Jibril Rajub: «Giza duintasunak oraindik ere defendatzaileak dituela gogorarazi digu euskal selekzioak»

Euskal selekzioak eta Palestinakoak azaroaren 15ean San Mamesen jokatuko duten partida historiaren zelaigunean kokatu dute antolatzaileek. Karga emozional eta politiko handiko aurkezpena egin dute Gernika-Lumon.

Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partidaren aurkezpena, gaur, Gernika-Lumon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal selekzioaren eta Palestinaren arteko partidaren aurkezpena, gaur, Gernika-Lumon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Inigo Astiz
Gernika-Lumo
2025eko urriaren 4a
14:57
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Oroimenaren gune sakratu honetan hartzen du futbolak bere esanahirik handiena. Hau ez da trebetasun erakustaldi hutsa, futbolaren botere moralaren erakusgarria baizik». Jibril Rajub Palestinako Futbol Federazioko lehendakariak historiaren eta gizatasunaren zelaigunean kokatu du euskal selekzioak eta Palestinakoak azaroaren 15ean San Mamesen jokatuko duten futbol partida solidarioa. «Adierazi diguzue Palestina ez dagoela bakarrik, erakutsi diguzue giza duintasunak oraindik badituela defendatzaileak, eta horrek esperantza pizten digu». Gogoratu duenez, Europako selekzio baten aurka jokatzen duten lehen partida izango da Bilbokoa, eta, horregatik, historikotzat jo du topaketa: «Partida honi esker futbolaren munduko erakunde nagusietako korridore isilek oroitu dezatela izugarrikeriaren aurrean ezin dela neutrala izan. Gernikako hondakinen artetik Gazako hondakinen artera, mezua bakarra da: sekula ez gehiago. Eta, oraingoan, oinetan baloi bat dugula zabalduko dugu mezu hori».

Duela egun batzuk eman zuten norgehiagokari buruzko albistea, eta gaur egin dute aurkezpen ofiziala, Gernika-Lumoko Bakearen museoan (Bizkaia), atzealdean Pablo Picassoren Gernika koadro ezagunaren erreplika bat zutela. Rajub ez ezik, bertan izan dira Susan Shalabi Palestinako Futbol Federazioko lehendakariordea, Iker Goñi Euskal Futbol Federazioko lehendakaria, Palestinako selekzioan jokatzen duen Yaser Hamed jokalari bizkaitarra, bai eta Jose Mari Gorroño Gernikako alkatea ere. Protokolo hotzetik urrun, karga emozional eta politiko handikoa izan da aurkezpena, eta behin baino gehiagotan eten behar izan dute jarduna hizlariek ere, hunkituta eta ahotsa urratzear.

Partidak jakin-min handia piztu du, baina antolatzaileek gogoratu dute oraindik ezin dela sarrerarik eskuratu. Partida baino hilabete lehenago jarri nahi dituzte salgai, federazioaren webgunean.

«Gernikako hondakinen artetik Gazako hondakinen artera, mezua bakarra da: sekula ez gehiago. Eta, oraingoan, oinetan baloi bat dugula zabalduko dugu mezu hori»

JIBRIL RAJUB Palestinako Futbol Federazioko presidentea

Irabazi guztiak Palestinaren alde aritzen diren erakundeentzat izango direla zehaztu du Euskadiko Futbol Federazioko lehendakariak. Goñi: «Palestinako herria oso une larrian dago, eta futbolak zubiak eraikitzeko ahalmena duela adierazi nahi dugu. Herriek bakean eta askatasunean bizitzeko eskubidea dutela gogoraraz dezake». Eta Euskal Herriaren historian topatu du azaroaren 15eko partidaren garrantzi historikoa adierazteko ispilua. «Ezinezkoa da ez gogoratzea Jose Antonio Agirre lehendakariarekin eta bizirauteko borrokan ari zen herriaren alde dirua biltzeko nazioartera jo zuen euskal selekzioarekin. Egoera honetan, eta antzekotasunak kontuan hartuta, 90 urteren ostean, bueltako partida jokatuko balitz bezala da hau».

Zigor eskariak

Ahotsa ia urratzear izan du behin baino gehiagotan Goñik ere, eta hala gogoratu ditu Francesca Albanese Nazio Batuen Erakundeko Palestinari buruzko kontalari bereziak Gazako suntsipenari buruz emandako datuak ere. Israelek erasoaldia hasi zuenetik, duela bi urte, 66.000 palestinar hil ditu. «Urtebetean 340 Gernika suntsitzearen pareko zerbait litzateke hori. Ez genuke ez ikusiarena egin behar, eta ezin dugu egin».

«Palestinako herria oso une larrian dago, eta futbolak zubiak eraikitzeko ahalmena duela adierazi nahi dugu»

IKER GOÑI Euskal Futbol Federazioko presidentea

Israelek erasoak hasi zituenetik duten egoera izan du gogoan Palestinako Futbol Federazioko lehendakariak. Rajub: «Azken bi urteetan ez dugu ligarik izan; ehunka jokalari galdu ditugu. Suleiman Ahmed Zaid al-Obaid zen gure taldeko kapitaina, eta hil egin zuten, etxe ondoan, amerikar erakunde baten eskutik janaria jasotzen ari zela, eta beste batzuk hondakinen azpian daude. 289 azpiegitura suntsitu dituzte, eta kontzentrazio esparrutzat erabili dituzte haietako batzuk».

Rajubek gogoratu duenez, 34 urte bete zituenerako Israelgo espetxeetan emanak zituen hamazazpi. Baikor azaldu da, halere, Palestinaren aurkako erasoak eteteko aukerari buruzko azken albisteen harira, baina, haren ustez, autodeterminaziorako eskubidea da bake egonkor eta iraunkor baterako ezinbesteko baldintza. Israelgo egungo gobernua «faxista» dela esan du Palestinako Futbol Federazioko lehendakariak, eta kirolaren esparruan ere haren aurkako erantzun sendoagoa behar lukeela adierazi du. «Israelek ezin du jarraitu egiten ari dena egiten eta era berean futbolean jokatzeko aukera izaten. Ezinbestekoa da zigorrak ezartzea. Hori ezartzen dute FIFAko estatutuek eta oinarri olinpiarrek ere. Halako erabakiak hartzeko neurriak berbera izan behar luke guztientzat». 

«Bi selekzioetan parte hartu dut, eta San Mamesen jokatzea, helburu horrekin, zoragarria eta ahaztezina izango da»

YASER HAMED Palestinako selekzioko euskal jokalaria

Leioan (Bizkaia) jaiotakoa da Yaser Hamed, eta, gaur egun Jamal anaiarekin batera Qatarko Al-Gharafa taldean jokatzen duen arren, euskal selekzioarekin ere aritu izan da aurrez. Horregatik, azaroaren 15ekoa beretzat berezia izango dela nabarmendu du jokalariak. «Bi selekzioetan parte hartu dut, eta San Mamesen jokatzea, helburu horrekin, zoragarria eta ahaztezina izango da. Nire bizitzako oroitzapenik indartsuenetako bat izango da». Gazan goseak direnak ere izan ditu gogoan, bai eta han hildakoak ere —«haien artean baita nire senide batzuk ere»—, eta San Mames beteta ikusteko esperantza azaldu du. «Palestinar guztien izenean eskerrak eman nahi dizkiot Euskal Herriari».

'euskal herria palestinarekin' elastiko solidarioa salduko du berria dendak

Sinbolismo handia izango du euskal selekzioak eta Palestinakoak azaroaren 15ean Bilbon jokatuko duen partidak, eta elkartasun keinu bat adostu dute Euskal Futbol Federakundeak ta BERRIAk. Elastiko solidario bat sortu dute elkarlanean. Palestinako banderaren koloreak eta Euskal selekzioarenak uztartuko ditu, eta, Euskadiko Futbol Federakundearen logotipoaz gainera, lelo nagusi bat izango du aurrealdean: «Euskal Herria Palestinarekin». 20 euroan egongo da salgai BERRIA dendan, eta irabazi guztiak Palestinako herriaren alde bideratuko dira.

Euskal Selekzioa Kamiseta aurrea (2) (2)
'Euskal Herria Palestinarekin' elastiko solidarioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.