Jon Begiristainek zuzenduko du Bera Bera datorren denboralditik aurrera

Lehen taldeko bigarren entrenatzailea da egun, eta hiru urte daramatza Imanol Alvarezen laguntzaile. Bigarren taldea ere zuzentzen du, eta harrobiko koordinatzaile lanetan ere badabil. Bi urterako sinatu du.

Jon Begiristain bigarren taldea zuzentzen. BERA BERA
Jon Begiristain bigarren taldea zuzentzen. BERA BERA
ainara arratibel gascon
2026ko martxoaren 10a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Imanol Alvarezek badu ordezkoa Bera Beraren aulkian. Donostiako klubak etxeko entrenatzaile baten alde egin du: Jon Begiristainen alde. Begiristain Alvarezen laguntzailea da egun, eta hark zuzenduko du taldea datorren denboralditik aurrera. Bi denboraldirako kontratua sinatu du. Tati Garmendia kirol zuzendariak gaur eman dio erabakiaren berri taldeari, Gaskan, entrenamendua hasi aurretik.

Alvarezek iragan astean jakinarazi zuen sasoia amaitzean ez duela karguan jarraituko. Harrobian lan egin nahi du, eta ikusteko dago Bera Berako harrobian egingo duen lan. Begiristainek hiru denboraldi daramatza Alvarezen ondoan: 2023-2024ko denboralditik. Hiru liga, hiru Espainiako Kopa eta lau Superkopa irabazi ditu. Egun, lehen taldeko bigarren entrenatzailea izateaz gain, bigarren taldea zuzentzen du. Harrobiko koordinatzaile lanak ere egiten ditu. 

13 urterekin hasi zen eskubaloian jokatzen, eta 28 urte daramatza kirol horri lotuta. Jokalari ibilbidea amaitu ostean hasi zen entrenatzen. Besteak beste, Usurbilen, Bera Beran, Zarautzen eta Bidasoan izan da entrenatzaile. Kategoria askotan aritutakoa da: kadeteetan, jubeniletan, seniorretan...

Tati Garmendia ere ari da datorren denboraldirako jokalari multzoa zehazten. Besteak beste, atzo klubak jakinarazi zuen Elke Karstenek beste denboraldi batez jarraituko duela taldean. Duela gutxi berritu zuen kontratua Maitane Etxeberria kapitainak ere. 

Klubak, bestalde, jada jakinarazi du lau jokalarik ez dutela taldean jarraituko: Nicole Wigginsek, Eszter Ogonovskik, Laura Hernandezek eta Lyndie Tchapchetek. Bestalde, bi jokalari fitxatu ditu: Amandine Balzinc atezain frantziarra, Atletico Guardesetik, eta Melida Marie Louis ezker hegaleko frantziarra, Zonzamas Lanzarotetik. Louis, beraz, Donostiako taldera itzuliko da urtebeteren ostean. Horrez gain, bost jokalarik kontratua dute datorren denboraldirako: Carmen Arroyok, Elena Amoresek, Anne Erauskinek, Ester Somazak eta Sora Ishikawak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA