Bera Berak ligan jokatutako partida guztiak irabazi ditu, azken biak izan ezik. Elxen aurka 20-25 galdu zuen Gaskan, eta, gutxigatik izan bazen ere, Rocasak mendean hartu zuen joan den larunbatean, 25-24. Edonola ere, oraindik lehen postuan daude sailkapenean. Gaur beste partida garrantzitsu bat jokatuko dute zaleen aurrean, Guardes hirugarren sailkatuaren aurka (18:00). Maitane Etxeberria (Lezo, Gipuzkoa, 1997) taldeko kapitainak adierazi du taldea ez dagoela «triste», garaipenaren bidera itzultzeko «gogotsu» baizik. Azaroan Europatik kanpo geratu ostean, astean behin jokatzen ari dira, eta, Etxeberriaren ustez, «kostatzen» ari zaie hala aritzea, ez baitaude horretara ohituak. Superkopa irabazita eta Europatik kanpo, bi helburu nagusi dituzte: ligako eta Kopako tituluak altxatzea, azken bi denboraldietan bezala.
Zer moduz ibili zarete azken asteetan?
Orokorrean, hilabete gogorra izan da. Urte berria hasi dugu, eta orain arte ez genituen aste luzeak; Europan lehiatzen aritu gara, eta astean bi partida jokatzen.
Europatik kanpo geratzearen ondorioz, astean behin jokatzen duzue. Kosta egin zaizue horretara ohitzea?
Uste dut baietz, kostatzen ari zaigula. Azkenean, astean bi partida jokatuta, ezin zara inoiz erlaxatu. Eta, orain, asteak luzeak direnez, askotan ez zaude guztiz kontzentratuta. Orduan, uste dut hori ere landu behar dugula.
Rocasaren aurka 25-24 galdu zenuten. Amaieran markagailua iraultzear egon zineten, baina, azkenerako, ezin.
Bai, gol bakarraren aldeaz galdu genuen, baina uste dut bigarren zatiaren hasieratik baloi asko galdu genituela, batez ere erasoan; horrek kondenatu gintuen.
Azken bi partidetan zertan huts egin duzue, zure ustez?
Aurkariak oso ondo aritzen dira gure kontra, eta uste dut defentsan detaile txikiak hobetu behar ditugula, erabat gaizki moldatzen ez garen arren. Erasoan, berriz, nabaritzen da taldea oso gaztea dela. Ataka zailetan, urduritasun handia nabaritzen da, eta, beraz, hori lantzen ari gara.
Ligari begira, beste partida garrantzitsu bat duzue gaur: hirugarren sailkatuaren aurka neurtuko dituzue indarrak, Guardesen aurka.
Partida zaila izango da. Alde ona da etxean jokatuko dugula, eta jendea gure alde izango dugula. Ziur naiz berotasun hori sumatuko dugula eta baliagarria izango zaigula partidari aurre egiteko. Taldea ez dago triste: gogotsu gaude egoerari bueltako emateko, bete-betean kantxara ateratzeko, eta partida irabazteko.
Guardesek irabaziz gero, puntuetan berdinduta geratuko zinatekete sailkapenean.
Bai, orain ezin dugu lasaitu, partida bat galduz gero hortxe egongo baitira, gure parean.
Edonola ere, ligan oso ondo aritu zarete orain arte: azken bi partidak kenduta, denak irabazi dituzue. Zer deritzozu orain arte egindakoari?
Europa alde batera utzita, uste dut ondo gabiltzala. Pena izan da Europatik kanpo geratzea, baina, aldi berean, bagenekien oso talde zaila tokatua zitzaigula. Beraz, niretzat, orain arteko balantzea ez da txarra.
Alba Menendezek eta Esther Arrojeriak erretiroa hartu, eta orain zu zara taldeko kapitaina, aurrenekoz. Nola daramazu?
Hasieran zaila egin zitzaidan, baina, batez ere, arraroa zen Alba eta Esther ez egotea. Taldean hasi nintzenetik egon dira hor, eta askotan esan dut haiek beti lagundu didatela taldea eramaten, eta haiengandik ikasi dudala. Saiatzen ari naiz haiek utzitakoa egiten. Oraindik ere badugu hartu-emana, eta beti egiten diet galderaren bat [barrez].
«Etxean jokatuko dugu Guardesen aurka. Ziur naiz berotasuna sumatuko dugula, eta baliagarria izango zaigula partidari aurre egiteko»
Taldeari dagokionez, Laura Hernandezek taldea utzi du oraintxe, eta datorren denboraldian Lyndie Tchaptchet ez da egongo... Taldekide garrantzitsuak dira.
Uste dut oso jokalari garrantzitsuak direla. Laurak ere denbora asko darama hemen, eta oso ondo ezagutzen du kluba. Nabarmena izango da haien hutsunea, baina halakoxea da kirola, jendea badoa eta badator, eta uste dut klubak ez dituela fitxaketa txarrak egingo.
Kopari begira, begiz jota izango duzue, Donostian jokatzekoa baita, 2021-2022ko eta 2023-2024ko denboraldietan bezala.
Gogotsu nago; bi Kopa jokatu ditut hemen, eta sekulakoak izan ziren biak, batez ere azkenekoa [hasperen egin du]... Ez dakit hitzez esaten, baina sekulakoa izan zen familia, lagunak eta hainbeste jende gurekin egotea eta irabaztea.
Superkopa irabazita eta Europatik kanpo geratuta, denboraldi honetako helburu nagusia ligako eta Kopako tituluak altxatzea izango da.
Bai, Europatik kanpo geratu ginenean horretan pentsatzen hasi ginen, eta horixe izango dugu helburua.
Ligari begira, okerrik ezean kanporaketak jokatuko dituzue. Nola ikusten dituzu?
Zaila egiten zaigu. Errazagoa zaigu erregularrak izatea, dena partida bakarrera jokatzea baino. Hala ere, horrela da, eta horretara egokitu behar dugu ezinbestean.
Harrobiko jokalari bakarra zara. Ikusita Bera Berak beti izan dituela haztegiko jokalariak, zer iritzi duzu horren inguruan?
Zaila da erantzutea; uste dut lan handia egin beharra dagoela. Oraintxe bertan gurekin entrenatzen ari dira Oihana Murgiondo eta Elene Fresco. Oihana gaztea da, eta ikasteko gogoz dago. Elene, berriz, gurekin jokatzen ari da partida batzuetan, eta uste dut indartsu dagoela.