Kopa Euskal Herrian da jada

Zubietara heldu aurretik, Gipuzkoako zenbait herritatik pasatu da Realaren autobusa. Ospakizun handia bihar egingo dute, 18:00etan hasita, Anoeta eta udaletxearen arteko ibilbidea egingo dute txapeldunek autobusean, eta han izango dira hitz hartzeak.

Reala Kopako Txapeldun
Elustondo eta Oiartzabal koparekin, Hondarribiako aireportuan, zaleak agurtzen. JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
2026ko apirilaren 19a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Garaikurra etxean da. Realeko jokalariak Euskal Herrian dira jada, eta, haiekin batera, atzo Sevillan irabazitako Espainiako Kopa ere bai. Jokalarien hegazkina 14:10ean heldu da Hondarribiako aireportura, eta han bertan zituzten zain ehunka jarraitzaile txuri-urdinez jantzita.

Irteten lehenak Mikel Oiartzabal eta Aritz Elustondo kapitainak izan dira, kopa eskuetan zutela. Zoramena eragin dute zaleen artean. 14:30etarako autobusean ziren jokalariak, eta kopa aurrealdean jarrita, biratxo bat egin dute Hondarribia eta Zubieta artean dauden herrietatik: Errenterian izan dira, Pasaian, Donostiako zenbait auzotan...

Eta Zubietara iritsitakoan ere jendetza zuten zain. Z7 futbol zelaira igotzeko aldapan ehunka zale bildu dira txanpeldunei ongi etorria egin, eta autobusetik bada ere kopa ikusteko. Askok hipodromoan autoa utzi, eta oinez egin dute harako bidea. Horietako asko familiak ziren. Gehienek elastiko, bufanda eta bandera txuri-urdina zeramaten soinean, eta guztiei irribarrea antzematen zitzaien aurpegian, poza agerikoa zen. Baina baita ere nekea, luze jo baitzuen atzo ospakizunak.

Autobusa iritsi bitartean animo ohituak izan dira nagusi, eta kantatu ere egin dute.  «Goazen erreala, gozen txapeldun!», «Txapeldunak, txapeldunak, oe, oe, oe!». Zale talde batek bozgorailu bat eraman du, eta bertatik Aitor Zabaleta Harmailan abesten diren kantuak entzun dira. 

Hantxe zen Eneritz Begiristain. Tolosatik (Gipuzkoa) bertaratu da, haurrekin. «Atzo beste senide batzuekin batera ikusi genuen partida, etxean, eta haurrei hitz emanda genien gaur taldea agurtzera etorriko ginela Zubietara. Atzoko emozioen ostean, gaur ere urduri jaiki dira, eta gosaltzen ari zirela jada esaten ari ziren ea noiz etorriko ginen. Bada, hemen gaude». Taldea 14:00etan iristea espero zutenez, 12:00a aldera Zubietan ziren. Han inguruan bazkaldu, eta jokalarien zain zeuden, atzokoa gogoan. «Egia esan ikaragarria izan zen. Egun osoa oso berezia izan zen, eta final guztia emozio handikoa. Atletico Madrilek bigarren gola sartu ostean, itxaropena galdu nuen apur bat. Baina luzapenean taldea nola suspertu zen ikusita, penaltien garaipena lor genezakeela uste nuen, Marrero oso ondo ari baitzen. Penaltietan egin zituen bi geldituak ikaragarriak izan ziren».  Bihar ere Donostiara joateko asmoa dute: «Haurrak ikastolatik atera, eta hara joango gara, ea udaletxeko ospakizunera iristen garen».

Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jarritako pantailan ikusi zuten partida Arantzazu Minerrek eta Iñaki Ugartek. «Sevillako irudiak ikusita, inbidia apur batekin bizi izan genuen eguna. Baina hemen ere ikaragarri gozatu genuen. Giro aparta izan zen herrian egun osoan zehar». Partida «oso urduri» bizi izan zuten.«Batez ere luzapena eta penaltiak», onartu du Minerrek.  Amaieran negar egin zutela nabarmendu du Ugartek «Hunkigarria izan zen». Taldeak eta zaleek merezi zutela berretsi dute: «Azken batean 2021ean ezin izan genuen behar bezala ospatu. Hau beste zerbati da». Jon Martin herrikidearengatik poztu ziren batez ere. «Txikitatik ezagutzen dugu, eta atzo Kopa irabazten ikustea berezia izan zen. Sekulako neurketa jokatu zuen, gainera».

Reala Kopako txapeldun
Zaleak Realaren autobusa inguratzen, Zubietara iritsi denean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Mikel Perez aitonarekin akordatu zen epaileak partidaren amaiera adierazi zuenean. «Hark eraman ninduen lehen aldiz Anoetara Realaren partidaren bat ikustera, eta ordutik segitzen dut taldea. Orain hiru urte hil zen». Bost urtean bi garaikur irabaztea «gauza handia» dela uste du. «Gure belaunaldiko jendeak zorte handia dauka taldearen une hau bizitzeagatik. Bi titulu irabazteaz gain, azken urteetan ia beti sailkatu dira Europan jokatzeko, eta hori ere ez da erraza. Balio handia eman behar diogu. Are gehiago denboraldia nola hasi zen ikusita. Inork ez genuen espero». Bihar ere Donostian izango da. «Lanetik justu samar aterako naiz, baina ez dut galdu nahi».

Halako batean oihuak entzuen hasi dira. Bazetozen taldea zeramaten bi autobusak aldapan gora. Bufandak eta banderak gora zale askok haiekin batera egin dute gorako bidea, Z7ko aparkalekuan sartu arte. «Begira, ama, kopa», esan du neskato batek, autobusaren kristalera begira. Hortxe zen garaikur preziatua. 

Bihar Donostian

Lehen ospakizuna hortxe amaitu da, 16:00ak aldera. Izan ere, jokalariek euren autoak hartu eta euren etxeetarako bidea hartu dute jokalariek. Gauean lo askorik egin gabeak dira. Gauean lo askorik egin gabeak dira, eta atseden hartu beharko dute, ospakizun handia biharkoa izango baita.

Egun osoan zehar txuri-urdinez jantzita izango da Donostia, baina ekitaldi ofiziala 18:00etan hasiko da. Jokalariak autobus batean ibiliko dira Donostian zehar ordubetez, eta kalean milaka eta milaka elkartuko direla espero da. Ibilbidea Anoeta estadioan hasiko dute, eta Alderdi Ederren amaitu. Erdigune osoa igaroko dute, eta ospakizuna udaletxean izango da. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA