Bera Berako entrenatzailea

Jon Begiristain: «Jokalariekin dudan tratua aldatu da: ezin naiz izan lehen bezain gertukoa»

Ez dago txapel bat irabaztea baino modu hoberik kirol proiektu bati ekiteko. Hori lortu nahi du Jon Begiristainek gaur, Espainiako Superkopan, Ro’Casaren aurka, Vigon (18:15, TDP).

Jon Begiristain. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jon Begiristain. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
Donostia
2026ko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bera Berak irabazitako garaikurren aurrean jartzeko esan dio argazkilariak Jon Begiristaini (Usurbil, Gipuzkoa, 1985). «Hau presioa», esan du umoretsu. Hark gaur irabaz dezake aurrenekoa lehen taldearen entrenatzaile denetik: Espainiako Superkopa.

Lehen partida ofiziala jokatzear zaudete. Nola zaude? 

Urduri nago. Badakit taldea prest dagoela. Behetik gora egin dugu denboraldiaurrean, baina ondo jokatu dugu partida guztietan. Oso gustura nago taldeak egin duen lanarekin. Baina txapel bat dago jokoan, eta horrek urduritasuna sorrarazten dit.

Ez dago txapel bat irabaztea baino modu hoberik kirol proiektu bati ekiteko.

Dudarik gabe. Hasi berritan titulu bat irabazteak sekulako segurtasuna ematen dizu zeure buruarengan, eta aldi berean, erraztu egiten dizu liga hastea.

Lehen partida ofiziala duzu Bera Berako lehen taldeko entrenatzaile gisa. Zer sentitzen duzu?

Ilusio itzela dut, baina badakit eguna gerturatu ahala gero eta urduriago egongo naizela, eta gau txarra pasatuko dudala partida jokatu aurretik. Baina gogo bizia dut neure burua horrelako partida batean ikusteko.

Nola zabiltza?

Oso gustura nabil. Aurreko denboraldian Imanolek [Alvarezek, aurreko entrenatzaileak] ezin zuenean taldea entrenatu, ni aritzen nintzen lan horretan, eta orduan bezala ari naiz orain. Badakit dena nire inguruan dabilela, baina oso gustura ari naiz.

Klubak duela urte erdi jakinarazi zuen zu ariko zinela Imanolen ordez. Horrek lagundu egin dizu aldaketa barneratzeko orduan?

Bai. Imanolek askotan esana zidan berak uzten zuenean ni izango nintzela hurrengo entrenatzailea. Hari hori entzuteak konfiantza handia ematen zidan. Oso argi dut: ardura hau eskaini badidate zerbait ondo egin dudalako da. Orain egin behar dudana konfiantza hau itzultzea da.

Zer pentsatzen zenuen Imanolek bere ordezkoa zu izango zinela esaten zizunean?

Barre egiten nuen. Txantxa genuen horren kontura: nik esaten nion lasai egoteko, oraindik urte batzuk geratzen zitzaizkiola.

«Horrelako aukera bat iristen zaizunean zera pentsatzen duzu: zerbait oso ondo egin dut edo une egokian toki egokian nago»

Oker zinen. Zer esan zenion Tati Garmendia kirol zuzendariari Imanolen tokia eskaini zizunean?

Baietz esan nion. Badakit ardura handia dela, baina gustu handiz onartu nuen.

Inoiz pentsatu zenuen ardura hau izango zenuenik?

Ez. Entrenatzen hasten zarenean ez diozu zeure buruari helburu jakinik jartzen, baina horrelako aukera bat iristen zaizunean zera pentsatzen duzu: zerbait oso ondo egin dut edo une egokian toki egokian nago. Sekulako aukera da hau. Espainiako Ligako talderik onenetako bat entrenatzen ari naiz. Bete-betean aprobetxatu nahi dut.

Hasi zara presioa sumatzen?

Ez. Norberak jartzen dio bere buruari presioa, eta ni beste talde batean banengo bezala nabil. Badakit ez duela garrantzi bera talde batekin edo beste batekin lortzen duzunak. Nik aukera honetaz ahalik eta gehien disfrutatu nahi dut. Horretan daukat arreta osoa.

Bigarren taldeko entrenatzaile ari zinen. Igarri duzu aldaketa?

Aldaketa nagusia da jokalariei argi utzi behar diezula zure hitza dela balio duena. Jada ez naiz gomendioak ematen zizkien bigarren entrenatzailea. Batez ere, jokalariekin dudan tratua aldatu da: saiatzen naiz gertukoa izaten, baina ezin naiz izan lehen bezain gertukoa. Hala ere, ez dut aldatu nire izaera lehen entrenatzailea izateagatik, eta jokalariek ikusi dute hori. Baina badakite orain lehen entrenatzailea naizela, igarri egiten diet hori hitz egiten diedanean.

Jokalari gehienak ezagutzen dituzu, eta haiek zu ezagutzen zaituzte. Ona edo txarra da hori?

Ona. Oso ondo ezagutzen dugu elkar: nik badakit nondik estutu ditzakedan, eta haiek badakite zeintzuk diren nire ahuluneak. Baina elkarri laguntzeko gaude. Haiek badakite lehen entrenatzailea izan arren laguntzeko nagoela, hori baita entrenatzailearen egitekoa: haiei irakastea eta bolada zailetan laguntzea.

«Badakit non nagoen, eta badakit titulu guztiak lortzeko borrokatu behar dugula. Baina talde hau hori egiteko gai da»

Jokoari dagokionez, Imanolek egiten zuenari segida ematea da asmoa?

Bai. Berdintsu jokatuko dugu: defentsan sendo aritu nahi dugu, eta erasoan bizi-bizi. Baliteke aldaketa txiki batzuk egitea posizioetan, baina eskubaloian dena dago asmatua, eta ez dugu bat-batean miraririk ikusiko.

Zer itxura hartzen diozu taldeari?

Talde oso polita dut. Lyndie [Tchapchet] joan da, eta Kelly etorri [Fonkeng]. Amandinek [Balzincek] esperientzia handia du. Marie Louisek, berriz, asko emango digu defentsan eta erasoan. Azkenik, Shunuk asko lagun diezaguke erasoan, baina oraindik egokitu beharra du. Horietaz gain, Sorak [Ishikawak] aurrerapausoa eman du. Elene Fresco, berriz, lehen taldera igo da.

Harrobiko jokalari gutxi egonkortu da taldean azkenaldian. Frescok itxura oso ona du: 19 urtez azpiko munduko txapeldun izan berri da Espainiarekin, eta txapelketako jokalaririk onena izendatu dute.

Hala da, eta nik argi utzi diot jada ez dela noizean behin lagundu gaitzakeen bigarren taldeko jokalari bat, eta aurrerapausoa eman behar duela. Denboraldiaurrean estutu egin dut, eta behin eta berriro esan ez duela baloia pasatu eta pasatu ibili behar, eta aurrerapausoa eman behar duela.

Zer itxura hartzen diozu ligari?

Aldaketa dezente egon dira, eta talde batzuk gora egin dute: adibidez, Elxek. Guri oso jokalari garrantzitsu bat joan zaigu, Lyndie, baina egin ditugun fitxaketei esker eutsi egin diogu mailari.

Ro’Casa izango duzue aurkari Superkopan. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Ondoen egokitzen denak aukera asko izango du. Finala partida bakarrean erabakitzen denean, edozer gerta daiteke, eta ezin zara fidatu denboraldiaurreko neurketez, horietan proba dezente egiten baitira. Nolanahi ere, Ro’Casa talde oso ona eta sendoa da.

Zer helburu dituzue Espainiako Ligan eta Europakoan?

Ligan ondo ibili behar dugu nahitaez; izan ere, huts egiten badugu, Europan jokatu gabe geratuko gara. Europako Ligari dagokionez, ikusteko dago zeinen aurka ariko garen atarikoan, non jokatuko dugun joanekoa eta itzulikoa, eta zer-nolako sasoia izango dugun. Baina, bi partida izanik, edonorekin borrokatu gaitezke. Ligaxkarako sailkatzea da helburua. 

Eta zuk zer helburu duzu?

Badakit non nagoen, eta badakit titulu guztiak lortzeko borrokatu behar dugula. Baina talde hau hori egiteko gai da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA