Alaveseko jokalaria

Jon Pacheco Dozagarat: «Konfiantza berreskuratu ahal izateko etorri naiz Alavesera»

Umetatik Realean jokatu ondotik, sasoi honetan Alavesera irten da, utzita. Etekina atera nahi dio Gasteizko egonaldiari, eta oraingoz «oso kontent» dago erabakiarekin. Hiru hitzetan definitu du taldea: «jatorra», «langilea» eta «lehiakorra».

Jon Pacheco Alaveseko jokalaria. AITOR BOUZO
AITOR BOUZO
enaut agirrebengoa
2025eko urriaren 15a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realaren lehen taldera iritsi zenetik, hazi besterik ez zen egin Jon Pacheco (Elizondo, Nafarroa, 2001). Txuri-urdinekin geroz eta partida gehiago jokatu zituen Lehen Mailan, eta Txapeldunen Ligan aritzeko aukera ere izan zuen. Era berean, urrezko domina eskuratu zuen Parisko Olinpiar Jokoetan Espainiako selekzioarekin. Haatik, joan zen denboraldia mugarria izan zen baztandarrarentzat. Behera egin zuen haren mailak, arazo fisikoek eraginda, eta, hurrengo sasoiari begira, taldez aldatzeko beharra sentitu zuen. Bada, Alavesen, bere onera itzultzen hasi da.

Geldialdiak on egin dizue, ala nahiago zenuten partidak jokatzen jarraitu?

Hori inoiz ez dakizu ziur. Momentu onean gaude, azken partida oso ona izan baitzen. Maila horretan jarraitu nahi dugu hurrengo jardunaldietan. Egia da denboraldiko lehen hilabeteetan geldialdi dezente dagoela, eta moldatu egin behar duzu. Aurreko urteetan, Realean nenbilela, Europa ere bagenuen, eta asteak oso luzeak egiten ziren. Agian gusturago hartzen nuen atseden. Orain ez genuen halako beharrik, baina ez dut uste atsedena gaizki etorriko zaigunik.

Lasaitua hartzeko balio izan zizuen Elxen aurkako garaipenak. Izan ere, puntu bakarra eskuratu zenuten aurreko hiru partidetan.

Bai, irabaztea funtsezkoa zen etenaldira lasaiago iristeko. Beste umore batez egiten duzu lan azken partida irabazi duzunean. Esango nuke, gainera, Elxen aurkakoa orain arteko neurketarik onena izan zela. Taldeak oso ondo jokatu zuen, eta ni neu ere pozik geratu nintzen zelaian egindako lanarekin; goiz atera zidaten txartel horia, eta arreta handiz aritu behar izan nuen. Oro har, oso talde lehiakorra izan gara hasieratik, baina Elxen aurka golak sartzen asmatu genuen.

Gabezia hori zuen Alavesek: argitasuna falta zitzaion azken metroetan. Horren ondorioz, zenbait lehiatan ez dira bat etorri egindako lana eta lortutako emaitza. Talde barruan ere sentipen hori duzue?

Bai, uste dut bidean puntu batzuk utzi digula arazo horren ondorioz. Adibidez, Getaferen zelaian, atsedenera irabaziz iristeko moduan izan ginen. Mallorca, berriz, gu baino eraginkorragoa izan zen, gure area oso gutxi zapaldu zuen arren. Orokorrean, oso ondo jokatu dugu, baina golak sartzea da gauzarik zailena futbolean. Elxen aurka hiru egin genituen, eta ea datozen partidetan ere fin gabiltzan.

Defentsako datuak erasokoak baino hobeak dira: ez dago talderik zuei baino gol gutxiago sartu diotenik, eta, era berean, lehia bakarrean sartu dizuete gol bat baino gehiago [bi egin zizkien Sevillak]. Atzelaria zaren heinean, harro egongo zara.

Uste dut meritua denona dela [barrezka]. Gol gutxi sartzearen erantzukizuna denona da, ez bakarrik aurrelariena, eta gauza bera gertatzen da sartzen dizkiguten golekin. Defentsan ondo egoteko, jokalari guztiok egin behar dugu lan. Alavesentzat funtsezkoa da sendo aritzea, eta, oraingoz, bide onean gaude.

Denboraldia ordezko gisa hasi zenuen. Aurretik zenituen Nahuel Tenaglia eta Facundo Garces. Ordea, FIFAk urtebeteko zigorra jarri dio Garcesi, Malaysiako selekzioarekin jokatu ahal izateko dokumentuak faltsutu izana leporatuta. Hortaz, titular bilakatu zara, baina ez nahiko zenukeen moduan.

Facurekin oraindik ez dakigu zer gertatuko den. Zigorraren berri Mallorcan izan genuen, partida jokatu aurretik. Egunkarien bidez jaso genuen albistea. Ezusteko kolpea izan zen, eta galera handia. Gu aurrera egiten saiatu gara, eta, oraingoz, ondo moldatu gara, defentsaren erdigunean aritzeko jokalari gutxi dugun arren. Egia da Victorrek [Parada] eta Moussak [Diarra] ere bertan joka dezaketela, berez hegalekoak izan arren. Uste dut denentzat izango direla jokatzeko tarteak.

Nola sentitu zara Alavesekin jokatu dituzun aurreneko partidetan?

Oso ongi. Realetik irteten nintzen lehen aldia zen, baina oso azkar egokitu naiz. Alavesen ezagunak nituen Guridi eta Gebara, eta haiek ez ezik gainontzekoek ere oso harrera beroa egin zidaten. Oso talde jator eta langilea da, eta oso eroso sentiarazi naute hasieratik. Badakit beti antzekoak esaten ditugula, baina benetan diot.

Azken urteetan Imanol Alguacilen aginduetara izan zara, eta, lehenago, Xabi Alonso izan zenuen entrenatzaile. Eduardo Coudetek oso jokamolde ezberdina du? Eta asko aldatu al da zure zeregina zelaian?

Denak dira baloia nahi duten entrenatzaileak, eta nire lana ez da askorik aldatu: lehiak irabazi behar ditut aurrelariekin, eta baloia, ahal dela, garbi atera behar dut. Coudeti dagokionez, jokalarion gainean egotea gustatzen zaio, eta asko estutzen gaitu, baina era berean, oso gertukoa eta atsegina da gurekin.

«Coudeti jokalarion gainean egotea gustatzen zaio, eta asko estutzen gaitu; baina, era berean, oso gertukoa eta atsegina da gurekin»

Urte askoan Realaren elastikoa jantzi ostean, aldaketa baten beharra sumatu zenuen. Zergatik?

Realak Caleta-Car fitxatu zuenean, niri atea ireki zidaten. Esan zidaten beste talde batera atera ahal nintzela jokatzeko aukera gehiago izateko. Sergio Franciscorekin elkarrizketa bat izan nuen, eta oso garbi hitz egin zidan. Eskertzen diot. Nire esku zegoen erabakia, eta Alavesek hasieratik erakutsi zuen interesa. Aukera ederra zen niretzat: talde on bat, etxetik gertu…

«Realak Caleta-Car fitxatu zuenean, niri atea ireki zidaten. Sergio Franciscorekin elkarrizketa bat izan nuen, eta oso garbi hitz egin zidan. Eskertzen diot»

Donostian lau denboraldi egin zenituen lehen taldeko jokalari gisa. Nola laburtuko zenituzke?

Garapen ona izan nuen, eta geroz eta partida gehiago jokatu nituen urtez urte. Baina behera egin nuen joan zen denboraldian. Lesio bat izan nuen, eta, zelaian izan nintzenean, ez nuen eman nire mailarik onena. Horregatik ere hartu nuen taldez aldatzeko erabakia; konfiantza berreskuratu ahal izateko etorri naiz Alavesera. Oraingoz, oso kontent nago erabakiarekin. Zelaian ondo ari naiz, eta gustuko dut Gasteizko bizimodu lasaia. Halere, egun libreetan Donostiara joaten naiz batzuetan. Eta bi egun libre baditut, Elizondora itzultzen naiz, familiarekin eta lagunekin egoteko.

Utzita ari zara Alavesen. Denboraldi bakarra egingo duzu bertan, edo gehiago ere izan litezke?

Ez dakit hurrengo urtean zer gertatuko den. Oraingoz, denboraldi honetan ari naiz pentsatzen. Nire helburua berriz ere maila onean aritzea da. Hamaikakoan tokia egin dut, eta ea bertan finkatzerik dudan. Kolektiboki, berriz, salbazioa ahalik eta arinen lortzen saiatuko gara. Talde oso lehiakorra gara, baina ezin gara lokartu; talde asko gaude mailari eusteko helburua dugunak.

Reala, normalean, gora begira egon ohi da, baina putzuan sartu da sasoi hasieran. Zer ari zaio gertatzen?

Jokalari askorentzat egoera berria da hor behean egotea, eta zailtasunak izan ditzakete irtenbideak topatzeko. Azkenaldian ez dut haiekin hitz egin; ez dut bazterrak nahasten ibili nahi. Baina ondo ezagutzen ditut, eta seguru nago gogor lan egin eta egoerari buelta emango diotela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.