Jon Uriarte: hitz gutxi, baina lan eraginkorra

Lau urteko agintaldiaren azken partean sartu da, eta erronka zailak ditu. Oro har, lan distiratsua egiten ari da, kirol arloan ez ezik ekonomikoki ere jauzia egin baitu klubak. Ez du argitu berriz aurkeztuko den.

Jon Uriarte, prentsa agerraldi bat hasi aurretik. MONIKA DEL VALLE /  FOKU
Jon Uriarte, prentsa agerraldi bat hasi aurretik. MONIKA DEL VALLE / FOKU
jon eskudero
2025eko ekainaren 25a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Saskibaloi partida bat balitz bezala, Jon Uriarte buru duen zuzendaritzak agintaldiaren azken laurdenari ekin berri dio Athleticen presidentetzan. Hain justu, atzo bete ziren hiru urte Uriartek Athleticeko bazkideen babes sendoa eskuratu eta presidentetzari heldu ziola. Ricardo Barkala eta Iñaki Aretxabaleta beste bi hautagaien aldean, boto kopuru nabarmena eskuratu zuen Uriartek, eta, hasieran bazkiderik gazteenen konfiantza bazuen ere, denborarekin guzti-guztien errespetua bereganatu du. Kirol emaitza onak ez ezik, sendotasun ekonomikoa ekarri dio klubari, eta ilusioz begira daiteke epe hurbileko etorkizunera. Hiru urte hauetan itzal gutxi eta argialdi asko izan du bilbotarraren lanak, eta ikusteko dago laugarren urteak zer ekarriko dion.

Nico Williamsen etorkizuna

Oraingoz, isiltasuna nagusi

Momentuz, ez du zeregin faltarik presidenteak eta haren lantaldeak, pil-pilean baitago Nico Williamsen gaia. Zurrumurruak egunerokoak dira, joan den udan bezala, eta Athletic da kaltetu nagusia. Bartzelonako hainbat hedabidek ez ezik, Joan Laporta presidenteak ere aitortu du Nico Williams haien jokalaria izan daitekeela datorren sasoian. Horretarako badaki zer egin behar duen: hirurogei milioi euroko etete klausula ordaindu. Baita jokalariaren baiezkoa jaso ere. Dirurik ez du Kataluniako klubak. Horregatik, haren estrategia gaia nahaspilatzea da, eta lortzen ari da. Bilbon zalaparta da nagusi, eta ikusi besterik ez dago Barakaldon (Bizkaia) zer gertatu den. Horma irudi batetik Nicoren marrazkia ezabatu izana eztabaidagai bilakatu da.

Dena den, halako egoerak kudeatzen trebea da Athleticeko presidentea. Jendearen begiradetatik aparte mantendu ohi da, hitz gutxi esanez, eta oraindik ikusteko dago nork izango duen azken hitza. Kanpora begira jarri gabe, etxeko teilatupean badu lana Uriartek, eta Williams anaietan gazteenari kontratua luzatzea du helburu nagusia. Eskaintza mahai gainean du Nicok, eta, egoera gehiegi luzatzen utzi gabe, pausoa eman beharko du alde batera edo bestera. Kontratua berrituko balu, Uriartek bere agintaldiko lorpenik handiena izango luke.

Lider isila eta trebea

Jauzi ekonomiko nabarmena

Azala egina dauka Uriartek. Hiru urteok asko eman diote; gogoratu besterik ez dago hasiera zaila izan zuela. Inguruko hainbat komunikabidek haren kontrako kanpaina egin zuten, eta Carlos Aviñaren izena ezagun egin zen. Hasieran, mexikarra zen taldeko kirol zuzendari izatekoa, baina txio matxista batzuk topatu zizkioten sare sozialetan, eta Uriartek atzera egin zuen. Krisialdi hura gaindituta, hitzeman zuen Athletic modernoago, berritzaileago eta erakargarriago bat eraikiko zuela. Haize freskoa ekarri zion klubari, eta, hasiera hartan zalantzak nagusi baziren ere, orain gehienek arrazoi ematen diote.

Ezbairik gabe, hobea egin du Athletic, eta nabarmena izan da klubaren jauzi ekonomikoa. Aitor Elizegik gain behera utzi zuen kluba diru aldetik, eta Uriartek buelta eman dio horri. Hitz batean, egungo bizimodura ekarri du Athletic. Hori guztia, bere izaerari uko egin gabe. Isiltasuna du oinarri, eta distantzia jartzen du Athleticen inguru guztiarekin; prentsarekin, batez ere. Horixe du lan egiteko modua, eta ukaezina da ilusioa itzularazi duela San Mamesera.

Valverdek dakarkio oreka

Kirol emaitza bikainak

Izan ere, San Mames da ligan zelai bakarra %90etik gora bete ohi dena partida guztietan. Ilusioa nabarmena da, eta arduradun nagusiak izen-abizenak ditu: Ernesto Valverde. Uriarteren meritua izan da entrenatzaile gasteiztarraren aldeko apustu egin izana, eta handik aurrerakoak Valverdek lortu ditu. Azken bi sasoiak distiratsuak izan dira. XXI. mendeko talderik lehiakorrena osatu du Valverdek, eta erronka latza izango da irailetik aurrera Txapeldunen Ligan lehiatzea. Iaz Gabarrarekin bizi izandako uneak ere ahaztezinak izango dira luzaroan. Zelaitik kanpo ere, entrenatzaileak oreka ematen dio klubari, hitz gutxirekin asko esaten baitu. Gizonezkoen lehen taldeak ez ezik, emakumezkoenak ere gora egin du azken bizpahiru urtean. Bide berari eusteko, Uriartek asmatu egin beharko du entrenatzaile berriarekin.

Dudak, arlo sozialean

Herri Harmailaren krisia

Ziurrenik, arlo sozialean sortu du zalantza gehien Uriarteren lanak. Batzar bakar batean, bi ezezko jaso zituen iaz: kuoten prezioen berrikuspenagatik eta Athleticeko peñen lege berriagatik. Dena den, krisialdirik handiena Herri Harmailaren gaiak sortu dio. Iñigo Cabacas Herri Harmailak salatu zuen Ertzaintzaren aldetik jazarpena eta isunak jasotzen zituela, eta klubaren babesa nahi zuela. Klubak komunikatu batean plazaratu zuen Uriartek mehatxuak jasan zituela. Soka tenkaturik egon zen hainbat partidatan, eta San Mamesek irudi tristea eman zuen. Agerikoa izan zen jarraitzaileen arteko sakabanaketa. Ez dirudi gaia konponbidera heldu denik, eta presidenteak erronka izango du aurrera begira. Epe luzera begira, ez du argitu berriz aurkeztuko ote den presidente izateko edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.