Askatu da korapiloa. Erik Jaka eta Martxel Iztueta Binakako Txapelketako finalerdietarako sailkatu dira, eta, beraz, jada zehaztu da zer bikotek jokatuko duten finalaurrekoetako ligaxkan: Unai Laso eta Jon Ander Albisu, Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta, Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia, eta gaurko garaileak, Jaka eta Iztueta. Javier Zabalari eta Julen Martijari 22-10 irabazi diete gaurko kanporaketan, Arrasateko Uarkape frontoian (Gipuzkoa).
Lizartzako aurrelariak ikusgarri jokatu du. 22 tantoetatik hamasei hark egin ditu, hamahiru airez, eta haren lanak asko erraztu do bikoteari garaipenerako bidea. Iztueta ere sendo aritu da: lau tanto egin ditu, eta huts bat bera ere ez.
Zabala eta Martija ondo hasi dira, 7-9 aurretik ziren markagailuan, baina 13-0eko partzial batek erabakita utzi du partida (20-9).
Aspeko bikoteak, beraz, amaitua du txapelketa. Aspek eta Baikok bina bikote izango dituzte ligaxkan.