Laboral Kutxa-Euskadi taldeko txirrindularia

Maite Urteaga: «Kirola, orain gutxira arte, lagunarteko zerbait zen niretzat»

Urteagak oso bilakaera azkarra izan du ziklista gisa, eta datorren urtean profesional bihurtuko da, Laboral Kutxaren eskutik. «Urrats txikiak» egin nahi ditu, gehiegizko espektatibak alde batera utzita. «Oinak lurrean izango ditut, orain arte bezala».

Maite Urteaga. JON URBE / FOKU
Maite Urteaga. JON URBE / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko irailaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Igotzailetzat du bere burua Maite Urteagak (Zumaia, Gipuzkoa, 2000), baina esprinter baten abiaduran iritsi da profesional mailara. Duela bost urte hasi zen bizikletan, kirol berri bat ezagutzeko asmo hutsez. 2024an, berriz, Eulen taldearekin lehiatzeari ekin zion, amateur mailan. Bada, bi denboraldi aski izan ditu eliteko tropelera iristeko. Hainbat eskaintza jarri dizkiote mahai gainean, eta Laboral Kutxa-Euskadik egin diona hobetsi du. «Bat-batean, profesional bihurtu naiz. Dena oso azkar gertatu da!».

Datozen bi urteetan Laboral Kutxan ariko zara, txirrindulari profesional moduan. Nola sentitzen zara?

Ilusioz beteta, eta bertigo apur batekin ere bai, jauzi handia baita. Baina, era berean, konfiantza handia dut nigan, eta uste dut nahiko ondo molda naitekeela lehen urtean. Pixkanaka urratsak egiten saiatuko naiz.

Iaz probaldia izan zenuen Laboral Kutxan, eta aurten haiekin ere lehiatu zara. Hots, hurrengo sasoian ez zara hutsetik hasiko.

Profesional bihurtu aurretik praktika batzuk izatea bezala da. Oso lagungarria da aldez aurretik taldearen dinamika ezagutzea eta taldekide izango direnekin harremanak sortzea eta sendotzea. Nolabait ere, segurtasun handiagoz hasiko dut datorren denboraldia.

Beste eskaintza batzuk ere bazenituen profesional bilakatzeko. Zergatik hobetsi duzu Laboral Kutxarena?

Urte hasieratik nuen asmoa datorren denboraldira begira profesional bihurtzeko. Hilabeteek aurrera egin ahala, hainbat eskaintza jaso nituen, eta hausnarrean ibili nintzen. Artean ez neukan eskaintza ofizialik Laboral Kutxaren partetik. Baina haien deia jasotzean, alde batera utzi nituen beste aukera guztiak. Etxeko taldea da, gorantz doa urtez urte, eta ederra da eboluzio horren parte izatea. Gainera, oso harrera ona egin zidaten iaz. Uste dut ez dagoela toki hoberik profesionaletan debuta egiteko.

Garaipenez garaipen ibili zara aurten amateur mailan, eta proba profesional batzuetan ere distira egin duzu; adibidez, bigarren izan zinen Eibarko Hiria Sari Nagusian, eta seigarren Espainiako Txapelketan. Emaitzek argi utzi dute: prest zaude gorenean aritzeko.

Denboraldi oso biribila izan da; ez nuen uste gauzak horren ongi aterako zitzaizkidanik. Hasieran emaitza oso onak lortu nituen amateur mailako probetan. Garaipenak asko gozatu nituen, baina era berean, jakitun nintzen lasterketa profesionalak askoz ere zailagoak direla. Bada, Eibarren harritu eta guzti egin nintzen, horren ondo arituta. «Agian egun bateko gauza izan da», pentsatu nuen neure artean. Baina ondorengo emaitzek erakutsi didate gai naizela profesionaletan nabarmentzeko.  

Zer helburu daukazu esku artean datorren urteari begira?

Oraindik ez daukat garbi. Orain dela bizpahiru urte hasi nintzen bizikletan lehiatzen, eta urtetik urtera hobera egin dut. Ea horrela jarraitzen dudan. Era berean, talde berri batean ariko naiz, bestelako eginkizun batzuekin; urrats txikiak egitea da onena. Oinak lurrean izango ditut, orain arte bezala.

Usoa Ostolazak taldeak utzi du. Hutsune handia da. Beste leku batzuk betetzeko ardura izan zenezake? Edo gehiegi litzateke?

Hasiberria izango naiz profesionaletan, eta neure buruari ez diot presio egin nahi. Bat gehiago izango naiz taldean, eta denborak esango du zertarako gai izan naitekeen. Sasoia hasi aurretik horrenbesteko espektatibak jarriz gero nigan, pentsa gero erdibidean geratzen banaiz… Hobe da zuhur jokatzea.

«Etxeko taldea da Laboral Kutxa, eta gorantz doa urtez urte. Ez dago toki hoberik profesionaletan debuta egiteko»

Euleneko taldekide bat aldamenean izango duzu datorren urtean: Maier Olano. Polita izango da urratsa elkarrekin egitea.

Ilusio handia dugu biok, eta pozarren gaude taldekide izango garelako orain ere. Maierrek ere merezi zuen talde profesional baten deia jasotzea. Lehen urtea izan du 23 urtez azpikoetan, eta bikain aritu da. Aiala Serrano ere amateur mailatik iritsiko da Laboral Kutxara; hark ere zeresana eman dezake. Laboral Kutxak euskal ziklistetan sinesten du, eta horren adibide gara gu hirurok.

Nolakoa zara txirrindulari moduan?

Aurten nire emaitza propioak lortzeko aukera izan dut, taldeak hala nahi zuelako, eta taldekideek sekulako lana egin dute nire alde. Baina ez naiz berekoia, eta taldekide batek nik baino aukera gehiago badu lasterketa bat irabazteko, dena emango dut hura laguntzeko. Taldekide izatea hori da, azken batean. Bestalde, txirrindularitzan duela gutxi hasi nintzenez, oraindik gauza asko dut ikasteko. Gabeziak indargune bihurtzea, hori da nire filosofia. Adibidez, bizikleta gainean askoz ere erosoago sentitzen naiz —eskurik gabe joaten ikasi dut—, baita tropelaren barruan ere. Ordea, lasterketak hobeto irakurtzen ikasi behar dut oraindik.

Zer-nolako lasterketatan nabarmendu zaitezke?

Proba aldapatsuetan moldatzen naiz ondoen. Ordekan eta erlojuaren aurka geroz eta hobeto nabil, baina nabarmentzeko, aldapak behar ditut. Bertan gozatzen dut gehien.

Kirolari amorratua zara: eskubaloian aritu zinen bere garaian, korrika hasi zinen gero, eta txirrindularitza hautatu duzu azkenean.

Kirola, orain gutxira arte, lagunarteko zerbait zen niretzat. Korrika astean bizpahiru aldiz irteten nintzen, eta bizikletan ere horrela hasi nintzen. 2024an ekin nion lehiatzeri, Eulenen, eta entrenamenduen plana gogortu egin zidaten pixkanaka. Hasieran, kexatu egiten nintzen, ea hainbeste entrenamendu zertarako ziren. Baina hobetu ahala, zentzua ikusi nion ahaleginari. Bat-batean, profesional bihurtu naiz. Dena oso azkar gertatu da!

«Hasieran, kexatu egiten nintzen, ea hainbeste entrenamendu zertarako ziren. Baina hobetu ahala, zentzua ikusi nion ahaleginari»

Mendi duatloietan ere aritua zara, baita ondo aritu ere. Posible da diziplina hori errepideko ziklismoarekin uztartzea?

Ba begira, iaz lepauztaia apurtu nuen duatloi lasterketa batean, eta uste dut aurten ez dudala arriskurik hartuko. Duatloian asko gozatzen dut, bizikletan eta korrika, baina uste dut aurten gorputza babestea izango dela lehentasuna. Orain arte, txirrindularitza ez zen horren gauza serioa niretzat, eta beldurrik gabe egin nitzakeen beste kirol batzuk. Ordea, profesional izateak beste ardura maila bat hartzea eskatzen du.

Zer amets bete nahiko zenuke eliteko txirrindulari moduan?

Lehena, Itzulian lehiatzea izango litzateke. Euskal ziklistek asko gozatzen dute bertan, eta barrutik bizi nahiko nuke. Eta etorkizunean, prest banago eta aukera jasotzen badut, itzuli handietako lehian ibili nahiko nuke. Gogo handia dut denborarekin gauzak esperimentatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA