Janire Goñi arraunlariak (Amezketa, Gipuzkoa, 2006) Donostiarrarekin egin zuen debuta Euskotren ligan, iaz; denboraldi honetan, berriz, lehen arraunkadak eman zituen klubean arituko da: Tolosaldean. Aldaketa asko izan dituzte, baina taldea ondo dagoela azpimarratu du. Entrenatzera joan aurretik, patxadaz erantzun die galderei.
Etxera itzuli zara, Tolosaldea taldera.
Traineruko nire lehen bi denboraldietan, azken bietan, kanpoan egin dut arraun. Aurrenekoz ETE ligan aritu nintzen San Juanekin, eta iaz Euskotren ligan Donostiarrarekin. Klub horietan asko ikasi dut, eta, orain, Tolosan arraun egiteko aukera aprobetxatu nahi nuen. Etxeko trainerua da, eta ilusioz nago.
Aldaketa asko izan dira taldean. Zer moduz ari zarete?
Dezentek utzi dute taldea, baina uste dut ondo ari garela egokitzen. Hala ere, badakigu lan handia dugula aurretik blokea egiteko eta emaitza onak lortzeko.
Eskarmentudun askok utzi dute taldea. Nola eragin du horrek?
Hala da. Joan diren gehienak arraunlari esperientziadunak izan dira. Hasieran agian dudan jartzen genuen entrenamenduetan eta denboraldian nola ariko ginen, baina erraz osatu dugu taldea, eta ondo ari gara lanean.
Multzo gaztea duzue. Zer du horrek onetik eta zer txarretik?
Joan direnen lekuak betetzeko arraunlari gaztez bete dugu trainerua, eta blokean gehienbat horixe ari gara lantzen. Ontzian badago esperientzia handia duen jendea, eta haien laguntzaz ari gara erritmoa hartzen. Pazientzia eta lana eskatzen du, baina polita da ere gazteak trainerura igotzeko ilusioz eta prest egotea.
Nerea Perez duzue patroi. Konfiantza ematen dizue?
Bai. Aurten, gainera, patroi gazte bat igo da: Maddi Balerdi. Nerearekin batera ari da, eta asko ari zaio laguntzen. Eta taldean ere asko ari zaigu irakasten.
Tolosaldea asko hazi da azken urteetan. Harrobian lan ona egin den seinale?
Tolosa beti ibili da ondo bateletan-eta, emaitza onak lortu ditu. Ospe hori izan du. Kluba jakitun da trainerurako laguntza ona dela, eta beharrezkoa dela harrobian lan ona egitea. Horretan ari da, eta sumatzen da.
«Tolosa beti ibili da ondo bateletan-eta, emaitza onak lortu ditu. Ospe hori izan du. Klubak badaki beharrezkoa dela harrobian lan ona egitea»
Negua pasatu da; ustez, garairik gogorrena. Nola doa denboraldiaurrea?
Neguan txukun aritu gara, eta jaitsieretan nahiko gustura geratu gara. Orain ligari begira jarrita gaude, zain.
Zer helburu dituzue?
Lehengo denboraldiaren antzekoak. Gustura ari gara lanean. Urte hasieran seguruenik ez genuen pentsatzen orain buruan ditugun helburuak izango genituenik. Baina uste dugu kapaz garela denboraldi txukun eta polit bat egiteko: goiko postuetan aritu nahi dugu borrokan.
Iaz Tolosaldearen asmoetako bat zen Arraun Lagunak-i gauzak zail jartzea...
Bai, hortxe egon ginen, muturra sartuta. Aurten ere helburu berdin samarrak ditugu. Goiko postuen lehian aritu nahi dugu, eta, banderaren bat lortuko bagenu, ongi etorria izango da.
Eta nola ikusten dituzu gainerako taldeak?
Jaitsieretan-eta ikusi da Arraun Lagunak aurten ere indartsu dagoela, eta koxka bat gorago egon daitekeela. Taldea berdintsu mantendu du, arraunlariak ez dira asko aldatu. Zaila izango da, baina guztiok entrenatzen gara, eta esango nuke edozein talde dela gai sustoren bat emateko. Euskotren ligan maila handia dago, eta edozein huts garesti ordaindu daiteke.
Orion ere aldaketa asko izan dira. San Juanen, berriz, aipatzekoa da inork ez duela utzi taldea.
Bai. Gure taldera bi arraunlari etorri dira Oriotik. Ez dakit nola ibiliko diren hainbeste aldaketa izanda. Ikusi beharko da. Bestalde, gazte-gaztetatik batera ari diren arraunlariz osatuta dago San Juan; uste dut bloke oso ona dutela.
Iaz egin zenuen debuta Euskotren ligan, Donostiarrarekin, eta estropada asko jokatu zenituen. Zer moduz ibili zinen?
ETE ligatik Euskotrenera saltoa nabaritu nuen. Sailkapenari dagokionez, momentu gazi-gozoak izan genituen, baina asko ikasi eta gozatu nuen. Multzo ia berria genuen, askok utzi baitzuten taldea. Blokea lortzea bestela ere zaila izaten bada... Negua oso gogorra egin zitzaigun, eta ligako lehen estropadetan kolpe dezente jaso genituen. Pixkanaka, baina, gora egin genuen, eta, azkenean, ligari bukaera polita eman genion. Emaitza onak lortu genituen, eta asko disfrutatu genuen.
Batez ere zertan sumatu zenuen jauzia?
Presioan eta entrenatzeko moduan. San Juanen, ETE ligan, lasaiago aritzen ginen, eta Euskotren ligan presio handiagoa sumatzen nuen eguneroko entrenamenduetan.
Aurten arraunlari askok utzi dute Donostiarra ere. Nola ikusten duzu taldea?
Lehengo urtean bezalaxe. Lan handia egin beharko dute, baina badakit ez direla egongo ezer oparitzeko. Besteok bezala, guztia emango dute.
Sailkapenaren buruan, badirudi Arraun Lagunak koxka bat gorago egon daitekeela, baina nola ikusten duzu beheko lehia?
Esango nuke hortik behera postuak dantzan ibiliko direla. Edozeinek eman dezake aurrerapausoa, eta asteburu batetik bestera asko aldatu daitezke gauzak, lehengo urtean bezalaxe.
Madrilen hasiko da liga. Zer iritzi duzu?
Egia esan, asko harritu ninduen notizia horrek. Estropada guztiak inguruan izatera ohituta gaude, eta ez dago hango talderik. Gainera, liga hasiera da, eta estropada eremu ezezagun bat izatea... ematen du zer pentsatua.
«Asko harritu ninduen liga Madrilen hasteak. Ematen du zer pentsatua»
Gipuzkoa barnealdean bizi zara: Amezketan. Nondik datorkizu arraunerako zaletasuna?
Txiki-txikitatik nahi izan dut arraunean aritu, baina ez nuen nahi bakarrik hasi. Bat-batean, jende pila bat animatu zitzaidan, eta lagun kuadrilla bat apuntatu ginen. Orain jada nik eta beste batek baino ez dugu segitzen. Amari esaten nion: arrauna, arrauna eta arrauna. Beste kirol batzuk probatu nituen, igeriketa-eta, baina utzi egin nuen arrauna nahi nuelako. Buruan sartu zitzaidan, eta orain arte.
Ikasten ere ari zara. Zer moduz uztartzen dituzu ikasketak eta arrauna?
Orain, nahiko ondo, baina Batxilergoan-eta denboraz justu aritzen nintzen. Momentuan zera esaten duzu: ‘Non sartu naiz?’. Baina arraunak ematen zidan arnasa hartzeko aukera, eta beti eskertu izan dut hori. Taldean sortzen den giroagatik ere segitu dut.
Epe laburrera eta epe luzera, baduzu helburu pertsonalik? Edo ametsik?
Nire helburuetako bi Euskotren ligan aritzea eta Kontxarako sailkatzea ziren, eta iaz lortu nituen. Gainera, Kontxako estropadak ere jokatu nituen. Nire ametsik handienetakoak horiek ziren. Hortik aurrera... Kontxa irabaztea ikaragarria litzateke, baina... [barrez]. Berriz ari naiteke aurten, eta ez da gutxi.
euskotren liga
DONOSTIA ARRAUN LAGUNAK
Joan direnak: Joana Halzuet, Nahikari Azkue, Ane Diaz, Udane Goenaga, Nahia Goenaga, Beatriz Piñeiro eta Ane Villagarcia.
Iritsi direnak: Nerea Agirrezabal, Itxaso Alonso, Maddi Azpiroz, Amaia Eguren, Nagore Osoro, Daria Perez eta Eider Uribarrena.
TOLOSALDEA
Joan direnak: Irene Sierra, Nerea Agirrezabal, Itsaso Aizpurua, Naroa Becerril, Ane Egues, Irati Larrañaga, Ane Mendizabal, Nagore Osoro, Haizea Saez, Maialen Ugalde, Maddi Urdapilleta eta Uxune Urkia.
Iritsi direnak: Maddi Balerdi, Ihintza Eizagirre, Malen Eskitxabel, Ainhoa Etxenike, Janire Goñi, Nagore Iturralde, Haizea Jauregi, Arene Lacoste eta Ane Martin.
ORIO
Joan direnak: Amaia Arregi, Ane Arruti, Itxaso Azkonobieta, Nahia Badiola, Ainhoa Etxenike, Udane Hoyos, Oihane Iraola, Nagore Iturralde, Ondiz Lekubarri, Maria Victoria Piñeiro eta Aroa Gomez.
Iritsi direnak: Maddi Alkain, Sara Arregi, Leire Arrojeria, Almudena Calvo, Paula Diaz, Ainhoa Garcia, Marina Gaztañazpi, Leire Gutierrez, Itxaso Lopetegi, Itziar Olasagasti, Marta Sotelo, Nahia Uranga eta Paula Vilella.
ZUMAIA
Joan direnak: Jule Egiguren, Maddi Izagirre, Helena Merino, Alba Trujeda, Paula Vilella, Lierni Intxausti, Naroa Goikoetxea, Irati Elejalde, Ane Beristain, Maddi Aramburu eta Laia Arambarri.
Iritsi direnak: Maria Bastida, Naroa Garamendi, Joana Garcia, Amaiur Letamendia, Lorea Mancisidor, Intza Salegi, Ilazki Salegi, Nora Segurola eta Alaitz Uranga.
ASTILLERO
Joan direnak: Laura Martinez, Jimena Fernandez, Aranzazu Etxebarrieta eta Sofia Diez.
Iritsi direnak: Paula Ceballos eta Alba Trujeda.
HIBAIKA
Joan direnak: Nerea Orena, Uxue Osa, June Mikeo, Aitana Markina, Eva Lopez, June Galardi, Nerea Curto eta Sofia Boscarol.
Iritsi direnak: Jare Antzizar, Ana Collazos, Laia Garcia, Malen Irurzun, Jare Lasa eta Edurne Martin.
DONOSTIARRA
Joan direnak: Veronica Abalo, Amaia Apezetxea, Angela Castro, Naroa Garamendi, Janire Goñi, Haizea Jauregi, Alba Perez, Amaia Solla, Itxaso Uzkudun eta Maider Zumeta.
Iritsi direnak: Laia Aranbarri, Noa Castillo, Lide Feng Etxebeste, Cecilia Fernandez eta Paula Iglesias.
SAN JUAN
Iritsi direnak: Kenia Bermudez, Arixe Calvo, Leire Erzibengoa eta Lierni Intxausti.
(*): Udaren atarian argitaratuko dituzte aurtengo denboraldiko zerrenda ofizialak.