Barrenetxea IV. 27-30 Juanenea

Juanenea buruz buruko txapeldun lehen aldiz

Nafarra lehen zatian ikusgarri aritu da, baina kinka larrian egon da gero, min hartu baitu. Burua hotz izateak eman dio garaipen preziatua. Barrenetxea VI.a deseroso aritu da final osoan.

Aritz Juanenea garaipena ospatzen. MAIALEN ANDRES / FOKU
Aritz Juanenea garaipena ospatzen. MAIALEN ANDRES / FOKU
jon eskudero
Hernani
2025eko irailaren 27a
19:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Buruan janzten da txapela, baina buruak lortzen du txapela. Bada, burua hotz izateak eta fisikoki ahaltsu egoteak eman dio erremonteko buruz buruko estreinako txapela Aritz Juaneneari, gaur, Hernaniko Galarreta pilotalekuan. Final gogoangarria jokatu dute Endika Barrenetxeak eta biek; kalitatez ez hain distiratsua, baina bai osoa, lehiatua eta emozioz betea. Lehen zatian nagusi izan da Juanenea, baina lesio bat izan du gero, eta bigarren zatian egoera irauli du Barrenetxea VI.ak. Zazpi tanto atzetik joanagatik, partida berdindu soilik ez, aurrea ere hartu du: 22-20. Bazirudien garaipena gero eta gertuago zuela hernaniarrak, baina unerik kritikoenean aparteko heldutasuna eta sasoia erakutsi ditu Juaneneak. Pilotakada guztietan hotz mantendu du burua, hanketara jokatu dio aurkariari, eta azkenean merezitako garaipena eskuratu du: 27 eta 30. Hala, erremontearen buruz burukoaren historian beste izen bat agertuko da aurrerantzean: Juanenearena.

Bi finalistek aurrez esana zuten bezala, sakea gakoa izan zitekeen partidan, eta lehen sakea urdin egokitzeak balioa izan du Juanenearentzat. Lehen bi tantoak sakez lortu ditu, eta horrek konfiantza eman dio. Indartsu ekin dio finalari, eta izerdi tanta bat botatzerako hartu du aldetxoa: 0-3 eta 3-5. Barrenetxea VI.a partidan sartu ezinda ibili da, eta ohi baino opari gehiago egin ditu. Sakez ez du tantorik lortu. Hori gutxi ez, eta falta bat ere egin du. Dena den, lanari gogor heldu dio, eta seina berdindu du finala. Orduantxe sakez bigarren falta egin du, eta garesti atera zaio. Juaneneak aukera baliatu, eta sei tantoren aldea lortu du: 6-12. Partida erdira arte eutsi dio abantailari: 8-14 eta 9-15.

Zuntz haustura izterrean

Bikain jokatu du Juaneneak lehen zatian. «Uste dut partida perfektua egin dudala lan erdiak bete arte», adierazi du finalaren amaieran. Laineza hartu du, eta errebotetik jotako pilotakadak ere tanto egiteko baliatu ditu. Ordea, eskuin hankako izterrean lesioa izan du orduan. «Ziztada nabaritu dut izterrean, eta aldageletara sartu naiz. Banekien haustura zela. Bixente Artola masaje emaileak lotu egin dit hanka, eta uste baino hobeto jokatu ahal izan dut». Bost minutuz etenda egon da finala, eta tarte hori probestu du Barrenetxea VI.ak sakeak entrenatzen jarduteko. Sakeak egin eta egin aritu da bakarrik, eta tematia izateak fruituak eman dizkio. Izan ere, hiru tanto egin ditu jarraian sakearen bidez: 11-15, 12-15 eta 13-15ekoa.

«Inoiz ezer irabazi gabe nengoen buruz buru, eta zorra kendu dudala sentitzen dut. Lasaitasuna da gaur irabazi dudana. Nire aita zenari eskaintzen diot txapela»

 ARITZ JUANENEA Erremonteko buruz buruko txapelduna

Itxura txarra hartu du finalak Juanenearentzat. Herrenka zebilen kantxan, eta ezinean. Barrenetxea VI.ak goraka egin du pixkanaka, aurrea ere hartu du (22-20), baina unerik zailenean burua altxatu du saldiastarrak. «Finala erdi galduta ikustean, presioa kendu diot neure buruari, eta horrek mesede egin dit». 22na, 25na, 26na eta 27na egon da finala. Kantxan ez ezik, harmailetan ere sekulako tentsioa nabaritu da, eta azken hiru tantoak nafarrak egin ditu. Hirurak era berean: aurkariari hanketara jokatuta. Merezita jantzi du txapela. «Inoiz ezer irabazi gabe nengoen buruz buru, eta zorra kendu dudala sentitzen dut. Lasaitasuna da gaur irabazi dudana. Nire aita zenari eskaintzen diot txapela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.