Inaxio Kortabarria. Realeko jokalari ohia

«Joan diren jokalarien parekoak fitxatu ez izana da arazoa»

Historiako Realik oneneko kapitain izandakoak ez du zalantzarik: «Udako planifikazioaren erruz» dago gaizki taldea. Uste du onena dela sasoia ahalik eta azkarren amaitzea eta taldea aldatzea.

jon eskudero
Donostia
2015eko martxoaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Realari estuki lotutako bizimodua darama Inaxio Kortabarriak (Arrasate, Gipuzkoa, 1950). «Ezingo nintzateke Realik gabe bizi. Pentsa, egunero pasatzen naiz Anoeta albotik paseoan», aitortu du. Hamalau denboraldi egin zituen Donostiako taldean, eta 22 gol sartu. Besteak beste, historiako Realik oneneko kapitaina izan zen, eta birritan ligako titulua altxatzeko ohorea izan zuen, 1981ean eta 1982an, hurrenez hurren. Horrez gain, Espainiako Superkopako finalerdia ere jokatu zuen. «Haiek bai garaiak!». Haren izena ere beste arrazoi batzuengatik ere egin zen ezagun. Batetik, 1976ko abenduaren 5ean Realak eta Athleticek Atotxa zaharrean jokatu zuten derbian ikurrina zelairatu zutelako berak eta Jose Angel Iribarrek, artean debekaturik zegoela. Eta, bestetik, Espainiako selekzioari uko egin ziolako. «Ondo barruan ditut kontu horiek, baina ez ditut gogora ekarri nahi».

Zer-nolako bizimodua darama Inaxio Kortabarriak?

Bizimodu lasaia, esango nuke. Goizean goiz jaiki, eta pare bat egunkari irakurtzea gustatzen zait. Ondoren paseo bat ematen dut, eta gero bazkaldu. Paseoan nabilen bitartean jendearekin hitz egiteak lasaitu eta alaitu egiten nau. Estresak jota, behintzat. ez dut uste hilko naizenik. Oraindik ere sasoiko nago, eta luzaro Donostiaz eta Realaz gozatuko dut.

Paseoan zabiltzanean jendeak ezagutzen al zaitu?

Nire adin ingurukoek bai, baina gazteek apenas ezagutzen nauten. Beti esan ohi da futbolean momentuak balio duela, eta horrek argi adierazten du. Guk historiako Realik onena osatu genuen, eta orduko bizipenak beti eramango ditugu barruan, baina Realeko zale gazteek ez gaituzte ezagutzen. Garai hartako kontuez hizketan hasten garenean gozatu egiten dut. Donostiako jendeak maite nauela sentitzen dut.

Eta zuk ere maite duzu Reala.

Izugarri, gainera. Beti egongo da nire bihotzean. Realaren lehen taldera igo aurretik bigarren taldean aritu nintzen, eta ondoren egin nuen debuta. Hamalau denboraldiz jokatu nuen, eta ondoren harrobian entrenatzaile ere aritu nintzen. Lan horiek utzi nituen, bai, baina Realari gertutik kasu egiten diot. Nire bizitzako ilusioetako bat da. Anoeta estadioaren alboan bizi naiz, eta partida guztiak ikustera joaten naiz. Ezingo nintzateke bizi bestela.

Espanyolen aurkako partidan ere han zinen, beraz. Zer iruditu zitzaizun partida?

Beldurrak airean joan nintzen, galduz gero amildegiaren ertzean geratuko ginelako. Hiru puntuak lortzea zen garrantzitsuena, eta helburua bete zuten jokalariek. Hori bai, ezer distiratsurik egin gabe. Espanyolek berak ere opari dezente egin zituen. Golean bertan, horietako bat. Denboraldi txarra izaten ari da Realarentzat, eta onena behar bezainbeste puntu batu eta bukatzea izango da. Dezente ari gara sufritzen.

Zure ustez, zer gertatzen zaio Realari?

Arazoa zein den gauza jakina da. Nik hala uste dut, behintzat. Denbora gutxian jokalari asko galdu ditu taldeak: Ilarramendi, Griezmann eta Bravo, esaterako, eta ez du fitxatzen jakin izan. Begira, iragan denboraldiko martxoaren erdialdean hemezortzi gol zituen sartuak Griezmannek, eta orain gol horiek falta dira. Golek puntuak ematen dizkiote taldeari, puntuek konfiantza eta konfiantzak jokoa. Batak bestea ekartzen du. Jagoba Arrasateren eskutik aurreko sasoia oso ona izan zen, baina oraingo honetan oker doaz kontuak.

Hutsegitea udako planifikazioan egon zen?

Hutsegiterik larriena bai. Badakit jokalariak intentzio onez fitxatuak izan zirela, eta, adibidez, Finbogassonek oso jokalari ona zirudiela. Baina ez da ezertan asmatzen ari, eta gainerako fitxatuek ere ezer gutxi eman diote Realari. Taldeak baloia berreskuratzen duenean ezin du beste areara iritsi. Ez dauka horretarako gaitasunik. Horregatik, defentsaren lana askoz handiagoa izaten ari da, eta beraren gabeziak bistaratzea normala da. Defentsan baino gehiago, zelai erdian eta aurrean dauka arazoa Realak.

Realeko entrenatzaile bazina, zer egingo zenuke une honetan?

Ahal den moduan denboraldi bukaerara iritsi, eta udan taldea goitik behera aldatu. Realak beti funtzionatu izan du harrobiari esker, eta gero jakin izan du bizpahiru jokalari on fitxatzen. Uste dut oinarri hori apur bat galduta duela, eta berreskuratu beharrean dela. Egungo Reala oso ahula da fisikoki, ez daki kontrarioei kosk egiten; talde indartsuago bat osatu beharra dago.

Jokalariek kasta falta al dute?

Ez dut hori esan nahi. Gainera, jokalari asko gure eskuetatik pasatutakoak dira. Ni entrenatzaile nintzenean saiatzen nintzen gazteei lehiatzen erakusten, lehia oso gogorra baita. Eta, Realak, ez daki lehiatzen. Entrenatzailea izan Arrasate edo izan David Moyes, berdintsu da. Jokalariek egin behar dute pauso bat gora. Ea Carlos Vela ere azkar itzultzen den.

Zuen taldeak izan zuen kasta berreskuratzea zaila izango da, ezta?

Garai haietara itzultzea ezinezkoa da. Jokalari on asko elkarrekin topatu ginen, eta talde on bat osatu genuen. Ezeren gainetik, kasta geneukan, eta gaur egun horren falta sumatzen dut apur bat. Halere, futbola izugarri aldatu da. Orain, jokalari guztiak azkarrak dira, espazio gutxiago uzten dute aurkariek, eta talde guztiak daude ongi antolatuta. Gure garaian, errazagoa zen futbolean jokatzea. Historiatik bizitzea, halere, ezinezkoa da, eta Realak orainari eta etorkizunari begiratu behar dio. Zubietari begira jarrita, baikorra naiz.

Nolako Reala nahi zenuke etorkizunean?

Etxeko jokalariek osatua eta fitxatu pare bat edo beste dituena. Bartzelona, Real Madril eta halako talde handien aurka lehiatzea ia ezinezkoa da, baina etxean gauzak ondo egitea da garrantzitsuena. Aurten denboraldi traketsa tokatu zaigu, baina gauzak txukun egiten ari da zuzendaritza, eta etorriko dira garai hobeak.

Zu, betiere, zale sutsu izango zara aurrerantzean ere. 

Horretan ez dago dudarik. Guk asko eskertzen genuen zaleen babesa, eta orain harmailetan egotea tokatzen zaigu. Realak hainbeste merezi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.