Ane Olaetak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1999) ez du ohiko uda izan. Lointek-ek Gernika saskibaloi taldearen babesle nagusi izateari utzi eta gero, klubak ez zekien Espainiako maila gorenean lehiatu ahal izango zen aurrerantzean ere. Olaetak ere beste talde batera joateko aukera aztertu behar izan zuen. Azkenean, Inversus babesle berriaren laguntzarekin, klubak aurrera egin du, baina aurrekontu txikiagoarekin eta jokalari multzoa ia erabat berrituta. Olaeta da taldean jarraitu duten bost jokalarietako bat, baita kapitaina ere. Joan den denboraldian mailari eusteko sufritu egin zutenez gero, taldearen egonkortasunak eta jokoaren bilakaerak axola dio Olaetari.
Lau partida irabazi dituzue, eta hiru galdu. Zer moduz ari zarete?
Ondo ari garela uste dut. Partida batzuetan beste batzuetan baino hobeto jokatu dugu, baina emaitzak hor daude. Oraindik lan asko egin behar dugu. Talde gaztea gara, eskarmentu handirik gabea, eta denboraldia oso luzea da.
Zertan hobetu duzue gehien?
Errebotea asko landu dugu, bai erasoan eta bai defentsan. Irabazi ditugun partidetan aurkariak baino errebote gehiago hartu ditugu, eta horrek aukera gehiago ematen dizkizu. Niretzat, defentsan hasten da dena. Defentsan denok parte hartzen badugu, sentipenak hobeak izaten dira, eta erasoan ere arinago jokatzen dugu.
Zer eskatzen dizu Franky Garciaren jokamoldeak?
Oso eroso nago Frankyrekin eta hark ematen didan konfiantzarekin. Joko antolatzailearen lana taldea ahalik eta ondoen gidatzea da: erritmoa jartzea, jokaldiak ondo hastea, taldekideentzat egokiak diren aukerak bilatzea eta partida jokatzen jakitea.
Zer moduz eraman zenuen udako ziurgabetasuna?
Aste tristeak izan ziren, herriarentzat eta niretzat. Nire ametsetako bat beti izan da etxean jokatzea eta Gernikako elastikoa eramatea. Babeslerik ez genuela eta agian talderik ez zela aterako entzuteak ziurgabetasuna sortu zidan. Ez zen beldurra, baizik eta urduritasun puntu bat. Oso pozik nago Inversus babesle bihurtu zelako, eta oso esker oneko Gernika osoarekin.
Beste talde batera joatea pentsatu zenuen?
Jokalari profesionala zarenean, beste aukera batzuk ere kontuan hartu behar dituzu, ez baitakizu taldea aterako den. Baina Gernikan jarraitzea nuen beti buruan, eta hori zen nire lehen aukera.
Nola egokitu da kluba aurrekontu txikiagoarekin jardutera?
Gernikako jende askok egiten du lan klubean, eta batzuek ez dute ezer kobratzen: nahi dutelako egiten dute lan hori. Eskertu egin behar zaie. Klub txiki batek ez du klub handiek bezainbesteko baliabiderik, baina familia giroa dauka. Jokalariok oso kontuan hartzen gaituzte, eta ahal duten guztia egiten dute guri laguntzeko.
«Nire ametsetako bat beti izan da etxean jokatzea. Babeslerik ez genuela eta agian talderik ez zela aterako entzuteak ziurgabetasuna sortu zidan»
Joan den denboraldian zer izan zen gogorrena?
Denboraldi osoa izan zen gogorra. Helburu handiak genituen Ligan eta Eurokopan, baina lesio asko izan genituen, eta horrek kalte egin zigun. Ostegunetan Eurokopan jokatuta, igandeetako partidetara nekatuta iristen ginen. Azken jardunaldiak bereziki estresagarriak izan ziren. Estudiantesen aurkako partida, esaterako, irabazi beharrekoa zen, eta irabazi egin genuen.
Zer ikasi zenuen?
Zure lanean ahalik eta erregularrena izan behar duzula, baita emaitzak onak ez direnean ere. Zure lana ondo egin duzulako irudipena baduzu, gustura egon behar duzu horrekin. Horrek laguntzen du bolada txarrak gainditzen.
Kapitain gisa, zer ardura duzu taldekide berriekin?
Kantxatik kanpokoa ere garrantzitsua da niretzat. Nik ere egon naiz etxetik kanpo, Lugon eta AEBetan, eta badakit zein garrantzitsua den saskibaloitik deskonektatzeko aukera izatea. Norbait bakarrik badago, elkarrekin afaltzera edo zerbait egitera joaten gara. Aurten oso talde desberdina dugu, baina oso ondo moldatzen gara. Nik familia eta lagunak ditut hemen, baina beste batzuek ez; eta horretan laguntzen saiatzen naiz.
Entrenatzailearen arabera, «taldeburua» zara. Agintzea gustatzen zaizu?
Ez. Ez naiz aginduak ematen ibiltzen diren horietakoa.
Zer aldatu da Franky Garcia lehen entrenatzaile denetik?
Laguntzaile zenean ere ikusten nuen oso entrenatzaile ona zela. Bi urteotan bakarkako entrenamendu asko egin ditugu, eta teknikoki asko daki. Orain hura da arduradun nagusia, baina gertutasunari eta konfiantzari eusten dio. Niretzat oso garrantzitsua da entrenatzailearen konfiantza izatea, batez ere partidetan urduri edo tentsiopean zaudenean.
Zuk esana da aurreko sasoietan presio handiegia jartzen zeniola zeure buruari. Zer moduz zaude orain?
Estatu Batuetatik itzuli ondoren, Lugon nengoenean, neure buruari presio handia jartzen hasi nintzen, eta ez nuen gozatzen. Horregatik, etxera itzultzea izan da hartu ditudan erabakietan garrantzitsuenetako bat. Konfiantza berreskuratu dut pixkanaka. Etxean egoteak asko lagundu dit: Malostetik ateratzen naizenean, ez dut saskibaloian pentsatzen. Hori funtsezkoa izan da nire kirol ibilbidean.
«Etxera itzultzea izan da hartu ditudan erabakietan garrantzitsuenetako bat. Konfiantza berreskuratu dut pixkanaka»
Ikasi duzu partida txarrei hainbesteko garrantzirik ez ematen?
Bai. Adinarekin, gauzak erlatibizatzen ikasten duzu, eta bereizten zer den benetan garrantzitsua. Partida txarra egiten badut, astelehenean ordu erdiz haserre egongo naiz, baina, gero, aurrera egiten dut. Ez dago besterik.
Zer da zuretzat partida batean ondo aritzea, estatistikak gorabehera?
Estatistikek zenbat eta gehiago erakutsi, orduan eta hobeto, baina, halere, ez dute dena jasotzen. Niretzat partida batean ondo aritzea kantxan dena ematea da: defentsan eta erasoan. Taldekide bat bakarrik badago, baloia ematea dagokit, nahiz eta gero hark saskiratzea ez lortu. Beste batek nik baino abantaila handiagoa badu, hari pasatzea da nire ardura. Defentsan ere leku egokian egon nahi dut. Amaieran dena eman dudala sentitzea da garrantzitsuena.
Zer da zuretzat herriko neska askoren eredu izatea?
Niretzat sekulakoa da. Oso polita da herriko ume batek ikustea herriko beste norbait maila honetara iritsi dela eta berak ere lor dezakeela pentsatzea. Ez bakarrik saskibaloian, beste kirol batean edo musikan ere bai. Asko gustatzen zait kalean umeek agurtzea. Malosten nire izena entzuteak eta haiek nigana etortzeak izugarrizko poza ematen dit. Haiek ematen didatena ere ikaragarria da.
Zer litzateke denboraldi ona zuentzat?
Ahalik eta partida gehien irabaztea da lehen helburua, eta talde moduan gero eta hobeto jokatzea. Oraindik ez gaude bete-betean, eta hobetu egin behar dugu. Erreginaren Kopa jokatu nahi dugu, baina horretarako lan asko egin behar dugu. Bide luzea daukagu aurretik.