Realeko jokalaria

Julia Arrula: «Nolako taldea izan nahi dugun erakutsi genuen Bartzelonaren aurka»

Denboraldi hasiera gorabeheratsua izan du talde txuri-urdinak. Baina azken partidetan egoera irauli du. «Ondo ari ginen lanean, eta garaipenek konfiantza eman digute», nabarmendu du Arrulak. Gaur Espanyolen aurka jokatuko dute.

Julia Arrula. JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
Donostia
2026ko urriaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hotz egiten du Zubietako zelaiko harmailetan. Entrenamendua amaitu berritan azaldu da Julia Arrula Realeko atezaina (Tafalla, Nafarroa, 2006). Zelaiko geletako batean izan da elkarrizketa. Jokatzerakoan patxadaz aritu ohi da; elkarrizketak egiterakoan, ordea, urduri jartzen dela onartu izan du. Baina ez dio izkin egin galdera bakar bati ere. Txuri-urdinek Espanyol jasoko dute gaur Zubietan (12:00, RTVE Play eta DAZN)—Athleticek ordu berean jokatu du Lezaman Sevillaren aurka (12:00, DAZN)—.

Asteari beste era batera helduko zenioten Bartzelona ahalguztidunari irabazi eta gero, ezta?

Hala da. Argi dago denboraldi hasieran ez genituela nahi genituen emaitzak lortu. Baina ondo ari ginen lanean, eta Heartsi eta Levanteri irabazteak mentalki asko eman zigun. Bartzelonaren aurkako garaipenak, berriz, datorrenari heltzeko konfiantza ematen digu, eta hori oso garrantzitsua da. Oso pozik gaude, eta gauzak beste modu batera ikusten ditugu. Hori funtsezkoa da; izan ere, larunbateko partidaren ondoren, Europako kanporaketa jokatu behar dugu, eta ligan hiru derbi. 

Nola joan zen partida?

Ni, behintzat, lasai egon nintzen. Izan ere uste osoa nuen taldekideengan. Lan izugarria egin genuen. Guri baloiaren jabe izatea gustatzen zaigu, baina Bartzelonaren aurka hori oso zaila da. Hori kontuan hartuta, taldea oso adi egon zen une oro. Partida osoan arretari eutsi zion; horri esker defentsan oso serio aritu zen, eta erasoan, eraginkor. Mentalki lan handia egin genuen, halako aurkariek edozein hutsegite baliatzen dutelako, eta aldi berean dituzun gol aukera apurrak baliatzera behartzen zaituztelako. Aulkitik atera ziren jokalarien ekarpena erabakigarria izan zen horretarako ere. Gorkak [Alvarez entrenatzailea] partidarako prestatutako plana bikain gauzatu genuen.

Bigarren denboraldiz segidan irabazi zenioten. Norgehiagoka amaitu ostean zer esan zenioten elkarri?

Halako partida bat jokatzeko beharra genuela. Bartzelonaren aurka nolako taldea izan nahi dugun erakutsi genuen. Ondo ari ginen lanean, eta amorrua genuen emaitza onak ez lortzeagatik. Irrikaz ginen joera hori aldatzeko, eta behingoz lortu genuen. Bolada txarrak izatea futbolaren parte da. Niri ez zait askotan tokatu, baina asko ikasten da bolada horietaz, eta hobetzen laguntzen dizute. Ziur nago oraingoan ere hala izango dela.

Arturo Ruiz entrenatzaileak liga hasteko bi egun falta zirenean utzi zuen taldea, Brightonera joateko. Zenbateraino eragin zizuen horrek bolada txar horretan?

Argi dago ezustea izan zela Arturo joatea, eta zurrunbilo moduko bat egon zela. Baina halakoak gero eta ohikoagoak dira futbolean, eta aurrera egiten jakin behar duzu. Uste dut hori ondo egin genuela. Jokalari gehienok aurretik ezagutzen genuen Gorka [Ruizen ordezkoa aulkian], baina bi aldeek denbora pixka bat behar genuen egokitzeko. Denboraldi hasiera betean izan zen, eta partida asko jokatu behar izan genituen segidan. Halako egoerak ez dira errazak, baina uste dut taldea gero eta gehiago ari dela erakusten Gorkak nahi duena, eta hazten segitzen duela.  

Zer nabarmenduko zenuke hark jokatzeko duen moduaz?

Jokaldiak lantzen dituen taldeak nahi izaten ditu Gorkak, eta borrokalariak. Uste dut erasoan batez ere asko emango digula jokatzeko modu horrek. Gainera, gaitasun handia dauka partida plana aurkarira egokitzeko, betiere jokatzeko moduan oinarri sendo batzuk izanda. 

«Jokaldiak lantzen dituen taldeak nahi izaten ditu Gorkak [Alvarez], eta borrokalariak. Uste dut erasoan batez ere asko emango digula jokatzeko modu horrek»

Jokatzeko moduari dagokionez, zein izan da aldaketa nagusia?

Aurreko denboraldian atzean bost jokalarirekin aritu ginen jokatzen, eta orain laurekin ari gara. Horrek egituraketan ez ezik, jokatzeko moduan aldaketa bat dakar, baina jokalari guztiak gogor ari gara lanean horretara egokitzeko.

Bigarren taldean entrenatzaile izan zenuen Alvarez? Asko aldatu da?

Ez asko. Argi dago Lehen Mailan exijentzia handiagoa dela, eta alde horretatik antzeman diot aldaketarik handiena. Baina normala eta ulergarria da. 

Gaur etxean jokatzen duzue, Bartzelonako beste taldearen kontra: Espanyolen aurka. Zer-nolako partida espero duzu?

Neurketa gogorra izango da, eta lan asko egin beharko dugu. Pazientzia izan beharko dugu, eta partidako une garrantzitsuak ondo interpretatu. Funtsezkoa izango da, baita ere, detaile txikiak zaintzea.

Gai ikusten duzu taldea oraindik sailkapenean gora egin eta bigarren denboraldiz segidan Europarako sailkatzeko, edu gutxienez horretarako borrokan egoteko?

 Noski. Partida asko geratzen dira, eta uste osoa dut taldearengan. Ziur nago gora egingo dugula.

Asteazkenean Europako ligako final-zortzirenetako joaneko partida jokatu duzue, Fenerbahceren aurka. Berezia da Europan lehiatzea, ezta?

Jakina. Ilusio handia dugu txapelketa honetan. Halako kanporaketak jokatzea beti da erakargarria, eta asko ikasten duzu. Lehen partida etxean jokatzen dugu, eta garrantzitsua izango da emaitza ona lortzea, Turkian zaleek asko estutzen baitute. Uste dut gure mailan arituz gero amets egin dezakegula txapelketa honetan gauza politak egitearekin. 

Zer eman diezazueke Europan lehiatzeak ligari begira? Eta alderantziz?

Aipatu bezala, Europan lehiatzeak ilusio handia egiten digu, eta ilusio hori pizgarri izan daiteke ligan. Gainera, Europan lehiatzen asko ikasten da, eta lehiakorrago izaten. Ligan ondo aritzeak, berriz, konfiantza emango digu Europan jokatzeko. Baina bereizi egin behar ditugu bi txapelketak, eta jokatuko dugun partida horretan jarri arreta. Txapelketa batean geratzen zaigunak ezin digu bestean eragin. Fisikoki eta mentalki taldea gai ikusten dut horretarako. 

Nola ikusi duzu zeure burua denboraldi hasieran?

Egia da hasieran gol dezente sartu zizkigutela, eta alde horretatik autokritika egitea ere tokatu zait. Baina oro har gustura nago egunerokoan egiten ari naizen lanarekin, eta sentipen onak ditut. Gogotsu nago datorrenari heltzeko. Garai zail hauek hazten laguntzen dizute, eta batez ere ondo egiten dituzun gauzei are balio handiagoa ematen.  

«Sasoi hasieran gol dezente jaso genituen, eta alde horretatik autokritika egitea ere tokatu zait. Baina oro har gustura nago egunerokoan egiten ari naizen lanarekin, eta gogotsu nago datorrenari heltzeko»

Alazne Estensorok jokatu zuen hasieratik Bartzelonaren aurka. Nola daramazue bien arteko lehia hori?

Argi dago biek jokatu egin nahi dugula, eta aulkian geratzeak amorrua ematen duela. Kezkagarria litzateke horrela ez izatea. Baina primeran daramagu eguneroko lehia hori. Harreman oso ona dugu, eta beti gaude elkarri laguntzeko prest. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA