Bulegoetako joan-etorrien, epaitegietako buruhausteen eta kantxetatik kanpoko zurrunbiloaren ondoren, Euskadiko Euskal Pilota Federazioak harrotasunez adierazi du gaur «behin betiko ofizialtasuna», Abadiñon (Bizkaia) daukan egoitzan egindako prentsaurrekoan. Urtebeteko kalbarioa eta gero, Federazioak atzo jakin zuen KAA Kirolaren Arbitraje Auzitegiaren erabakia. 43 orriko txosten batean, epaitegiak garbi adierazi zuen ez duela eskumenik ofizialtasunaren aurka Espainiako Pilota Federazioak jarritako helegiteaz erabakitzeko. Bada, erabakiarekin lasai, pozik eta harro agertu da Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea, «justizia» egin dela uste baitu. «Oso kontentu gaude, eta aurrerantzean gure federazioa eta selekzioa errespetuz tratatzea eskatzen dut. Beste selekzioen pare egon nahi dugu; ez gehiago, ez gutxiago. Eskutik joan nahi dugu, eta gure arreta osoa kirol arloari eskaini nahi diogu».
Gutxitan bezala bete da Federazioaren egoitzaren gela nagusia, hedabide mordoa bildu baita bertan. Espainiatik ere gerturatu dira kazetariak. Mitxelenak alboan izan du Juan Carlos Soto, galdera teknikoei zehaztasunez erantzun ahal izateko. Euskadiko Euskal Pilota Federazioko abokatua ez ezik, Nazioartekoaren abokatua ere bada Soto. Kazetarien lehen galdera garbia izan da: KAAren erabakiak ba al du atzera-bueltarik? Are garbiago erantzun du Sotok: «Ez. Orain, Espainiako Pilota Federazioak 30 eguneko epea du Suitzako Justizia Auzitegian helegitea jartzeko, baina bide motza du horrek. Izan ere, ezinezkoa da epaitegi horrek KAAk hartutako erabakiaren kontra jotzea. Prestigio handiko epaitegia da KAA. Pentsa, mundu mailako kirol garrantzitsuenen erabakiak bertan hartzen dira. Beraz, ez dugu inolako arriskurik ikusten».
Sotoren esanetan, 43 orrialdeko laudoa zehatza eta oso landua da, egun askotako lanaren fruitua. «Paraguaiko ordezkari bat, Belgikako beste bat eta Espainiako beste bat aritu dira lanean laudo hau osatzeko, eta ikusten da informazio guztia zehatz-mehatz aztertu dutela. Hausnarketa sakona dago erabakiaren atzean. Errekurtsoa jartzea alferrikakoa da. Nola egingo du halako erabaki sakon eta aztertu baten kontra Suitzako Justizia Auzitegiak? Hori ez da inoren buruan kabitzen». KAAtik kanpo ere ez dauka nora jo Espainiako Pilota Federazioak. «Beste edozein epaitegitara jotzeko epe guztiak agortu zaizkio, eta ez dauka beste erremediorik. Euskal selekzioa onartu egin beharko du, bai ala bai». Gainera, Javier Conde buru duen Espainiako Federazioak kalte ordainak ordaindu beharko dizkio Euskadikoari: 14.000 euro inguru.
Juridikoki garbi dago ezetz, baina politikoki euskal selekzioaren kontra egin al dezake Espainiako Gobernuak? Kasu hipotetiko batean PP eta Vox gobernuan sartuko balira ere arriskurik ez dagoela adierazi du Sotok. «Espainiako Gobernua ez da inor aurrerantzean Nazioarteko Pilota Federazioaren erabakietan sartzeko. Espainiako Kirol Legea aldatu arren, Euskadiko federazioa Nazioartekoaren barruan dago jada, eta horrek esan nahi du beste esparru batean kokatuko dela». Konparaketa bat egite aldera, Munduko Pilota Txapelketa Argentinan jokatuko da aurten. «Eta nork antolatuko du hori: Argentinako Gobernuak, edo Nazioarteko Federazioak? Garbi dago erantzuna: nazioartekoak. Horregatik, gobernuak ez dira inor erabaki horietan sartu ahal izateko». Nazioarteko Federazioak du boterea, eta ez gobernuek.
«Espainiako Kirol Legea aldatu arren, Euskadiko federazioa Nazioartekoaren barruan dago jada, eta horrek esan nahi du beste esparru batean kokatuko dela»
JUAN CARLOS SOTO Abokatua
Horren harira, Espainiako Pilota Federazioari suarekin jolasean ez aritzea komeni zaiola uste du Sotok. «Gobernu guztiek lan egiten dute Nazioarteko Federazioa erakartzeko. Adibidez, futbolean denen helburua da FIFA ongi tratatzea, maila handiko txapelketak euren herrialdeetara eramateko. Futbolean FIFA delakoa izango litzateke pilotan Nazioarteko Federazioa. Eta Espainiak ongi tratatzen ez badu, Federazio horretatik kanporatzeko arrisku bizia izango luke. Beraz, hobe du aurrerantzean egoera onartu eta kantxetan zentratu». Gainera, Mitxelenak gaineratu du Nazioarteko Federazioak egoitza aldatuko duela bi aste barru egingo duen bileran. Iruñean dauka orain arteko egoitza, baina Miarritzera (Lapurdi) edo Argentinara jauzi egingo du. «Hala, saihestu egingo dugu Nazioarteko Federazioa Espainiako legeen eraginpean egotea».
Beste esparru bat
Hain justu, bere etxera itzuli da Euskadiko Euskal Pilota Federazioa, Sotok gogorarazi duenez. Izan ere, Nazioarteko Federazioa 1929an sortu zuten Frantziako, Argentinako, Gipuzkoako, Bizkaiko, Nafarroako eta Kataluniako pilota federazioek, eta horren guztiaren interpretazioa egin beharko luke Espainiakoak. «Nazioarteko Pilota Federazioaren sortzaileak izan ginen, eta gure etxera itzuli gara. Horrek ez dauka preziorik. Kirol nazioa gara, eta halaxe onartu beharko gaituzte guztiek». Nazioarteko Federazioaren mendeurrenean ordezkari bat gehiago izango da Euskadikoa. «Data bereziak izango dira guretzat». Urtebete geroago, berriz, 2030ean, Bilbon jokatuko da Munduko Pilota Txapelketa.
«Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren egoitza Iruñetik mugituta, zera lortuko dugu: ez egotea Espainiako legeen eraginpean»
JOXEMARI MITXELENA Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea
Horrek guztiak beste esparru bat zabalduko du orain, zentzu guztietan. Euskal selekzioa ofiziala izateak berarekin dakar ekonomikoki gaitasun handiagoa eduki beharra, eta instituzioen babesa ezinbestekoa izango da, Mitxelenaren esanetan. «Orain arteko instituzioek asko lagundu digute, eta berdin jarraitu behar dugu». Pilotariek, berriz, erabaki egin beharko dute zein selekzio ordezkatu. Gaur-gaurkoz, hainbat pilotari aldi berean jokatzen ari dira Euskadiko eta Espainiako txapelketak, baina hori bukatu egingo da. «Pilota pilotarien teilatu gainean dago, eta alde batera edo bestera jo aztertu beharko dute. Ezingo da bi txapelketetan parte hartu. Aurten laurogei pilotarik debuta egin dute euskal selekzioarekin, eta guk lanean zintzo jarraituko dugu pilotarien maila hobetzeko eta txapelketen antolakuntza goi mailakoa izan dadin». Amaitzeko, Mitxelenak gehitu du prest dagoela Espainiako Federazioarekin hitz egiteko.