Markel Susaeta. Athleticeko kapitaina

«Kritikak gure maila hobetzeko eskaera gisa hartu behar ditugu»

Aurten hartu du Athleticeko kapitainaren besokoa Markel Susaetak. Taldean ari diren jokalarien artean partida gehien jokatu dituena ere bada: 451. Aitortu du lehen taldean dagoenetik «boladarik latzenean» ari direla bizitzen, baina ez du gura inork burua galtzerik. Haren ustez, egunero gogor aritzea da gora egiteko gakoa.

haritz gallastegi
Bilbo
2017ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Markel Susaeta eredu jarriko dute Lezaman. Gaztetxo zela aukeratu zuten Athleticen jokatzeko, eta, maila guztietan neurria eman ondoren, mailarik gorenera ailegatzea lortu zuen. Lehen taldearekin 11. sasoia ari da jokatzen, eta aurten, gainera, ardura berri bat dauka: taldeko kapitaina da, egun Gironan ari den Gorka Iraizoz ordezkatuta. Beraz, eskarmentu handiko gainerako jokalariekin batera, Athleticek duen krisia kudeatzen asmatu beharko du. Bere kirol ibilbide luzean gainditu beharko duen hamaikagarren azterketa da.

Athleticen bolada txarra da oso. Nola dago taldea?

Bada, pentsa ezazu! Ez gaude gurealdirik gozoenean. Bolada latzak gainditzeko, eguneroko lana da bidea. Orain arte egindako okerrak konpontzen ahaleginduko gara, aurrerantzean huts berak egin ez ditzagun.

Athleticek azken urteotan bizi izan duen aldirik gaitzena da?

Bai, izan liteke aldirik gaitzena. Ez gara ondo sentitzen. Partida gutxi batzuetan maila onean aritu gara, baina maila on horri segida ematea falta izan zaigu. Ezin dugu jarraitu partida on bakoitzeko bizpahiru txar jokatzen. Geldialdi honen ostean gauzak aldatzea espero dugu.

Hurrengo galdera erraza da: zer falta zaio Athletici? Zertan egin duzue huts orain arte?

Gauzak aldatzeko giltzaren jabe bagina, arazoak konponduta leudeke dagoeneko. Gauza asko pilatu zaizkigu: joko aldetik, ez gaude fin, eta, gainera, azkenaldion defentsan ez dugu erakutsi. Sasoi hasieran txukun aritu ginen atzeko lanean, eta gol gutxi egin zizkizuten. Baina gauzak aldatu egin dira: orain errazegi sartzen dizkigute. Zulo hori konpontzeak izan behar du eman beharreko lehen pausoa.

Denboraldi honetako emaitzak ez dira onak, baina ez da oraingoa jokoa sortzeko orduan erakusten ari zareten ezintasuna. Aurreko denboraldian ere asko kostatzen zitzaizuen gola sartzeko aukerak sortzea.

Hala da, baina aurreko sasoian etxean askoz sendoagoak ginen. Etxetik kanpo gehiago kostatzen zitzaigun, baina San Mamesen beti ginen lehiakorrak. Joan den sasoian, joko ona egin barik, partidak aurrera ateratzen genituen. Baina aurten ez. Emaitzen bolada on bat kateatu behar dugu, dinamikaz aldatu eta aurrera egiteko.

Jarraitzaile asko duela hamabi urte bizi izandako biurteko beltzaz oroitu da azkenaldian —2006-2007ko sasoian azken jardunaldira arte egon zen Athletic jaisteko arriskuan—. Orduko estutasunekin alderatzerik badago egungo egoera?

Oraindik asko falta da, baina normala da taldearen inguruan argi gorria piztea. Azken urteak oso onak izan dira: sarri sailkatu gara Europan lehiatzeko, Kopanmakina bat final jokatu dugu, Superkopa bat ere irabazi dugu... beraz, hasiera eskasa egin ondoren, logikoa da ingurukoak kezkatuta egotea.

Finean, azken urteotan egin duzuenaren preso zarete. Askoz gehiago eman dezakezuela erakutsi duzue.

Bai. Kritikak hazteko baliatu behar ditugu. Jarraitzaileek badakite zer eskaintzeko kapaz garen, eta kritikak gure maila hobetzeko eskaera gisa hartu behar ditugu. Guztiok gure onena ematen baldin badugu, onak izango dira emaitzak zein jokoa.

Gauzak txarto doazenean asko sufritzen al duzue jokalariok zelaian?

Asko ez, ikaragarri. Celtaren kontrako lehia oso adierazgarria izan zen. Lehen hamar minutuetan ondo presio egin genuen, baina zaintzan huts txiki bat nahikoa izan zen aurkariak gola sar zezan. Gola jaso ondorengo ordu laurdenean desastre aritu ginen. Talde bat txarto dagoenean, aukerak ez dira asmatzen, eta aurkariak, ezer gutxi eginda, txikitu egiten zaitu.

Azken urteotan garrantzitsuak izan zaretenek eman beharrekoa eman duzuela diote kritiko batzuek. Ados al zaude?

Ez dut uste. Taldea zaharberritzen ari da etengabe. Bigarren taldetik igo diren futbolariak oso ondoari dira. Oraindik ez gaude zukututa.

Talde batek maila ematen ez duenean aulkira begiratzen da. Entrenatzailea jartzen da jomugan. Kuko Ziganda al da Athleticen emaitza txarren erantzule nagusia?

Erantzuleak guztiok gara. Entrenatzailea eta jokalariak. Gu gara jokatzen dugunak.

Jarraitzaileak ilusioa galdu duela iruditzen al zaizu?

Hasiera txarrek eragina izaten dute arlo horretan. Gure esku dago zaleei ilusioa berreskuratzen laguntzea. Joko ona egiteaz gain, emaitza onak lortu beharko ditugu horretarako.

Asko kostatuko al zaizue zulotik irtetea?

Ezetz espero dut. Ez dakit zer gertatuko den hurrengo hilabeteetan, baina guk gure partetik egin beharreko guztia egin behar dugu. Egunero Lezaman egiten ari garen lana da giltza gora egiteko.

Egoera zail honetan zuri egokitu zaizu kapitaina izatea. Nola ari zara aurre egiten arazoari?

Egoera txarrak aurrez ere bizi izan ditugu; beraz, krisiak kudeatu izan ditugu lehenago ere. Hala ere, ezin dut ukatu kapitain gisa ezberdin hartzen dela egoera. Normaltasuna transmititzen ahalegintzen naiz, baina argi izanda egoera ez dela ona. Eskarmentu handien dugunok bultza egin behar dugu, eta, era berean, jokalari bakoitzak egoeraren hausnarketa egin behar du. Guztiok daukagun onena ematen badugu, egoerari buelta emango diogu.

Ardura handiagoa ematen du besokoa eramateak?

Kapitaina izatea besokoa eramatea baino gehiago da. Ezin dugu burua galdu. Ezin dugu urduri jarri ondoan daukaguna. Batasunari eustea garrantzitsua da horrelako egoeretan.

Athleticen kapitain izateak lotura zuzena dauka jokatutako partidekin. Zuk 451 aldiz jantzi duzu elastiko zuri-gorria. Talde zuri-gorriaren historian norgehiagoka gehien jokatu dituen zazpigarren futbolaria zara. Ibilbide bikaina ari zara egiten.

Lezaman sartu nintzenean, nahikoa lan nuen urtez urte taldean jarraitzearekin. Gaztetan, ia ezinezkoa iruditzen zitzaidana lortu nuen lehen taldearekin debutatu nuenean. Pentsa, beraz, zer etorri den gero. Hala ere, orain burua beste gauza batzuetan daukat.Taldea da lehentasuna.

Ernesto Valverdek ez zizun jokatzeko aukera handirik eman taldea zuzendu zuen azken denboraldian. Zure kirol ibilbidean gutxien jokatu duzun sasoia izan zen hori. Aurten, ordea, gauzak aldatu egin dira, eta gehiago ari zara jokatzen: hogei partidetatik hamazazpitan parte hartu duzu.

Aurten, zerotik hasi gara denok. Kukok aukera asko eman dizkigu guztioi, eta ni ere aukera gehiago ari naiz izaten.

Zelai erdian barrutik jokatu izan duzu sarri. Ez zara lehen jokalaria izango hegala utzi eta bere kirol ibilbideko azken denboraldiak erdian jokatuko dituena. Gustuko duzu egun ari zaren tokia?

Oso gustuko dut. Athletic B-ra ailegatu arte erditik jokatzen nuen. Ordutik hona, ia beti eskuin hegalean aritu naiz, baina euskarrien inguruan jartzen banaute, ez daukat arazorik.

Aurrera begira, asteon ez dago ligarik, baina hurrengoan Vila-realek bisitatuko du San Mames. Zer garrantzi ematen diozu lehia horri?

Oso garrantzitsua da. Partida hori aurrera ez ateratzeak taldeari min handia egingo lioke.

Kapitain gisa zer mezu bidaliko zenieke taldearen jardun apala dela-eta apur bat kezkatuta dauden jarraitzaileei?

Ez dugula amore emango, gure esku dagoen guztia egingo dugula. Eta, era berean, argi daukagula jokoa hobetu behar dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.