nator; ea berriro ere gauzak ondo ateratzen diren»

JAGOBA ARRASATE Osasunako entrenatzailea

Horiek horrela, martxan da Arrasatek Osasunan egingo duen bigarren aroa. Ezagun zaharraren alde egin du apustu klubak. Iragan astean BERRIAri emandako elkarrizketa batean, nolako entrenatzailea izan nahi zuen kontatu zuen: «Autokontrol handiagoa izan nahiko nuke, eta metodologia aldetik ere aldaketa txiki batzuk egingo nituzke. Taktikoki uste dut baloi irteeran gauza batzuk findu ditzakedala, eta horretan ere bagabiltza». 

Bihar gidatuko du lehen entrenamendua, Taxoaren, eta igandean zuzenduko du lehen partida, Sadarren, Racingen aurka. «Pozik nago. Zoriontsu izan naizen leku batera nator; ea berriro ere gauzak ondo ateratzen diren». Eta argi esan du: «Ezagutzen dudan Sadar horrekin topo egitea espero dut».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA