Ez dago atzera-bueltarik. Larunbatean hasiko da KAE1 liga, Astilleron (Espainia), erlojupeko batekin. Igandean Pasai Donibanen (Gipuzkoa) izango da estropada, txandatan banatuta. Aurten ere hamabi ontzi arituko dira nor baino nor gehiago, hamasei estropadatan. Cabo da Cruzek eta Kaikuk galdu zuten iaz maila Eusko Label ligan, eta Sestaoko taldea da berriro ere gorenera igotzeko faboritoetako bat. Arkotek kanporaketak jokatu zituen, baina negu zaila izan dute. Beste taldeak hauek dira: Zarautz, Lapurdi, Zumaia, San Pedro, Pedreña, Astillero, Deustu, Hondarribia, Orio B eta Hibaika. Azken bi horiek KAE2 ligatik igo diren taldeak dira. Talde batzuek blokeari eutsi diote, baina beste batzuek, aldiz, ez. Halaxe gertatu zaie Arkoteri eta San Pedrori. Talde gaztea izango dute biek, eta, beraz, denboraldi ezberdina izango da haientzat, zailagoa izango baitute goian egotea.
Arkote bigarren sailkatu zen joan den denboraldian. Horrek bide eman zion Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa jokatzeko, baina ez zuen lortu gorenerako urratsa egitea. Tenperaturez gain, aurtengo negua gogorra eta makurra izan da Plentziako (Bizkaia) taldearentzat. Hamasei arraunlarik utzi dute taldea, eta azkenera arte ez dute argi izan trainerua ateratzeko moduan izango ote ziren. Asier Astelarra (Plentzia, Bizkaia, 1980) Arkoteko entrenatzailea da. Denboraldi honetan hartu du Bizkaiko trainerua entrenatzeko ardura, eta egoera nola bizi izan duten kontatu du: «Gainontzeko taldeek azaroan hasi zuten denboraldiaurrea, eta guk maiatzean ekin diogu».  Azken orduan lortu zuten egoera bideratzea: «Batzuei eta besteei deitzen aritu ondoren, Bermeotik hiru arraunlari etorri dira. Beterano batzuk ere hasi dira gurekin entrenatzen».Â
«Gainontzeko taldeek azaroan hasi zuten denboraldiaurrea, eta guk maiatzean ekin diogu»
ASIER ASTELARRAArkoteko entrenatzailea
Oztopoak oztopo, gustura dago osatu duten taldearekin: «Gazte ugari dago. Askorentzat lehenengo denboraldia izango da traineruan. Polita da haien hasieraren parte izatea». Halako egoerak ez dira bideratzeko errazak izaten. Are gutxiago entrenatzaile batentzat, hura baita taldea gidatzen duena. Astelarrak erronka nola hartu duen kontatu du: «Erronka polita bezain zaila izango da. 18 urteko gazte ugari daude, egoera bestelakoa izango balitz agian traineruan egoteko aukerarik izango ez luketenak. Ikusi beharko dugu nola moldatzen diren». Helburuei dagokienez, argi mintzatu da: «Lehenengo helburua trainerua ateratzea zen, eta, behin hori lortuta, mailari eustea izango da gure xedea».Â
Patxi Francesek (Donostia, 1958) ibilbide luzea dauka entrenatzaile gisa. Aurten San Pedroko trainerua zuzentzeko ardura hartu du, eta, liga hasteko egun gutxi falta diren honetan, taldea nola ikusten duen adierazi du: «Ongi gaude. Urte zaila izango da, talde gaztea baita aurtengoa, baina, hala ere, ongi ari gara lanean». Taldean giro «ona» sortu dela azpimarratu du, baina erronka nagusi bat dute: «Taldeko arraunlarien ezaugarriak ikusita, lehiatzen ikastea izango da lehenengo erronka». Emaitzetan segida bat izatea erabakigarria izango dela nabarmendu du, eta ondo hastearen garrantzia azpimarratu: «Jokatuko ditugun lehen bi estropadak funtsezkoak izango dira patxada hartuz joateko. Gipuzkoako Txapelketan ez ginen ongi aritu, eta arraunlariak burumakur egon ziren aste barruan. Baina burua altxatu beharra dago».
Klubarentzat esker hitzak baino ez ditu Francesek: «Tolosaldean entrenatzen nenbilenean, euren instalazioak, trainerua eta arraunak uzten zizkiguten». San Pedron zer moduz dagoen ere kontatu du: «Etxean bezala sentitzen naiz. Jende ona eta umila dela erakutsi didate, eta dugun guztia emango dugu datozkigun bi hiru urteetan».
«Ongi gaude. Urte zaila izango da, talde gaztea baita aurtengoa, baina, hala ere, ongi ari gara lanean»
PATXI FRANCESÂ San Pedroko entrenatzailea
Aurkariak, indartsu
Francesek «indartsu» ikusten ditu ligan arituko diren beste ontziak: «Zarautz indartsu ikusten dut. Joan den urteko oinarria mantendu dute, taldea indartzea lortu, eta, gainera, entrenatzaile berri bat daukate. Zumaiak ere entrenatzailea aldatu du, eta talde indartsua dauka. Goian egoteko ahalmena du». Bestalde, Kaikuren inguruan esan du «oinarria» mantentzeak lehiatzeko beta ematen diola talde jaitsi berriari. Deusturi dagokionez, adierazi du goian egotea «kostatzen» bazaio ere aurten ongi «indartu» dela, eta «goialdean» egoteko moduko taldea duela.
Gainontzekoak «beste maila» batean daudela ikusten du, eta denboraldia aurrera doan heinean ikusiko dela bakoitza non egongo den. Halere, Astelarrak bere taldean ipini du arreta: «Edukitako oztopo guztien ondoren, geu izango gara geure buruaren aurkari nagusiak».
parte hartzaileak
 Arkote, Astillero, Deustu, Hibaika, Hondarribia B, Kaiku, Lapurdi, Orio B, Pedreña, San Pedro, Zarautz, Zumaia
Egutegia
- Ekainak 20Â Astillero.
- Ekainak 21. Pasai Donibane.
- Ekainak 27. Plentzia.
- Uztailak 4. Donibane Lohizune.
- Uztailak 5. Zarautz.
- Uztailak 11. Orio.
- Uztailak 18. Erandio.
- Uztailak 25. Sestao.
- Uztailak 26. Zumaia.
- Abuztuak 1. Pedreña.
- Abuztuak 2. Santander.
- Abuztuak 8. Hondarribia.
- Abuztua 9. Errenteria.
- Abuztuak 15. Castro.
- Abuztuak 22. Zarautz.
- Abuztuak 23. Bilbo.
Â