Galtzak bete lan abiatu du Jon Uriartek bigarren zikloa Athleticen presidente karguan. Hauteskunde deialdira beste inor aurkeztu ez denez, Uriartek bigarren aroari ekin berri dio klubaren gidaritza lanetan, eta ez du erronkarik faltako. Orain arteko lau urteak oparoak izan dira, klubak ekonomikoki egonkortzea ez ezik 40 urteren ondoren titulu bat irabaztea ere lortu baitu: Espainiako Kopa. Horrez gain, San Mamesen inoizko jende gehien ibili da. Dena den, azken denboraldiak ilundu egin du orain arteko lana, eta egoera zail horri buelta ematea izango da Uriarteren zeregin nagusia.
Eden Terzic, hautagai nagusia
Kirol proiektu batek bi zutabe izan ohi ditu: kirol zuzendaria eta entrenatzailea. Bada, bi postu horiek zehaztu beharko ditu Uriartek luze jo gabe gizonezkoen lehen talderako. Lehenengoari dagokionez, badirudi Mikel Gonzalezek jarraitu egingo duela Lezama gidatzen. Athleticen aulkian eseriko dena, bestalde, Edin Terzic alemaniarra izango dela dirudi. Andoni Iraolaren izena ere aipatu du zuzendaritza batzordeak, eta, gainera, joan den astean ofizialki jakinarazi zuten usurbildarrak ez duela Bournemouthen jarraituko. Dena den, apustu nagusia Terzic izango dela dirudi, Borussia Dortmundeko entrenatzaile ohia. Futbol erasokorra eta intentsitate handikoa maite du 43 urteko alemaniarrak, eta Uriarte konbentzituta dago pertsona egokia dela Athletic zuzentzeko. Terzicek lan oso ona egin zuen Borussia Dormunden, besteak beste Txapeldunen Ligako finalean sartu baitzuen taldea. Harrobiaren alde egitea gustatzen zaio, baina bi urte daramatza inongo talderik zuzendu gabe, eta horrek sor dezake zalantza bakarra. Hori bai, gauza bat garbi dago: haize freskoa behar du taldeak.
Kontratu berritzeak: Yuri
Entrenatzailea nor izango den jakin ondoren, gizonezkoen lehen taldea egituratzea izango da presidentearen ardura nagusia, kirol arduradunekin batera. Entrenatzaile berri bat etortzeak jokalariak suspertuko lituzke, eta klubak erabaki beharko du nortzuk jarraituko duten taldean eta nortzuk ez. Esaterako, lehen zeregina Yuri Berchicheri kontratua berritzea izango da. Zarauztarra ezinbesteko pieza da Athleticen, eta, 35 urte dituen arren, funtsezkoa izango da hark jarraitzea. Uriartek konbentzitu egin beharko du.
Yeray Alvarezen eta Alejandro Regoren kontratuak ere ekainean amaituko dira, baina Athleticen segituko dutela dirudi. Mikel Vesgak eta Iñigo Lekuek, berriz, ez dute hain garbi euren etorkizuna. Athleticek guztira bederatzi jokalari ditu utziak beste klub batzuetan, eta haietatik Bilbon tokia nork duen ere erabaki beharko da. Peio Canales eta Hugo Rincon dira ondoen kokatuta daudenak. Rinconek defentsaren eskuin hegalean jokatzen du, eta Jesus Aresorekin zer gertatzen den ikusi beharko da, klubak hamabi milioi euro ordainduta erosi baitzuen. Izenen gainetik, ordea, entrenatzaile berriaren lehen lana izango da jokalariek konfiantza berreskura dezaten.
Javi Lergaren etorkizuna
Emakumezkoen taldeari begira ere ez du erronkarik faltako Uriartek. Gaur-gaurkoz, sailkapenean zortzigarren postuan dago Athletic, 35 punturekin, ez gora eta ez behera. Aurreikuspenen arabera, taldea gorago ibiltzea zen klubaren asmoa, baina Javier Lerga entrenatzaileak ez du asmatu jokalariei zuku gehiago ateratzen. Gauza bera gertatu zitzaion iragan denboraldian David Aznarri. Lergari kontratua sasoi amaieran amaitzen zaionez, klubak erabaki beharko du nor eseriko den aulkian hurrengo denboraldian. Athletic hobeto aritzea litzateke klubeko gidarien helburua. Emakumezko taldean bakarrik ez, litekeena da harrobian ere aldaketak egotea. Klubean bada kezka iturri bat: bizkaitar gutxi igo ohi direla lehen taldeetara. Horri buelta emateko, Lezamako lanean zentratu beharko dute arduradunek.
Europako lehiarik gabeko aurrekontua
Uriartek lau urteotan zerbait lortu badu, zera lortu du: kluba ekonomikoki egonkortzea. Aitor Elizegiren agintaldiaren ondoren, hondoa jotzear hartu zuen kluba presidenteak, eta azken lau urteetan lortu du diru aldetik arazorik ez izatea. Europarako sailkapenek eman diote horretarako modua, baita beste negozio iturri batzuk ireki izanak ere. Datorren denboraldian Europan ez aritzeko arriskuan dira zuri-gorriak, eta, hori gertatzen bada, aurrekontua egokitu beharko du presidenteak. Nico Williams eta antzerako jokalariak Bilbon gera daitezen, kasik beharrezkoa da Europan lehiatzea, eta ikusi beharko da zer gertatzen den luze gabe.
Bake sozialaren bila
Dudarik gabe, arlo sozialean izan du buruhauste gehien Uriartek lau urteotan. Hainbat gorabehera izan ditu jarraitzaileekin, batez ere Herri Harmailan esertzen direnekin. Ustezko erasoak ere salatu izan ditu presidenteak, eta egoera asko tenkatu da sarri. Bada, sokatira horretan bake soziala topatzea du xede presidenteak. Egia da San Mamesen inoizko jende gehien ibili dela azken denboran, baina zale askok leporatu diote presidenteari dirua besterik ez duela buruan, eta Athletic bazkideena dela. San Mamesi begira, Uriartek zera du buruan: eserleku kopurua 56.000ra handitzea. Beste lau urte ditu helburuak lortzeko.