Eguzkiaren goxoan egin dute traineruek Kontxako Bandera prestatzeko azken entrenamendua. Bare dago itsasoa, eta lasai ingurua. Hainbat herritar dabiltza paseoan, joan-etorrian, eta batzuek zeharka begiratzen dute kaira. Badira barandan jarrita arraunlariei so geratzen direnak ere, haien jarduna behatzen: itsasoan jo eta su ari dira batzuk, lurrean ergometroan besteak... Eta, behin saioa bukatutakoan, trainerua bizkarrean hartuta igotzen dute Donostiako kaiko arrapala denek. Mimoz zaintzen dute ontzia, eta prest utzi biharko: garbitu, eta ondo-ondo gorde.
Bihar jokatuko dituzte Kontxako Banderaren lehia erabakigarriak (11:00, ETB1). Bezperan, lasai dago giroa, baina jakina da 24 ordu barru guztiz aldatuko dela ingurunea. Jendez lepo beteko da portua, eta kolorez blaituko pasealekua. Orain isilik dagoen txokoan, zalaparta izango da nagusi. Eta zalaparta horretan protagonista izan nahi dute arraunlariek. Guztiek nahi dute gozatu eta lan ona egin, eta, eremuari neurria hartzeko, hainbatek erabaki dute azken entrenamendua Kontxan bertan egitea: gizonezkoetan, Oriok, Donostiarrak, Getariak eta Ondarroak; eta, emakumezkoetan, etxeko bi taldeak: Arraun Lagunak-ek eta Donostiarrak. Giroan ez da sumatzen tentsio handirik, baina lasai-lasai ere ez daude arraunlariak. Nork bere helburua izanagatik, antzeko daude denak: urduri, gogoz eta ilusioz.
Emakumezkoetan, etxeko lanak ondo eginda utzi zituen Arraun Lagunak-ek, eta eskura du bosgarren Kontxako Bandera. Oraintxe, bederatzi segundora du bigarrena, Tolosaldea. Gizonezkoetan, berriz, estu dago kontua. Orio dago aurrena, baina gertu du Donostiarra: hiru segundora, hain zuzen. San Nikolas ontzia da irabazteko faborito nagusia. «Uda osoan demostratu dugu gurea ondo egiten badugu oso lehiakorrak garela. Azkar goaz, eta aurkariei zaila egiten zaie guri jarraitzea. Horretan jarri behar dugu arreta bihar ere. Aste osoan ondo egin dugu lan, eta lehengo igandekoa hobetzeko asmoa dugu», adierazi du Gorka Aranberri patroiak.
Aitortu duenez, ezustean harrapatu zituen joan den igandean Donostiarra hain ondo aritu izanak: «Estropada guztian gure ondoan ibili ziren. Horrek sortutako estresa ondo kudeatu behar da, eta estropadan zaila izaten da hori. Baina tira, aurretik gaude, eta, orain, badakigu zertarako kapazak diren. Ligan seigarren zebilen, eta agian apur bat galduta genuen haien arrastoa, baina kartak erakutsi dituzte, eta badakigu zer dagoen jokoan».
Aurkari gogorra izango dute, Donostiarra konfiantzaz eta «bizipozez» baitago. Zaila dela jakin arren, «itxaropentsu» daude: «Bizirik gaude, eta gure onena emateko asmoz aterako gara», azpimarratu du Arkaitz Diaz patroiak. Estropada gogorra izango dela uste du: «Arraun munduan dagoen txandarik exijenteena dugu biharkoa. Badakigu Orio eta Zierbena kapaz direla txanda hausteko, baina guk gurea egin behar dugu, eta ea... Ilusio berezia dugu».
Beste lehia batean ariko dira Getaria eta Ondarroa. Aurreko igandean zazpigarren egin zuen Getariak, eta zortzigarren Ondarroak. Bada, «arantza» atera nahi dute biek. «Astea burumakur pasatu dugu. Denboraldi oso ona ari ginen egiten, eta igandean urduritasunak edo ez dakit zerk eragin zigun, baina ez genuen batere estropada ona egin. Hala ere, buelta eman diogu, eta motibatuta eta animatuta gaude», esan du Iker Eizmendi Getariako arraunlariak.
Ondarroak ere joan den igandean egindakoa hobetu nahi du, Ekhi Gozategi arraunlariak kontatu duenez: «Lehengo astekoa ez zen gure estropadarik onena izan, eta berriro sentsazioak hartu nahi ditugu. Borroka egin nahi dugu, eta ea bateren bat atzetik uzten dugun». Kontxarako sailkatzea zen Antiguako Ama trainerukoen denboraldiko helburuetako bat, eta lortu dute. Baina, behin barruan egonda, aho zapore onarekin bukatu nahi dute. «Jendearen babesa dugu, eta oso polita da hori».
Erakustaldiz erakustaldi
Arraun Lagunak-ek ez du etsairik izan denboraldi honetan, eta sasoia biribiltzea baino ez zaio falta, Kontxako Bandera irabazita. «Azken entrenamendua disfrutatu dugu, eta biharko gogoz gaude», esan du Xubane Uribarrena arraunlariak. Hala ere, argitu du oraindik ez dutela irabazi: «Ospakizunetan pentsatzen jartzea akatsa litzateke. Gaurko entrenamenduan izandako baldintzak badaude, zaila da bederatzi segundoko aldeari buelta ematea, baina badakigu beste taldeak ere gogotsu daudela. Ez gara ari segundo horietan pentsatzen. Kronometroak hutsean jarriko ditugu bihar, eta gure onena emateko asmoz aterako gara».
Donostiarrak, berriz, estropadaz disfrutatu nahi du, eta, noski, lehiakor aritu. Lehen txanda irabazten saiatuko dira: «Talde dezente gaude segundo gutxian. Aurreko postuak lortzeko borrokatu nahi dugu», azpimarratu du Nicole Maroño patroiak. Euskotren ligari eusteko kanporaketak «prestatzeko» ere baliatuko dute estropada, datorren astean jokatuko baitituzte. Kontxan lehiatu izanak mesede egingo diela uste du Maroñok.
Kontuak kontu, iritsi da arraunlari guztiek denboraldi hasieratik egutegian nabarmendua duten eguna. Badirudi itsasoa bare egongo dela, baina horrek ez ditu baretuko arraunlarien eta zaleen sabeleko kilimak.

Â