Azken hiru urteetan World Tourra zer den ezagutu du Jonathan Lastra txirrindulariak (Bilbo, 1993), Cofidis taldearen eskutik. Bere mugak non dauden jakin nahi zuen, gorenean lehiatuz, eta jakin-mina asetzeko aukera izan du. Lehen urtea «ikusgarria» izan zen, bai Lastrarentzat, baita Cofidisentzat ere. Baina hortik aurrera, dena okertu zen, maila indibidualean zein kolektiboan. Ahazteko modukoa izan zen iragan sasoia, eta garbi ikusi zuen txirrindulari bizkaitarrak: taldez aldatu beharra zeukan. Euskaltel-Euskadik eman dio horretarako aukera. «Pentsa liteke okerrera noala, ez baitut World Tourrean jarraituko, baina ez da horrela: aukera bikaina da izan nintzenera itzultzeko eta, hartara, aurrera egiteko».
Telefonoaren beste aldean, alai mintzo da Lastra. Sarri egin du barre galderei erantzutean. «Oso bolada ezkorrean» izan da azken bi urteetan, arazo fisikoek eta taldearen krisiak eraginda, baina oso bestela sentitzen da orain: «Lasai, ilusioz eta gogotsu nago. Irudipena dut aldaketa perfektua izan dela, eta oso urte polita izango dudala Euskaltelen». Hasiera, behintzat, ez da batere makala izan, dagoeneko besoak altxatu baititu laranjaz jantzita; Urdiaingo (Nafarroa) ziklo-kros lasterketa irabazi zuen duela astebete. «Modurik onena da urtea hasteko. Baten batek esango du ez zela errepidean izan, edo ez nuela goi mailako aurkaririk eduki, baina nik garbi dut: edonon irabaztea da zaila. Oso pozik nago».
Lokatzetan sartu-irten laburra egin du Lastrak. Euskadiko Ziklo-kros Txapelketa jokatu zuen, baina txanponaren beste aldea ezagutu zuen orduan: «Irten aurretik gaizki sentitzen nintzen, gaixo bezala. Hurrengo eguna ohean igaro nuen, ezer jan gabe, gripeak jota». Bestelako aho zaporea utzi zion Urdiaingo lasterketak. Ez du ziklo-kroseko beste probarik jokatuko, hemendik aurrera errepidean ipini nahi baitu arreta osoa. Hala ere, aitortu du lokatzetan jarduteak on handia egiten diola. «Asko gozatzen dut; deskonektatzeko eta guzti balio dit. Joan zen denboraldian oso gaizki sentitu nintzen, eta ziklo-krosean aritzea etxera itzultzearen gisakoa izan da. Gaztetan izan nintzen ziklistarekin konektatzeko modu bat da niretzat».
Modalitateak alderatuz, ziklo-krosak jolasetik gehiago du Lastrarentzat. «Errepidean gehiago sufritzen da, baina egia da momentu onak asko gozatzen direla. Ziklo-krosari dagokionez, teknikoki dibertigarriagoa da. Dena emanda zoaz, baina jolas kutsua dauka. Errepidean ere teknikaz baliatu zaitezke, jaitsieretan adibidez, baina arriskua askoz ere handiagoa da». Eta, era berean, oso zaila da errepideko probak irabaztea. Dena den, helburu horren atzetik ibili nahi du Lastrak. «Garaipenen borrokan egon nahi dut gutxienez. Badakit zaila dela, baina sasoiko eta motibatuta banago eta taldekideen babesa badaukat, ziur nago emaitza onak lortuko ditudala».
«Sasoiko eta motibatuta banago eta taldekideen babesa badaukat, ziur nago emaitza onak lortuko ditudala»
JONATHAN LASTRA Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia
Talde gaztea da Euskaltel: txirrindularien erdiek 24 urte edo gutxiago dituzte, eta aurten izango dituen sei ziklista berrietatik hiru harrobitik igo dira. Alde horretatik, errepidean ez ezik, lehiatik kanpo ere lider izatea egokituko zaio Lastrari. Gustuko du egiteko hori. «Lan atsegina da gazteei irakatsi eta laguntzea. Uste dut nire esperientzia baliagarria izan daitekeela haientzat». Caja Ruralen zazpi urte egin ondotik, azken sasoietan punta-puntako lasterketak egin ditu Cofidisen. Arantza bakarra geratu zaio: Tourrean aritu ez izana. «Behintzat, birritan hartu dut parte Giroan; sekulakoa izan da».
Oraingoz, urte bakarra
Cofidis World Tourretik kanpo geratu da, eta, era berean, Euskaltelek ez du lortu UCI sailkapeneko 30 talde onenen artean sartzerik. Edozein moduz, oso giro ezberdina sumatu du Lastrak batean eta bestean. «Cofidisen sekulako tentsioa zegoen puntuen harira. Euskaltelen, ordea, lasaiago daude, urte txarra izan duten arren. Behin lehiatzen hasita, serio jarriko gara, baina, egia esan, eskertzekoa da sasoia hasi aurretik lasaitasun apur bat izatea». Euskaltelek ez du Vueltan parte hartzerik izango, baina horrek mesede egin ahal diela uste du Lastrak. «Babesleentzat agian kaltegarria izango da, baina, emaitzak eta puntuak lortzeko, uste dut badirela gehiago aprobetxatu ditzakegun lasterketak, Vueltaren garai berean jokatzen direnak».
32 urte ditu Lastrak, eta, ondo bidean, gutxienez beste hiru denboraldi egin nahiko lituzke profesional gisa. «Gogoaren eta errendimenduaren arabera izango da. Fisikoki eta mentalki gaizki sentituko banintz, ez nuke jarraituko, baina uste dut mugarri izango dela aurtengo denboraldia». Euskaltelekin sasoi bakarrerako sinatu du, baina pozik legoke sasoi amaieran kontratua berrituta; maila ona eman duen seinale izango litzateke. «Orain lasai nago, eta hori da garrantzitsuena niretzat. Sosegu apur bat behar nuen. Ziur nago orain sentitzen dudan baikortasunak isla izango duela errepidean, eta taldea gustura izango dela nire ekarpenarekin».