Mendia

Kristin Harila eta Tenjen Sherpa hamalau zortzimilakotara igo dira 92 egunetan

Mendizale norvegiarrak eta mendizale nepaldarrak Nirmal Purjaren errekorra hautsi dute. Purja eskalatzaile nepaldarrak 2019an egin zuen aurreko errekorra, sei hilabete eta zazpi egunetan.

Kristin Harila eta Tenjen Sherpa K2 8661 metroko mendiaren tontorrean. SEVEN SUMMIT TREKS
Unai Mitxelena Balerdi
2023ko uztailaren 27a
16:31
Entzun

Kristin Harila norvegiarra eta Tenjen Sherpa nepaldarra inor baino azkarrago igo dira hamalau zortzimilakotara, 92 egunetan. Horrela, Nirmal Purjaren errekorra hautsi dute. 2019an Purja eskalatzaile nepaldarrak, sei hilabete eta zazpi egunetan lortu zuen.

Gaur goizean iritsi dira hamalau zortzimilakoetako azken tontorrera, 8.611 metroko K2 mendira. «10:45ean iritsi dira azken mendiko tontorrera, abiadura errekorra erreklamatzeko», esan du Mingma Sherpak, espedizioaren enpresa arduradun Seven Summit Trekseko zuzendariak.

37 urteko eskalatzaile norvegiarra aurreko urtean saiatu zen hamalau zortzimilakotara igotzen, sei hilabetean baino gutxiagoan. Apirilaren 28rako, hamalautik hamaika menditara igoa zen; Shisha Pangma, Cho Oyu eta Manaslubakarrik falta zitzaizkion, eta azaroaren 4ra bitarteko epea zuen errekorra hausteko. Erritmo ona zeraman, baina bertan behera utzi behar izan zuen Tibeteko autoritateek ez zietelako eskalada baimenik eman Shisha Pangma8.027 metroko mendira igotzeko.

Aurtengo apirilaren 26an, Shisha Pangmaraigo, eta erronkari berriro ekin zioten Harilak eta bere laguntzaile Sherpak. Maiatzean Nepalen dauden zortzi zortzimilakotatik, seitara igo ziren: Cho Oyura (8.188 metro) maiatzaren 3an, Makalura (8.485 metro) maiatzaren 13an, Kanchenjungara (8.586 metro) maiatzaren 18an, Everestera (8.848,86 metro) eta Lhotsera (8.516 metro) maiatzaren 23an eta Dhaulagirira (8.167 metro) maiatzaren 29an. Nepaleko azken bi zortzimilakoetara ekainaren hasieran igo ziren: Annapurnara (8.091 metro) ekainaren 5ean eta Manaslura (8.163 metro) ekainaren 10ean.

Nepaleko mendiekin bukatzean Pakistanera abiatu ziren: Nanga Parbatera (8.125 metro) ekainaren 26ean, Gasherbrum II.era (8.034 metro) uztailaren 15ean, Gasherbrum Iera (8.080 metro) uztailaren 18an, Broad Peakera (8.051 metro) uztailaren 23an, eta azkenik, K2ra (8.611 metro) gaur, uztailaren 27an.

«Mendizale munduan oso gutxik amesten dute mugak hautsi eta ezohikoa den zerbait lortzearekin. Horrelakoa da Kristin Harila eta Tenjen Sherparen istorioa, ausardiagatik eta erabakitasunagatik, beraien izenak mendizaletasunaren historian grabatuta geldituko dira», idatzi du Seven Summit Treksek bere web orrian.

Nepaleko argazkilari Purnima Shrestha K2 mendiko tontorrera igo zen aurreko ostegunean. Hamalau zortzimilakotara igotzen den lehen neska nepaldarra izan nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.