Matxalen Ziarsolo. Bera Berako jokalaria

«Kolpe gogorra litzateke kopa ez irabaztea»

Kopako azken bi tituluak irabazita, faboritoak eurak direla barneratuta egin dute Castellorainoko bidaia Bera Berako jokalariek. Matxalen Ziarsolo 11. aldiz ariko da kopan, bosgarren garaipena buruan duela.

«Kolpe gogorra litzateke kopa ez irabaztea».
unai zubeldia
Donostia
2015eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
«Kaixo» esaterako, Matxalen Ziarsolok (Ermua, Bizkaia, 1982) gainean dauzka kazetari guztiak. «Ilusioa», «gogoa», «anbizioa»... EHF kopako «kanporaketa mingarria» ahaztuta, indarberrituta dago Bera Bera Espainiako Kopako titulua defendatzeko. Elx izango du aurkari gaur, final-laurdenetan (18:00), eta etzi arte etxerako bidaiari ez ekitea da taldearen erronka.

Europa, liga, kopa... Nola lortzen da buruari egon behar duen lekuan eustea?

Europako lehiaketan aritzea izaten da aldaketa handiena, pizgarri berezi bat egoten delako lehia horietan. Ligan eta kopan antzekoak izaten dira bidaiak, baina egia da kopa dela gure lehiaketa kutuna. Horregatik, errazagoa da kopari gogotsu aurre egitea.

Zer moduz zaudete fisikoki eta buruz?

Fisikoki hobetzen ari gara. Urtarril eta otsail hasieran okerrago egon ginen, baina indartzen ari gara pixkanaka. Maialen Mugikari atzo [herenegun] egin zioten ebakuntza, eta ezingo du jokatu denboraldi honetan. Eli Pinedo osatzen ari da, eta Maitane Etxeberria ere kopa lehiatzeko moduan dago. Buruz, berriz, oso ondo gaude, nahiz eta amorru handia eman digun Europatik kanpo gelditu izanak.

Turkiatik etxerako bidaia ez zen oso gozoa izango, ezta?

Ez... Berriz ere argi geratu zen Europako lehiaketa batean etxean partida oso onik jokatzen ez duzunean kanpoan ordaindu egiten duzula gero. Ez genuen ondo jokatu joaneko partidan. Itzulikoa oso desberdina izango zen etxean hiruzpalau golen aldea lortu izan bagenu. Herrialdearen arabera, zaila izaten da kanpoan jokatzea; epaileengatik, egokitzapenagatik... Horregatik geratu zaigu sentipen arraroa, etxean ez genuelako gure onena eman.

Bera Beraren kopako 50. partida izango da gaurkoa, eta zure 11. urtea. Tartean, lau titulu lortu dituzue, eta azken biak, jarraian...

Gehiegi ere ez diet begiratzen datuei, baina, irabaziz gero, kopako hirugarren titulua litzateke jarraian —bosgarrena denera—, eta kopa emango ligukete. Bera Berarentzat kopa beti izan da altxor berezia, eta sinbolikoki polita litzateke garaikurra etxeratzea.

Elx izango duzue aurkari, sasoi honetan Bidebidetan irabazi dizuen talde bakarra. Zer prestatu duzue lehen kanporaketarako?

Fisikoki ezin izan dugu askorik prestatu, errekuperazio lana egin dugulako aste honetan. Taktikoki, berriz, gure defentsa haien erasora nola egokitu aztertzen aritu gara. 6-0eko defentsa egingo dugu ziurrenik, erdialdea indartuz, haiek min handia egiten dutelako erditik. Erasoan, berriz, zalantza gehiago izan dugu, Elxek defentsa desberdinak egiteko ohitura eta kalitatea daukalako. 6-0 orain, 5-1 gero, 3-2-1 ere bai... Momentu bakoitzean zer egin entrenatzen aritu gara.

Dunay eta Musons dira gertutik zaindu beharreko bi jokalariak? Horiei bakarkako defentsa egitea izan daiteke beste aukeretako bat?

Onak gara defentsan, eta konfiantza izan behar dugu ohiko lan horretan. Bi horiekin batera, ligan ez zuen jokatu Popovic piboteak, eta oso jokalari ona da, erabakigarria. Ligaren hasieran, agian, ez zegoen hain sasoi onean, ama izan berri zelako. Baina koparako prest egongo da, eta oso jokalari garrantzitsua da Elxentzat.

Aztertu duzue ligako partidako bideoa?

Bai. Baina berriz ikusteko gogoa daukat, ez genuelako ondo jokatu. Ez genuen egin ohiko defentsa oldarkorrik, eta erasoan ere ez ginen fin ibili. Oso partida ona jokatu beharko dugu irabazteko.

Irabaziz gero, Valentzia edo Guardes izango duzue aurkari finalerdietan.

Ez dugu zorterik izan, ligan garaitzea gehien kosta zaigun taldeen kontra aritu beharko dugulako. Baina horixe dauka zozketak.

Kopako tituluak zein esanahi izango luke zuretzat?

Oso polita da lehiaketa hau, mundu paralelo batean sartzen zarelako hiru egunez. Niretzat oso garrantzitsua litzateke kopa hiru aldiz jarraian irabaztea.

Irabazteak bakarrik balio du, orduan?

Tira... Partida onak jokatzeak balio du; gure jokoa egiteak; eta, bai, irabazteak. Egia da kolpe gogorra litzatekeela kopa ez irabaztea, tituluaren bila goazelako. Baina faborito izan gabe irabazi genituen lehen bi tituluak, eta gainerako taldeek ere edukiko dute aukera.

Zein bi taldek jokatuko dute kopako finala?

Bera Berak eta Rocasak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.