Begi zuloak nabari ziren gaur goizean Realeko jokalarien aurpegian; hori, eguzkitako betaurrekorik ez zutenengan. Atsedenik hartzeko denborarik ere ez diete utzi, 11:00etan aireportura abiatu baitira. Aihen Muñoz izan da lehen jokalaria autobusera igotzen, eta aitortu du «momentuz lorik egin gabe» doala etxera, baina oraingoz ondo dagoela ere esan du. Oraindik garaipena mentalki bere egiteko prozesuan direla aipatu du. Hala ere, atzokoa «ikaragarria» izan zela onartu du.
Aihenen une berean atera da Pellegrino Matarazzo entrenatzailea, eta hark ere esan du ez duela nahikoa lorik egin. Jon Martin, Alex Remiro, Igor Zubeldia eta beste jokalari batzuk igaro eta gutxira pasatu da Aritz Elustondo, Beñat Turrientesekin batera, kopa eskuetan zuela. Autobusera igo aurretik, bertaratu diren zaleei eraman die kopa, eta altxatzen utzi die. Zubeldiarekin eta Mikel Oiartzabalekin batera kopa altxatzea «betiko buruan geldituko den zerbait» dela azaldu du.
Ikusi gehiago
Geroxeago atera da Pablo Marin, azken penaltia jaurti eta Realari Kopa eman ziona. Eta haren atzetik, Oiartzabal kapitaina, kafe bat eskuan. Galderarik erantzun ere ezin izan du egin eibartarrak, ahotsik gabe geratu baita.
Eta horren ostean atzoko partidako izarra irten da, Unai Marrero atezaina. Atzo bezain irribarretsu eta hunkituta jarraitzen zuen azpeitiarrak.
Herrietatik pasatuko dira
Oraindik guztiz garbi ez badago ere, Jokin Aperribai presidenteak adierazi du Gipuzkoara itzultzen direnean herrietatik pasatuta egingo dutela Hondarribiko aireportutik Zubietarako bidea. Tartean daude Irun, Oiartzun, Errenteria, Lezo, Pasaia eta Donostia, besteak beste. Hala ere, oraindik Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailarekin hitz egiten ari direla esan du presidenteak. 13:00ak pasata iritsiko dira Hondarribira, eta Donostian zehar Zurriolako pasealekutik eta Bulebarretik pasatuko dira, besteak beste.
Hala ere, ospakizun ofiziala bihar egingo dute, Donostian, eta espero da 100.000 pertsona baino gehiago bertaratzea.
Ikusi gehiago