Arrauna. Kontxako Bandera

Kontxa: bat aise, bestea ez hainbeste

Arraun Lagunak eta Orio izan dira azkarrenak Kontxako Banderako lehen igandean. 'Lugañene' ontziak bideratuta utzi du garaipena, baina ez 'San Nikolas' traineruak. Donostiarrak estu hartu ditu oriotarrak, eta bizirik iritsiko dira lehia erabakigarrira.

Donostiarrako arraunlariak, atzo, Kontxako Banderan egindakoarekin gustura. JON URBE / FOKU
Donostiarrako arraunlariak, atzo, Kontxako Banderan egindakoarekin gustura. JON URBE / FOKU
2026ko irailaren 7a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kinielak bete dira Kontxako Banderako lehen jardunaldian, hein batean behintzat. Orio eta Arraun Lagunak dira Kontxa irabazteko faborito nagusiak, eta haiek izan dira azkarrenak lehen estropadan. Baina emaitzak baditu ñabardurak. Emakumezkoetan, Lugañene ontziak aise irabazi zuen, eta, oraintxe, bederatzi segundo ateratzen dizkio bigarren sailkatuari, Tolosaldeari. Hortaz, bandera irabazteko lehian ez dirudi aurkaririk izango duenik. Gizonezkoetan, ordea, bestela daude kontuak. Oriok irabazi zuen, baina gertu du Donostiarra: hiru segundora. Ezustekoa ematen saiatuko dira etxekoak. Lortuko ote?

Xabat Pastor

Donostiarra taldeko arraunlaria

«Disfrutatzeko eta amesteko aukera da igandekoa»

«Astean zehar egindako saioetan ondo sentitu ginen, eta hori estropadan berrestea lortu genuen». Xabat Pastor Donostiarrako arraunlariaren hitzak dira. Gustura dago atzo egindako estropadarekin. Ez da gutxiagorako; izan ere, Kontxako Bandera lortzeko lehia betean da Igor Makazagak zuzendutako taldea. Donostiako ontziak Oriok baino hiru segundo gehiago behar izan zituen helmugaratzeko, eta uneren batean branka aurretik zela ere ibili zen. «Ez dugu hausnarketa orokorrik egin, baina gustura gaude egindakoarekin», esan du Pastorrek. 

Torrekua II ontzia ez da nahi bezala aritu Eusko Label ligan, eta Kontxako lehen igandean arantza ateratzea lortu du. Ligan gorabeheratsu aritu arren, Pastorrek konfiantza zuen taldearengan: «Batzuentzat agian ezustekoa izan zen gu horren ondo aritzea, baina trainerua ongi joan da azken astean, eta bagenekien lan ona egin genezakeela».

Eremuan baziren zikingune batzuk, eta, olatuen ondorioz, itsasoan ere bazen mugimendua. Donostiarrako arraunlaria, ordea, ez zuen ezustean harrapatu, Kontxako badian entrenatu baitziren aste osoan. «Astean zehar ere baldintza horietan aritu ginen. Kanpoaldera bizi joan ginen, baina, ondoren, kosta egin zitzaigun barrualderantz». 

Donostiarrak ez du sekula hain gertu izan bigarren igandean Kontxako Bandera irabaztea —2022an ere bigarren egin zuen, baina zortzi segundora zuen lehen sailkatua, Urdaibai—. Pastorrek hiriko taldearentzat bandera irabaztea zer litzatekeen kontatu du: «Ilusioz gaude. Gozatzeko eta amesteko eguna da igandekoa. Arraunlari guztiok amesten dugu Kontxa irabaztearekin, eta ederra da irabazteko aukera izatea».

Martxel Aldai

Orio taldeko arraunlaria

«Emaitza hobea nahi bagenuen ere, ongi lehiatu ginen»

Eusko Label ligan txapeldun izan da Orio, eta Kontxako lehen jardunaldian ere ez du huts egin. Martxel Aldai Orioko arraunlaria ontzi barruan izan zen atzo, eta estropada nola bizi izan zuen kontatu du: «Kontxako lehen jardunaldia irabaztea beti da garrantzitsua. Plan bat genuen, baina gure arraun egiteko eratik urrun ibili ginen». Hala ere, taldea lehiakor aritu izanari garrantzia eman dio: «Emaitza hobea nahi bagenuen ere, ongi lehiatu ginen. Gauzak nahi bezala irteten ez direnean ere garrantzitsua da lehiakorrak izatea».

Orioko arraunlariak estropada nola joan zen azaldu du: «Pasealeku Berrira heltzerako, tartea ireki genuen, baina ez genuen lortu horri eustea. Ondorioz, erreakzionatzea egokitu zitzaigun». Oriok estropada irabazi bazuen ere, ez da ezer erabaki oraindik. Aldaik abantaila nola ikusten duen kontatu du: «Estropada irabaztera irten behar dugu ezinbestean. Gure onena emanez gero, ez da erraza guri irabaztea, eta horretan saiatuko gara».

Kontxako Bandera gehien irabazi dituen taldea da Orio: 33. Iaz irabazi zuen azkenekoz, zortzi urteko lehortearen ostean, eta aurten ere garaipena du helburu. Aldaik esan du taldearentzat eta herriarentzat pozgarria litzatekeela Kontxako beste bandera bat irabaztea: «Kontxako estropadetako egunak bereziak dira herrian. Herriaren nortasunari lotuta dago Kontxako Bandera, eta beste edozein banderak baino garrantzi handiagoa du».

Aiora Belartieta

Arraun Lagunak taldeko arraunlaria

«Bederatzi segundo asko dira, baina ez dugu ezer irabazia»

Traineru bakar bat ere ez da kapaz izan denboraldi honetan Arraun Lagunak estu hartzeko, eta, nola ez, Lugañene ontziak etxeko lanak ondo eginda utzi ditu lehen igandetik: «Bederatzi segundo atera genizkion bigarrenari, eta aldea handia da. Astea lasai pasatzeko eta disfrutatzeko modua eman digu», adierazi du Aiora Belartieta Lugañene ontziko arraunlariak.

Denboraldi osoan ikusi denez, aurkariak baino koska bat gorago dago Arraun Lagunak, eta horixe erakutsi zuten atzo ere. Indartsu ekin zioten estropadari, eta hasieratik izan ziren nagusi: «Dena emanda atera ginen».

Horiek horrela, taldea gustura geratu zen egindakoarekin, eta urrats garrantzitsua egin zuten Kontxako Bandera laugarrenez jarraian irabazteko bidean. Hala ere, oraindik igandeko estropada dute jokatzeko, eta hori argi utzi nahi izan du Belartietak: «Arrauna da, eta edozer gerta daiteke. Bederatzi segundo asko dira, baina ez dugu ezer irabazia. Ondo bideratuta utzi dugu bandera, baina arerioei errespetua izan behar diegu».

Argi dute zein den helburua: igandean azken kolpea eman eta sasoia biribiltzea: «Denboraldi izugarria egin dugu. Estropada guztiak irabazi ditugu, bandera guztiak eskuratu, eta polita izango litzateke Kontxako Banderarekin biribiltzea». Orain arte egindakoari segida emanez gero, zaila izango da Arraun Lagunak-i bandera eskuetatik kentzea.

Janire Fernandez

San Juan taldeko arraunlaria

«Ondo sentitu ginen; estropada ona egin genuen»

Denboraldi bikaina ari da osatzen San Juan. Ligan hirugarren amaitu zuen, Kontxarako sailkatze estropadan denborarik onena egin zuen, eta, atzo, Kontxako lehen igandean, hirugarren egin zuen. «Ametsa bete genuen Kontxan sartuta, eta oso gustura geratu ginen atzo», esan du Janire Fernandez San Juan taldeko arraunlariak. Taldeko asko lehen aldiz aritu ziren Kontxan, eta pozik daude egindakoarekin: «Lehen kalea tokatu zitzaigula jakin genuenean, gazi-gozo geratu ginen, ez zitzaigun gustatu. Baina gurea eman genuen, eta ondo sentitu ginen. Estropada ona egin genuen».

Arraun Lagunak erraz nagusitu zen, baina, hortik behera, lehia estua izan zuten denek. Bederatzi segundoko tartean daude zazpi ontziak: bigarren Tolosaldea, hirugarren San Juan, laugarren Astillero, bosgarren Hibaika, seigarren Donostiarra, zazpigarren Zarautz, eta zortzigarren Orio. San Juanek, beraz, Tolosaldea du gainean, segundo bat pasatxora, eta Astillero azpian, hogei ehunenera. «Ligan bezala, ontzi asko gaude segundo gutxiko tartean, eta badakigu edozer gerta daitekeela. Arraun Lagunak oso indartsu dago, eta segundo asko ditu alde. Baina, bestela, edozer gerta daiteke». 

Hala ere, oraingoz, ez dute posturik buruan. «Gurea egitera joango gara, eta kito. Beti nahi duzu pixka bat hobeto egin, baina aurkari oso indartsuak ditugu, eta guztiok emango dugu dena. Lehiatu eta disfrutatu egin nahi dugu. Denboraldiari bukaera polita eman nahi diogu, eta, gero, atseden hartuko dugu».

Arraun Lagunak-eko arraunlariak, atzo, Kontxako Banderako lehen jardunaldia irabazi izana ospatzen. JON URBE / FOKU
Arraun Lagunak-eko arraunlariak, atzo, Kontxako Banderako lehen jardunaldia irabazi izana ospatzen. JON URBE / FOKU

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA