Duela bi aste eskas amaitu zuen Joseba Iraolak (Balmaseda, Bizkaia, 1982) mendiko rallyen denboraldia. Iraolarentzat sasoi bikaina izan da. Europako Txapelketan hirugarren postuan geratu da. «Gorabehera asko» izan dituela ere nabarmendu du: «Fitoko igoeran [Asturias, Espainia] irabaztea izugarria izan zen, baina Eslovenian kolpe handi bat hartu nuen entrenatzen ari nintzela. Sentipen txarrekin geratu nintzen, baina, eskerrak, Kroazian hirugarren amaitu, eta egoera iraultzea lortu nuen». Pozik dago, beraz, egindako lanarekin. Fitoko igoeran lortutako garaipena «mugarri» izan zela aitortu du. «Pilotu batentzat esanahi handiko garaipena da. Izan ere, aurretik behin baino gehiagotan egon nintzen irabaztear: hiru edo lau hamarrenera. Beraz, irabaztea ederra izan zen».
Denboraldi honetan auto berriarekin ibili da. Suitzako lasterketan estreinatu zuen Nova NP-01 ibilgailua. Lehen lasterketa ez zen ondo atera: «Irteeran autoa geratu egin zitzaidan, eta punturik gabe itzuli nintzen etxera, atsekabetuta. Izan ere, beti zaude auto berria estreinatzeko ilusioarekin. Dena den, gerora lasterketa ederrak egin ditut ibilgailu berriarekin. Pozik nago». Zein alde du auto berriak aurrekoarekin? «Ia auto bera da, bai txasisari eta bai motorrari dagokienez. Elektronika aldatzen da apur bat».
«Gero eta zailagoa da sailkapenaren aurreko aldean ibiltzea, aurkari hobeak dauzkadalako eta guztia profesionalizatuagoa dagoelako»
JOSEBA IRAOLA Pilotua
Esan du denboraldi hasieran ezarri zituen helburuak bete dituela: «Europako Txapelketan lehen hiru sailkatuen artean egotea zen aurtengo helburua». Iberiar penintsulan jokatutako hamar lasterketak irabaztea lortu du, eta Europako Txapelketan zazpi aldiz igo da podiumera. Horietako batean koskarik gorenera igo zen. «Gero eta zailagoa da sailkapenaren aurreko aldean ibiltzea, aurkari hobeak dauzkadalako eta guztia profesionalizatuago dagoelako». Europako Txapelketa dela eta, Iraolak ezin izan du Espainiako Txapelketako lasterketa guztietan parte hartu. «Sei lasterketatik hirutan bakarrik egon naiz, eta, hirurak irabazi baditut ere, bigarren geratu naiz. Banekien lasterketen erdian egonda zaila izango zela puntuak biltzea». Beste txapelketa batzuk ere Europakoarekin batera izan dira, eta ezin izan du parte hartu: «Niretzat zaila izaten da bertan parte hartzea»
Hurrengoari begira
Onartu du «oso zaila» izan dela egutegia hain betea izanda une oro burua hotz izatea eta bete-betean lehiatzea. «Hainbeste lasterketa jarraian edukita, daukagun presioarekin, eguraldi aldaketekin, eta hain aurkari gogorrekin... batzuetan zaila da presioari eustea». Baina pozik dago, lortu duelako.
Orain, atseden hartu du, eta martxoan ekingo dio denboraldi berriari. Horrekin batera, «irabazten» jarraitu nahi du «Ahalik eta proba gehien irabazi nahi nituzke Europako Txapelketan, eta gidari hobea izan». Horretarako, ordea, «baliabide eta azpiegitura gehiago» beharko dituela nabarmendu du. Horixe izan baita aurten falta izan duena: «Furgonetarekin eta atoiarekin ibili gara, eta, egia esanda, ez gara egon aurkarien baldintza berdinetan. Aurten konturatu gara arlo horretan ere aurkariek hobera egin dutela. Gero eta zailagoa da aurrean egotea. Ondo etorriko litzaiguke laguntza gehiago izatea».
Horixe da Iraolaren helburuetako bat, eta horretan dabil buru-belarri: «Helburu nagusietako bat zera da: babesle berri bat aurkitzea, eta posible bada datorren denboraldirako izatea. Itxura ona du proiektuak». Aurtengo sasoian, esaterako, ondorengo hutsuneak antzeman ditu: aste barruan laguntzera joango zaion mekanikari bat, eta lasterketetara eramateko telemetroa. Hurrengorako guztiak eduki nahiko lituzke.
Dena den, emaitzetatik harago, Iraolarentzat errepidetik kanpokoa da garaipenik garrantzitsuena. «Emaztea nirekin egon ohi da lasterketa guztietan, eta hedabideekin harremanak eta sare sozialak kudeatzeaz arduratzen da. Zorte handia dut. Emaztearekin hau partekatzea izugarria da».