Nerea Eizagirre. Realeko jokalaria

«Joanez gero, beste liga bat probatzea gustatuko litzaidake»

Eizagirrek onartu du taldeak ez duela lortu aurreko denboraldian bezain sendoa izatea. Nabarmendu du «proiektu on eta sendo bat» nahi duela Realean segitzeko, eta hitz egiten ari direla oraindik ere.

GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
Zubieta
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Zelaian argia eta zuzena da Nerea Eizagirre Realeko kapitaina (Tolosa, Gipuzkoa, 2000). Halakoa da hitz egiten duenean ere. Ez da unerik gozoena elkarrizketa bat emateko, taldearen egoera ez baita onena. Gainera, ekainean kontratua amaituko du, eta oraindik ez dago argi haren etorkizuna. Baina gai eta galdera bakar bati ere ez dio izkin egin.

Azken partida 0-3 galdu zenuten Sevillaren kontra. Kolpe gogorra, ezta?

Bai. Lehen zatian nahiko ondo aritu ginen, eta aukerak izan genituen gola sartzeko. Baina ez genuen asmatu. Denboraldi honetan hori ari zaigu gertatzen. Defentsan, gainera, bigun aritu ginen. Taldeak indarra behar du, energia positibo hori falta zaigu. Ea bi aste hauetan berreskuratzen dugun, eta geratzen diren partidetan ondo aritzen garen. Izan ere, zelaian gertatzen diren gauza askok zerikusia dute energia horrekin.

Aldagelara iristean nola zegoen multzoa?

Isiltasun asko zegoen, eta multzoa burumakur zegoen. Taldeari ez zaio galtzea gustatzen, are gutxiago Sevillaren aurka galdu genuen moduan. Ezin izan genuen gure jokatzeko identitatea erakutsi.

Kapitaina izanda, taldekideei zerbait esan al zenien? Edo halakoetan hobe izaten da egun batzuk itxarotea?

Egokiena egun batzuk itxarotea da. Bakoitzak bere momentua behar du gertatutakoa barneratzeko eta autokritika egiteko. Niri ere kosta egiten zait galdu egin dugula barneratzea, gure identitatea erakutsi gabe, gainera.

Porroten ostean lo egitea kostatzen zaien horietakoa zara?

Denboraldia gogorra izaten ari da alde horretatik. Egunerokoan oso ondo ari gara lanean, eta gero kolpea da hiru puntuak ez lortzea. Bueltak ematen dizkiozu egoerari.

Zer ari zaizue gertatzen emaitza onak ez lortzeko?

Nik uste dut ez dugula lortu aurreko sasoian izan ginen talde sendoa izatea. Aurreko denboraldian, ondo jokatu ez arren, irabazi egiten genituen partidak. Gol aukera gehienak sartu egin genituen, eta sendo aritu ginen defentsan. Gainera, atzetik egon arren, buelta eman genien partida askori. Denboraldi honetan, berriz, esan bezala, ez gara asmatzen ari aurkariaren ate aurrean. Gola sartzen digutenean, gainera, energia eta konfiantza faltatzen ari zaizkigu aurrera egiteko. Jokatzeko era berdina da, baina bi areatan sendoago eta eraginkorrago aritzea falta zaigu.

Zuen entrenatzaileak, Natalia Arroyok, denboraldi honetan behin baino gehiagotan aipatu du emaitzek ez dizuetela uzten ondo egiten ari zareten gauzak ikusten. Bat zatoz ikuspuntu horrekin?

Bai, eta hori esaten duenean, neure burua identifikatzen dut. Asteburuan hiru puntuak lortzeko eta gure onena emateko entrenatzen dugu egunero, eta lortzen ez duzunean zaila da konfiantza izatea eta partidetan egiten dituzun gauza on horiek ikustea. Denboraldi honetan askotan erakutsi behar izan dizkidate bideoak, irabazi ez arren, ondo egin ditudan gauzak ikusteko.

Aurreko sasoian bigarren geratu ostean, presio handiagoa antzeman duzue?

Aurreko denboraldia izugarria izan zen, historikoa. Baina ahaztu egin behar dugu zertxobait. Liga honetan Bartzelona da talderik indartsuena, eta denboraldi guztietan ari da erakusten. Real Madril ere talde oso sendoa da. Gero beti agertzen da hirugarren talde sendo bat. Bere garaian Atletico Madril izan zen, aurreko denboraldian gu, honetan Levante... Guk, sailkapenetik harago, lortu behar duguna da proiektua sendotzen eta finkatzen jarraitzea, denboraldi guztietan lehen lauren artean geratzeko. Anbizio hori izan behar dugu.

Aurreko denboraldikoa lortzeko, lan fisiko eta psikologiko handia egin behar izan zenuten. Denboraldiaurre honetan taldekide asko izan ziren kanpoan; eta, gainera, hasi eta berehala izan zenuten Txapeldunen Ligako atariko kanporaketa. Hori guztia ari zarete ordaintzen?

Argi dago denboraldi hasiera gogorra izan zela. Jokalari oso onak ditugu, eta normala da selekzioekin joatea. Baina ondorioa izan zen ia ez genuela denboraldiaurrerik egin elkarrekin, eta, nahiz eta elkar ondo ezagutu, antzeman egin zen. Txapeldunen Ligako partida hain gertu izateak ere min egin zigun. Izan ere, Anoetan oso partida ona jokatu arren, hango partida oso gogorra izan zen, eta bagenuen aurrera egiteko presio hori. Urtarrilean ere egutegi oso betea izan dugu. Energia eta konfiantza hori falta izan zaizkigu. Beharbada, aurreko denboraldian bigarren geratu ostean ere, multzoak luzeagoa izan behar zuen.

Nola eman buelta egoerari? Izan ere, oraindik otsaila da, eta maiatzean amaituko da denboraldia.

Batuta egonda eta bakoitzak bere onena emanda. Hori lortuz gero, hobera egingo dugu.

Aurreko partida amaitu ostean, besarkada bat eman zenioten elkarri Arroyok eta zuk. Nola ari zara ikusten teknikaria? Asko hitz egiten duzu harekin?

Asko hitz egin da gure harremanaz. Batzuek diote harreman ona dugula, beste batzuek txarra... Baina errealitatea da harreman oso ona dugula, eta, kapitain eta entrenatzaile garen aldetik, batuta gaudela. Iritsi zenetik erabateko konfiantza eman zidan, eta asko lagundu dit. Harentzat ere urtea gogorra izaten ari da. Izan ere, asko sinesten du eguneroko lanean, une oro transmititzen digu hori. Emaitzak lortzen ez direnean, ordea, kosta egiten da hori sinetsarazten.

Sare sozialetan zabaltzen diren berri, iruzkin eta abarrekin giroa txartzeko arriskua ikusten duzu?

Nik uste dut bakoitzak nahi duen pisua eta garrantzia ematen diela halakoei, eta, oro har, sare sozialei. Azkenaldian gauza asko bizi izan ditut arlo horretan, eta patxadaz hartzen ditut. Ikusten dudan arrisku bakarra da jokalari askok amaituko dugula kontratua. Bakoitzak erabaki beharko du non egon nahi duen eta zer komeni zaion. Alde horretatik, hurrengo hilabeteak mugituak izango dira. Baina eguneroko lanean eta gure onena emateko ahaleginean jarri behar dugu arreta.

Hamalau jokalarik amaituko duzue kontratua. Duela gutxi esan zenuen, gainetik bada ere, hasiak zinetela kluba eta zu kontratu berritzearen inguruan hitz egiten. Bestelako urratsik egin duzue azken asteetan? Nola dago egoera?

Hitz egiten ari gara oraindik ere. Zaila da egoera. Oso jokalari anbiziotsua naiz, nagoen lekuan nigan konfiantza izatea nahi izaten dut, eta, beste aldetik, apustu bat ikustea ere bai. Gustatuko litzaidakeena da proiektu sendo eta on bat izatea mahai gainean. Izan ere, ekonomikoki hitz egiten hasi beharko bagenu, aukera potenteak daude, eta, horretan sartu beharko bagenu, pixka bat zailagoa izango litzateke.

Zertaz ari zara proiektu sendo eta on batez ari zarenean?

Multzo lehiakor batez. Esan bezala, jokalari askok amaituko dugu kontratua; horietako asko garrantzitsuak dira taldearentzat: Gemma [Gili], Iris [Arnaiz], Gaby [Garcia], Manu [Vanegas], Ana [Tejada]... Niretzat, gainera, oso pertsona inportanteak dira, harreman estua dut haiekin. Oraingoz, berritzerik ez dago. Denboraldi guztietan goiko postuetan egoteko borrokatuko den Real bat nahiko nuke.

Joanez gero, zerk erakartzen zaitu gehiago: Espainiako ligan segitzeak, edo beste liga bat probatzeak?

Beste liga bat probatzea gustatuko litzaidake. Hemen talderik indartsuena Bartzelona da. Baina jokalari on asko ditu, eta oso zaila da talde horretan jokatzea. Ingalaterrako ligak erakartzen nau gehien. Liga gogorra da, fisikoa. Une oro haztea dut buruan, eta alde horretatik erronka polita litzateke.

«Etxean bezala, inon ez» dio esaerak. Badira Reala utzi, beste talde batera joan, eta espero edo bilatzen zuten arrakasta edo hazkundea lortu ez duten jokalariak. Hori ere kontuan hartuko duzu erabakia hartzeko orduan?

Argi dago. Nik beti esan dut Realean gustura nagoela eta hemen egon nahiko nukeela beti. Nire etxeko taldea da. Hemen proiektu sendo eta ona bat edukiz gero, ez dut zalantzarik egingo. Oraindik gauza asko falta dira ixteko. Beraz, ikusiko dugu zer gertatzen den hurrengo hilabeteetan.

Zenbateko pisua izango du denboraldi honen bilakaerak zure erabakian?

Gutxi. Denek dakigu denboraldi batzuk onak direla eta beste batzuk txarrak.

Epe bat jarri diozu zeure buruari erabakia hartzeko?

Ez. Oraindik goiz da, eta bilera asko izango dira. Argi dagoena da kanpora joatea erabakitzen badut epea motzagoa izango dela.

Zer nota jarriko zenioke zure denboraldiari?

Nik uste golei dagokienez ez naizela hain erabakigarria izaten ari denboraldi honetan; bai, ordea, golen paseak emateko garaian. Uste dut hazkunde horretan nagoela.

Ammma zentrora ere joaten hasi zara, eguneroko prestakuntzari jarraipena emateko. Zer ematen dizu horrek?

Batez ere lesioak saihesteko lan bat egiten dut han. Iskioetatik asko sufritzen dut, eta hain egutegi betea izanda, lan hori funtsezkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.