Euskal Herrira ekarriko dute kopa, eta oraingoan bai, zaleekin ospatuko dute titulua. Realak penaltietan irabazi du Espainiako Kopako finala Atletico Madrilen aurka, eta festa lehertu da Sevillan; baita Gipuzkoako beste hainbat txokotan ere. Bina bukatu da arauzko denbora, eta penaltietan erabaki da finala. Unai Marrero atezaina, beste behin, erabakigarria izan da, lehen bi jaurtiketak geratu baititu. Taldeak konfiantza osoa du harengan, eta atezainak erakutsi du zergatik. «Oso pozik nago. Oraindik ez naiz honen esanahiaz jabetzen», esan du azpeitiarrak partida bukatutakoan. Azken penalti erabakigarria, berriz, Pablo Marinek sareratu du.Â
Nekez has zezakeen hobeto finala Realak. Halako partidetan oso garrantzitsuak dira zati bakoitzeko lehen eta azken minutuak. Bada, hamalaugarren segundoan sartu dute gola txuri-urdinek. Guedesek ezker hegaletik egindako erdiraketa sarera bota du Barrenetxeak, buruz, ahal zuen moduan errematatuta, eta Koparen historiako golik goiztiarrena sartu du. Harmailetan eztanda egin dute realzaleek. Ezin sinetsita zeuden asko: lehen jokaldia, eta gola.
Argi erakutsi du Realak ez ziola beldurrik Atletico Madrili, eta hozka egiteko prest zegoela. Hurrengo minutuetan, aurkariak erasora jo du, baina gehiegi sufritu gabe eutsi dio Realak. Gainera, baloia lortutakoan, pase gutxitan arriskua sortzeko gai ziren txuri-urdinak. Ez zegoen eroso Atletico Madril. Reala, berriz, bete-betean ari zen partidako plana betetzen.
Hala ere, donostiarrek aurkari indartsua zuten parean. Hamaseigarren minutuan, Barrenetxeak urrutitik egindako jaurtiketa Mussok geratu du, eta, segidan, Julian Alvarez atezainaren aurrean bakarrik geratzeko zorian izan da. Jon Martinek ondo jarraitu dio, eta lurrera bota da aurrelaria; ez da ezer egon. Hurrengo jokaldian, baina, Lookmanek area barruan hartu du baloia, eta ez du barkatu: sarera bota du baloia, Caleta-Carrek jaurtiketa egiten errazegi utzita. Hura ari zen izaten Atletico Madrileko jokalaririk arriskutsuena. Aramburuk sufritu egin du hura defenditzen. 19. minutuan lortu du Atleticok berdinketaren gola.
Kolpea hartu dute txuri-urdinek, baina lanean jarraitu dute. Parez pare aritu dira bi taldeak; hobeto Reala. 24. minutuan, Guedesek jaurtiketa indartsua egin du, eta gutxigatik joan da kanpora baloia, jokalari bat jo ostean. Baloia lapurtutakoan, bizi aritu dira txuri-urdinak, eta seinale ona zen hori. Aurkariak baino grina handiagoa erakutsi dute.
Geudesek asko hartu du parte jokoan, eta eskertu du taldeak. Izan ere, arriskua sortzeko eta aurkaria nahasteko abilezia du portugaldarrak. Beste arean, berriz, Lookman izan da gehien saiatu dena.
Ondo ari zen Reala, eta jaso du saria. Lehen zatiaren amaieran, Realaren aldeko penaltia adierazi du epaileak. Musso atezaina berandu ibili da, eta Guedes jo du. Oiartzabal kapitainak bota du penaltia, eta ez du huts egin: sarera bota du, atezaina engainatuta.Â
Primeran hasi eta bikain bukatu du lehen zatia Realak. «Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak» kantuan aritu dira harmailetan realzaleak. Gozatzen ari ziren.
Penaltietan, txapeldun
Zailena falta zitzaion Realari: markagailuari eustea. Ondo hasi du bigarren zatia ere, baina, apurka, geroz eta gehiago estutu du Atletico Madrilek. Zaila da final bat sufritu gabe irabaztea, eta jakin behar da aurkaria hobeto ari denean eusten ere.
Sendo jarri da atzean, aurkariari zirrikiturik utzi gabe. Ikusitakoak ikusita, aldaketak egin ditu Simeonek: Sorloth eta Nico Gonzalez zelairatu ditu 62. minutuan. Matarazzok ere gutxira mugitu du aulkia: Marin eta Gorrotxategi sartu ditu 68. minutuan, taldeari hauspoa eman nahian. Turrientesek eta Barrenetxeak utzi dute zelaia.
Erasora jo du Atletico Madrilek. Denboraldi honetan defentsan sendotasuna falta izan zaio Realari, baina finalean bikain aritu da. 78. minutuan, Mikel Oiartzabalek zelaia utzi du, eta txalo zaparrada ikaragarria jaso du kapitainak.
Konfiantzaz gainezka zeuden txuri-urdinak, eta nabari zen. Zaleek bultza egin dute, eta jokalariek, erantzun. Taldea azken txanpari aurre egiteko prest zegoen, baina orduantxe jaso du kolpea, 83. minutuan. Julian Alvarezek area barruan baloia hartu, eta jaurtiketa indartsua egin du sarera, geldiezina. Handik gutxira, esku-eskura izan du hirugarrena Baenak. Eta 91. minutuan ere, gola sartzekotan egon da Cardoso.
Maldan gora jarri zaio partida Realari. Nekatu samar egoteko itxura zuten, gainera, jokalari txuri-urdinek. Estutu egin du Atleticok. Hala ere, ez da gol gehiago izan arauzko denboran.
Arnasa hartu dute txuri-urdinek, eta luzapenerako prestatu. Piztu egin da berriro Reala, eta lehia estua izan dute bi taldeek. Oskarssonek aukera garbi-garbia izan du 97. minutuan, baina Mussok kornerrera urrundu du baloia. Eta 100. minutuan, erantzuna: Julian Alvarezek zutoina jo du. Luzapenaren bigarren zatian, tentuz aritu dira bi taldeak, asko baitzuten galtzeko. Azkenean, penaltietan erabaki da finala.
Konfiantzaz eta ilusioz gainezka zeuden txuri-urdinak, eta lortu dute helburua: kopa irabaztea. Bide ederra osatu du taldeak, eta ezin hobeto biribildu du. Gizonezkoen taldeak historian irabazi duen laugarren Espainiako Kopa da: aurrez, 1909an, 1987an eta 2021ean zuen lortua.
Partida hasi aurretik, Realeko zaleek Aitor Zabaletaren omenezko mosaikoa erakutsi dute. Ondoren, Espainiako ereserkiari ozen egin diote txistu realzaleek, ikurrinak eskuetan. Giroan eta zelaian txuri-urdinak izan dira irabazle.
Garaileen adierazpenak
Negar malkotan batzuk, algaratan besteak; hala pasatu ziren Realeko jokalari batzuk, Matarazzo, Jokin Aperribai presidentea eta Erik Bretos kirol zuzendaria kazetarien aurretik. Matarazzok adierazi zuen atzoko garaipena «hasiera besterik ez» dela sentitzen zuela, eta eskerrak eman ditu Realeko entrenatzailea izateagatik. Bretos zen zalantzarik gabe hunkituenetako bat. Bost urtean bi kopa irabaztea izugarria dela uste du, baina aurtengoa are bereziagoa dela uste du, zaleen aurrean egin ahal izan dutelako balentria.
Kirol zuzendariak adierazi zuen Matarazzo entrenatzaile izaten hasi zenetik aldaketa «oso handia» izan zela: «Ikustea besterik ez dago emaitzak eta taldearen jokoa nola doazen. Oso garai onean gaude, eta partida zailetan ere taldea zutik mantentzen da». Kopako ospakizunaren ostean ligan zentratuko direla esan zuen, hor ere badutelako helburu bat: Europako txapelketetarako sailkatzea.
Aperribaik adierazi zuen «tentsio handiko» partida izan zela, eta hura bukatuta tentsio hori bera askatzen ari zela; negarrari eusten saiatu zela azaldu zuen, baina ez zuen lortu. Marrero ere, gaueko heroia, oso hunkituta azaldu zen, oraindik kontua «asimilatu» gabe. «Hau ikaragarria da; ikaragarria. Txikitatik amestu dudan zerbait da: azpeitiarra naiz, Loiolakoa, realzalea txiki-txikitatik. Borrokatu egin naiz, baina bizitzak askotan horrelako erregaluak ematen dizkizu».Â
Atletico Madril-Reala
Atletico Madril. Musso; Molina (Cardoso, 78. min.), Pubill, Le Normand, Ruggeri (Nico Gonzalez, 62. min.); Giuliano (Baena, 70. min.), Koke, Marcos Llorente (Lenglet, 99. min.); Lookman (Sorloth, 62. min.), Julian Alvarez eta Griezmann (Almada, 70. min.).
Reala. Marrero; Aramburu (Aritz, 113. min.), Caleta-Car, Jon Martin, Sergio Gomez (Take Kubo, 88. min.); Turrientes (Gorrotxategi, 68. min.), Soler, Sucic; Barrenetxea (Marin, 68. min.), Guedes (Aihen Muñoz, 78. min.) eta Oiartzabal (Oskarsson, 78. min.).
Golak. 0-1: Barrenetxeak (1. min.); 1-1: Lookmanek (19. min.). 1-2: Oiartzabalek, penaltiz (46. min.). 2-2: Julian Alvarezek (83. min.).