Futbola

Javi Lergak utzi egin dio Athleticeko entrenatzaile izateari

Entrenatzaile nafarrak denboraldi bat egin du talde zuri-gorria zuzentzen, baina emaitzak ez dira esperotakoak izan, eta klubak ez dio kontratua berritu.

Javi Lerga. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javi Lerga, Maite Zubietarekin hizketan, partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko ekainaren 10a
13:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zerbait dakigunean, jakinaraziko dugu». Horixe esan zuen atzo Jon Uriarte Athleticeko presidenteak kazetariek Javi Lerga talde zuri-gorriko entrenatzailearen inguruan galdetu ziotenean. Bada, klubak gaur bertan jakinarazi du teknikari nafarrak ez duela jarraituko Athletic entrenatzen. Lerga iaz iritsi zen klubera, denboraldi baterako kontratua adostu eta gero. Ekainaren 30ean bukatuko zitzaion kontratu hori, baina klubak erabaki du hitzarmen hori ez berritzea. 

Beraz, gizonezkoen taldeak bezala, emakumezkoenak ere entrenatzaile berria izango du datorren denboraldian. Edin Terzicek ordezkatuko du Ernesto Valverde gizonezkoen taldean. Emakumezkoen taldean, ordea, argitzeko dago zeinek ordezkatuko duen Lerga. Uriartek eta Mikel Gonzalez futbol arduradunak erabakiko dute hori.

Ez da ezustekoa Lergak ez jarraitzea. Atzo Uriartek esan zuen bi talde nagusiek egindako denboraldia «etsigarria» izan zela. Hain zuzen, zera esan zuen Lergak entrenatutako taldeari buruz: «Talde gaztea izan arren, behetik goranzko bide batean gentozen, baina bere horretan geratu gara. Zazpigarren amaitu dugu liga, eta espero genuen hobeto ibiliko ginela. Diru asko inbertitzen ari gara, eta emaitzak ez dira nahi bezalakoak izan».

Uriartek esan bezala, Athleticek zazpigarren postuan bukatu du liga. 44 puntu lortu ditu 30 partidatan: hamabi irabazi ditu, zortzi berdindu eta hamar galdu. Hark sartu dituenak baino gol gehiago sartu dizkiote: 35 sartu ditu, eta 44 sartu dizkiote. Espainiako Kopan, berriz, final-laurdenetara iritsi zen, eta kanporaketa horretan Atletico Madrilek nagusitasunez irabazi zion: 4-1. Espainiako Superkopan ere aritu zen, eta galdu egin zuen Bartzelonaren aurka finalerdietan: 3-1. Guztira, Lergak 33 partidatan zuzendu du Athletic: hamahiru irabazi ditu taldeak, zortzi berdindu eta hamabi galdu. 

Athleticek eskerrak eman dizkio Lergari klubean egon den denboraldian erakutsi duen profesionaltasunagatik eta egunero egin duen ahaleginagatik, eta onena opatu dio. Horren harira, klubak nabarmendu egin du haren esanetara sei jokalarik jokatu dutela lehen aldiz talde nagusiarekin: Eider Aranak, Elene Gurtubaik, Nerea Benitok, Oihana Agirregomezkortak, Ane Bordagaraik eta Irati Alfarok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE