Moto pilotua

Xabi Zurutuza: «Konturatu naiz arazoa ez nintzela ni, aurreko motoa eta taldea baizik»

Iaz munduko Moto3 txapelketan lehiatu ondoren, koska bat beherago aritu da aurten Xabi Zurutuza: Europako Moto2 txapelketan. Oso urte «positiboa» izan dela aitortu du, «izugarria» garatu baita.

Xabi Zurutuza. ANDIFER AMERICA RACING TEAM
Xabi Zurutuza. ANDIFER AMERICA RACING TEAM
2025eko abenduaren 18a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroaren 23an amaitu zuen Europako Moto2 txapelketako denboraldia Xabi Zurutuzak (Legazpi, Gipuzkoa, 2006). Iaz, munduko Moto3 txapelketan aritu zen, eta  aitortu du urte «gogorra» izan zela hura, gauzak ez baitzitzaizkion nahi bezala atera. Aurten, kategoriaz jaistea erabaki du, eta motoan «disfrutatzea» lortu du berriz ere: «oso pozik» dago.

Nola laburbilduko zenuke aurtengo denboraldia?

Oso denboraldi positiboa izan da, iazkoa dezente gogorra izan baitzen niretzat. Guztiz bestelako kategoria batean lehiatu naiz, guztiz bestelako moto batekin. Garaipenik eskuratu ez badut ere, oso pozik nago, izugarri garatu bainaiz.

Zein izan da gakoa denboraldia hain ona izateko?

Gauzak berriz ondo egiteko grina neukan. Denboraldiaurrean eta denboraldian eginiko lan guztiak fruitua eman du. Ia-ia bizitzera ere joan naiz Murtziara [Espainia], eta han entrenatu naiz egunero. Taldekoekin ere oso gustura egon naiz, eta uste dut haiekin edukitako harremanak ere bultzada bat eman didala halako emaitzak lortu ahal izateko.

Guztiz bestelako moto batekin lehiatu zarela esan duzu. Zein izan da desberdintasunik handiena?

Moto2 eta Moto3 kategorietako motoen arteko desberdintasun nagusia potentzian eta abiaduran dago. Moto2 kategoriako motoak Moto3koak halako bi dira pisuari eta potentziari begiratuta, eta orduko 60 kilometro azkarrago joan ohi dira.

Motoaz gain, zein da Moto2 eta Moto3 kategorien arteko desberdintasun nagusia?

Bira eta bihurgune bakoitzean eduki behar duzun zehaztasuna. Moto2 kategoriako txasisak oso gogorrak dira, eta potentzia aprobetxatzen jakin behar duzu. Bihurguneetara sartzeko eta horietatik ateratzeko orduan oso zehatza izan behar duzu. Bira batean azkarra izateak ez du ezertarako balio. Konstantea izan behar duzu, eta 22 biretan azkarrena izaten saiatu.

Zer eman dizu Europako Moto2 txapelketan lehiatu izanak?

Oso txapelketa ezaguna da niretzat. Zure jendearekin eta familiakoekin egoteko aukera daukazu; beraz, alde horretatik ez da hain profesionala. Munduko Txapelketan, jendeak harmailatik ikusten zaitu, baina Europakoan, barrutik ikusten zaituzte, eta haiekin egoteko aukera daukazu. Lasaitasun hori ematen dizu, eta asko igartzen da.

Denboraldia hasi aurretik, zer helburu zenituen?

Motoaren gainean berriz ere disfrutatzea. Lasterketaz lasterketa aritu nahi nuen, eta motora eta talde berrira nola egokitzen nintzen ikusi. Hasieratik oso ondo nabaritu nuenez neure burua, banekien aurrealdean ibiliko nintzela. Oso lan zaila neukan, maila oso handia baitzegoen. Lasterketarik irabazi ez badut ere, lau aldiz igo naiz podiumera; pozik nago egindakoarekin.

Lau podium horietatik, zein izan da bereziena?

Lizzanokoa [Italia] izan zen bereziena niretzat. Bi saihets hezur hautsita lehiatu nintzen. Neure buruaren aurka aritu nintzen gehienbat, min izugarria baineukan, eta botikak hartuta igo nintzen motora. Beraz, nahitaez, ez nengoen guztiz kontzentratuta. Motoan ere arazo bat izan nuen, eta bihurguneak ezin izan nituen nahi bezala hartu. Egoera zela eta, oso lasterketa zaila izan zen niretzat. Bigarren amaitu nuen, baina bigarren izatea lasterketa irabaztearen parekoa izan zen niretzat.

«Hasieratik oso ondo nabaritu nuenez neure burua, banekien aurrealdean ibiliko nintzela. Pozik nago egindakoarekin»

Aurten, Andifer American Racing Team taldean aritu zara. Zer moduz moldatu zara talde berrian?

Oso ondo. Taldea izugarria da. Hasieran, baneuzkan zalantza batzuk, askoz maila apalagoetako txapelketetan ibilitako taldea baitzen, baina ederki kudeatu dute guztia, eta talde ederra osatu dugu. Taldeko bi pilotuak lehen lau postuetan ibili gara beti, eta hor erakutsi dugu egindako lan guztia. Moto2 kategorian horrela ibiltzea ez da batere erraza.

Iaz munduko Moto3 txapelketan lehiatu zinen, eta ez zen urte erraza izan zuretzat. Nola bizi izan zenuen hori?

Horrelako urteak ez dira errazak guretzat. Bakarkako kirola da gurea, eta, gauzak gaizki doazenean, zuzenean eragiten dizu egoerak. Oso urte gogorra izan zen. Azkenean, luzea egin zitzaidan; izan ere, lasterketa dezente dira, bidaia asko, eta ordu asko igarotzen duzu etxetik kanpo. Gogorra izan zen, baina gauza asko ikasi nituen, eta horrek indartsuago egin nau buruz. Orain, horrelako beste urte bati aurre egin behar badiot, ahalik eta hobekiena kudeatzen saiatuko naiz.

Nola lortu zenuen egoerari buelta ematea?

Konturatuta arazoa ez nintzela ni. Uste dut arazoa motoa eta taldea zirela, ez baitzekiten motoa niri gustatzen zitzaidan moduan jartzen. Ez diot utzi gogor entrenatzeari, neure buruarengan konfiantza handia daukat, eta aurrera jarraitu dut.

Zure ustez, zein duzu indargune nagusia?

Askotariko egoeretara egokitzeko gaitasuna: moto berri batera, talde berri batera, zirkuitu berri batera, eta zirkuituko baldintzetara, besteak beste.

Eta, zer daukazu oraindik ere hobetzeko?

Alderdi guztietan hobetu dezakedala uste dut. Gaztea naiz oraindik, eta eskarmentua hartu eta lasterketa gehiago jokatu ahala, hobetu egingo dut pixkanaka. Lasai egon behar dudanean lasai egoten ikasi nahi dut, eta estutu behar dudanean estutzen. Horrela, hanka sartze gutxiago egingo ditut. Beraz, uste dut hortxe daukadala hobetzeko tartea: jakin behar dut noiz estutu eta noiz ez.

Munduko Moto2 txapelketako ordezko lanetan ere aritu zara. Zer moduzko esperientzia izan da?

Izugarria. Munduko txapelketa batera itzultzea ederra izan da niretzat. Aukera eman zidaten, eta aprobetxatzen saiatu nintzen: ederki pasatu nuen.

2026rako zer helburu duzu?

Nire helburu nagusia Junior GP kategoriako Moto2ko txapeldun izatea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.