10:00ak dira, eta giro bikaina dago Donostian. Eguraldia lagun, jendeak Bulebarrean jartzen duten azoka arakatzeko eta Sagardoaren Egunera joateko baliatu ohi du estropaden lehen igandearen bezpera. Arraunlariek, baina, beren jardunean dute arreta. Talde guztiak Donostian entrenatu ez badira ere, mugimendua sumatu da kaiko arrapalan. Arraun munduko ikurretako bat da toki hori. Emakumezkoen ontzien artean, soilik Donostiako bi traineruek egin dute lan saioa han: Arraun Lagunak-ek eta Donostiarrak. Gizonezkoen ontziei dagokienez, Donostiarra han izan da, eta han entrenatu dira Orio, Ondarroa eta Isuntza ere. Denak gogotsu daude biharko estropadarako.
Hamasei talde izango dira guztira bandera irabazteko lehian, bi txandatan banatuta (11:00, ETB1). Itsasora ateratzen aurrenekoak emakumezkoak izango dira. Tolosaldea, Hibaika, Donostiarra eta Zarautz ariko dira lehen txandan, eta Astillero, Arraun Lagunak, San Juan eta Orio bigarrenean. Gizonezkoen lehiari dagokionez, berriz, lehen txandan Donostiarrak, Getariak, Oriok eta Ondarroak neurtuko dituzte indarrak; bigarrenean, berriz, Hondarribia, Isuntza, Zierbena eta Urdaibai ariko dira nor baino nor gehiago. Itsasoa bare zegoela entrenatu ziren atzo, eta gaur ere hala izatea espero da.

Arraun Lagunak-ek irabazi du Euskotren liga, eta Orio gailendu da Eusko Label ligan. Bada, Kontxan ere bi traineru horiek dira datorren igandean bandera astintzeko hautagai nagusiak. Gaur, eremua probatzeko aukera baliatu dute. Xubane Uribarrena Arraun Lagunak-eko arraunlariak taldea zer moduz dagoen kontatu du: «Estropadari heltzeko irrikaz eta konfiantzaz gaude. Sailkatze estropada ez jokatzeak aurretik sortzen den girotik kanpo utzi gaitu, baina Donostian entrenatu izanak balio izan digu». Irabaztea dute helburu, baina hori bakarrik ez: «Irabazteaz gain, orain arte erakutsitako maila ematea izango da helburua». Bandera irabaziz gero, berezia bezain garrantzitsua izango da aurtengo ekitaldia Arraun Lagunak-entzat, bosgarren aldia izango baitu. Hala, Kontxako Bandera gehien eskuratu duten taldeetako bat izango da, San Juanekin eta Rias Baixasekin berdinduta. Uribarrenak irabazi duten aldi guztietan parte hartzeko aukera izan du.
«Oraindik ez dugu sinesten. Ontziko inork ez du sekula aukerarik izan Kontxako estropadan parte hartzeko, eta berezia da»
LIBE GOÑI Zarautz taldeko arraunlaria
Poza izan zen nagusi sailkatze estropadan Kontxako lehian sartzea lortu zuten talde guztietan. Zarautzen, ordea, are handiagoa izan zen poza. Denborarik onenetan zazpigarrena eginda, lehian izango baita gaur. Hala, iazko arantza atera ahal izan du. Izan ere, epaileek azken orduan hartutako erabaki batek kanpoan utzi zituen. Libe Goñi arraunlariak taldekoen aldarteaz hitz egin du: «Oraindik sinetsi ezinik gaude. Traineruko inork ez du sekula aukerarik izan Kontxako estropadan lehiatzeko, eta berezia da». Behin sailkatuta, argi dute zer asmorekin uretaratuko diren: «Badakigu irabaztea zaila izango dela. Ondo jardutea eta gozatzea da gure helburua. Baliteke beste aukerarik ez izatea halakorik bizi izateko».
«Ez dugu helburu zehatzen inguruan hitz egin. Gure maila eman nahi dugu, eta udan demostratu duguna berretsi»
PEIO LOPEZ Zierbenako arraunlaria
Zierbenak egin zuen denborarik onena gizonezkoen sailkatze estropadan. Bigarren izan da ligan, eta, banderarik irabazi ez badu ere, erregular ibili da Dani Perezek zuzentzen duen taldea. Peio Lopez arraunlariak konfiantza du taldearengan: «Asteazkeneko estropada ona izan zen, eta ziur naiz orduan bezala arituz gero ondo jardungo dugula». Ez dute euren burua estutu nahi: «Ez dugu helburu zehatzen inguruan hitz egin. Gure maila eman nahi dugu, eta udan demostratu duguna berretsi. Ongi ari gara lanean, eta, hori eginez gero, gustura amaituko dugu».
Ondarroa, hiru urteren buruan
2023an sailkatu zen Ondarroa azkenekoz Kontxako estropadarako. Ligan zortzigarren egin ondotik, Kontxarako sailkatuta biribildu du denboraldia. Ligan, eguraldi txarra tarteko, halabeharrez jokatu zen estropada Donostian. Erlojuaren aurka lehiatu ziren ontziak, eta Ondarroa seigarren izan zen. Asteazkeneko sailkapen estropadan, postu bat atzerago amaitu zuen: zazpigarren.
Baina Iñaki Errastik zuzentzen duen ontzia izan zen sailkatzea lortu zuen azkena. Asier Irueta arraunlariak zenbateko ilusioa piztu zaien nabarmendu du: «Gogoz gaude. Asteazkenekoa ederra izan zen, eta gozatu egin genuen. Hori igaro ondoren, dena emateko prest gaude berriro». Bete-betean arituko direla berretsi du: «Asteazkeneko estropadarekin konparatuz aurrerapauso bat ematea da helburua. Txandan izango ditugun baldintzei begiratu gabe, gure lana egiteko asmoz irten behar dugu».
Emakumezkoak:
1. Txanda:
1. Tolosaldea
2. Hibaika
3. Donostiarra
4. Zarautz
2. Txanda:
1. Astillero
2. Arraun Lagunak
3. San Juan
4. Orio
Gizonezkoak:
1. Txanda:
1. Donostiarra
2. Getaria
3. Orio
4. Ondarroa
2. Txanda:
1. Hondarribia
2. Isuntza
3. Zierbena
4. Bermeo