Itzuli da Jagoba Arrasate, eta itzuli dira garaipenak Sadarrera. Osasunak hilabete eta erdi zeraman partidarik irabazi gabe, eta gaur, aspaldiko partez, hiru puntuak ospatu ahal izan dituzte zaleek. Ospakizunetan nabaritu da gaurko hiru puntuek sekulako garrantzia zutela; ez zen partida bat gehiago.
Asteon, sarritan aipatu da Arrasate sinbolo bat dela Osasunarentzat, baina bada ia haren parekoa den beste bat: Ante Budimir. Berriatuako prestatzailearen aro berriko lehen golegilea. Nor bestela. Belocianek, bosgarren minutuan, penaltia egin dio kroaziarrari, eta aurrelariak berak bidali du baloia sarera.
Lehen zatian itxura ona eman du Osasunak. Presioa aurreko partidetan baino biziagoa izan da, eta ia uneoro kontrolpean izan du lehia. Dubasinek izan du bigarren sartzeko abagune on bat ere, baina bikain erantzun du Julen Agirrezabala atezainak.Â

Bigarren zatian gogotsu zelairatu da Racing, baina gol aukera argienak etxeko taldeak izan ditu: Ruben Garciaren jaurtiketa indartsu bat eta Budimirren kontraeraso bat, besteak beste. Minutuek aurrera egin ahala, geldotu egin da jokoa. Osasuna eroso zebilela zirudien, baina errenta txikia zen, eta Racingek edozein unetan berdindu zezakeen partida.
Azkenean, Osanbela izan da garaipena ziurtatu duena, Argibideren jokaldi eder bat baliatuta. 87. minutua zen jada, eta Racingek amore ematea beste aukerarik ez zuen ordurako.
Gaurko garaipenari esker, Osasuna bederatzigarren da sailkapen nagusian, 11 punturekin.