Euskal selekzioak eta Palestinakoak futbol partida solidarioa jokatuko dute azaroaren 15ean, San Mamesen. Bada, Euskadiko Federazioak atzo eman zuen talde teknikoaren berri. Jagoba Arrasate izango da neurketa horretako teknikaria. Beraz, «jarraitutasunaren alde» egin dute apustu; hura izan zen hautatzailea euskal selekzioak jokatutako azken partidan, 2024ko martxoan, Uruguairen aurka. Talde teknikoa Mikel Labaka bigarren entrenatzaileak, Imanol Etxeberria atezainen entrenatzaileak, Jon Zubillaga analistak, Iban Urkiza prestatzaile fisikoak, Isusko Ortuzar eta Asier Urkia fisioterapeutek eta Xabi Valencia medikuak osatuko dute. «Guztiek ibilbide sendoa egin dute euskal futbolean, eta ezagutza sakona dute, bai arlo profesionalean, bai giza arloan», adierazi du, ohar bidez, federazioak.
Labaka eta Zubillaga dira berritasun bakarrak. Labaka euskal selekzioko jokalari ohi «eredugarria» izan dela azpimarratu dute, eta Realaren aulkian entrenatzaile moduan erakutsitako maila nabarmendu. Zubillaga, berriz, «eliteko analista bat» dela adierazi dute; Alavesen ari da.Â
Mikel De Gregorio federazioko kirol zuzendariaren arabera, guztiek selekzioarekin duten inplikazioa «ezinbesteko balioa da proiektu sendo bat eraikitzeko, gure nortasuna errespetatzen duena eta kirol arloan anbizio handikoa dena». Halaber, «futbol mailaz harago», talde teknikoa osatzen dutenen «konpromisoa» nabarmendu du.
Partidarako sarrerak bihar jarriko dituzte salgai, goizeko hamarretatik aurrera. Euskadiko Futbol Federazioaren webgunean erosi ahalko dira: www.euskadifutbol.eus. Sarrera bakoitza eserleku jakin baterako izango da, eta prezioa 20,5 eta 31,5 euro artekoa izango da. Irabazi guztiak Palestinaren alde aritzen diren erakundeentzat izango dira.
Ez da neurketa soil bat izango. Halaxe esan zuen Jibril Rajub Palestinako Futbol Federazioko lehendakariak: «Oroimenaren gune sakratu honetan hartzen du futbolak bere esanahirik handiena. Hau ez da trebetasun erakustaldi hutsa, futbolaren botere moralaren erakusgarria baizik». Bada, keinu solidario gehiago ere izango dira: Gure Esku, Gu Ere Bai eta Gernika-Palestina Deialdi Herritarra plataformek elkartasun martxarako deia egin dute, Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa Stop lelopean. Bilboko Arriaga plazatik abiatuko da martxa, 17:30ean, eta San Mameseko Zabaldegian amaituko da.Â