Realeko jokalaria

Nerea Eizagirre: «Kritikak? Ohituta nago. Ingurukoek beti babestu eta errespetatu naute»

Sasoia bikain hasi eta gero, orkatilan min hartu zuen Eizagirrek, eta jokatzeko aukera gutxiago izan du. Baina berriro bete-betean da, eta gogotsu bere onena emateko.

Nerea Eizagirre Realeko jokalaria. JON URBE / FOKU
JON URBE / FOKU
ainara arratibel gascon
Zubieta
2026ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irribarretsu iritsi da elkarrizketara Nerea Eizagirre Realeko jokalaria (Tolosa, Gipuzkoa, 2000). Hotz egiten du kanpoan, eta elkarrizketa bideo gelan izan da. Entrenamendua amaituta, ondoren Zubietan bertan bazkalduko dute jokalariek. Baina patxada hartu du galderei erantzuteko. Talde txuri-urdinak gaur jokatuko du Atletico Madrilen zelaian (12:00, DAZN). Beste bi euskal taldeek ere gaur dituzte neurketak. Alhamaren zelaian jokatuko du Eibarrek (12:00, DAZN), eta Levante Badalona hartuko du Athleticek (15:00, DAZN).

Gaur ekingo diozue berriro ere ligari. Hirugarren tokian zaudete sailkapenean, 30 punturekin. Zein izan da lehen itzulian hain ondo aritzeko gakoa?

Erregularrak izatea. Lehen bi hilabeteetan oso ondo aritu ginen: ondo jokatu genuen, partida asko irabazi genituen, gol asko sartu genituen... Azken bi hilabeteetan, aldiz, ez dugu hain ondo jokatu. Jokalari asko egon gara min hartuta; aurkariek gehiago ezagutzen gaituzte, eta hori nabaritu egiten da. Baina irabazten eta puntuak biltzen jarraitu dugu. Orain jokalari guztiak sasoiko gaude, eta espero dugu berriro ere denboraldi hasieran bezain ondo jokatzea.

Atletico Madrilen aurka jokatuko duzue, sailkapenean atzetik duzuen taldearen aurka. Haiek 26 puntu dituzte. Nolako itxura du partidak?

Partida zaila eta gogorra izango da. Gure helburua pazientziaz aritzea da, eta, hala, haiei partida luze egingo zaie. Horrek mesede egin diezaguke, haiek egutegi betea izaten ari direlako. Sendo eutsi behar diogu atzean, haiek oso jokalari trebeak eta bizkorrak dituztelako erasoan. Baloia dugunean, berriz, patxadaz aritu behar dugu, eta komeni zaigun erritmoan jokatu.

Zuen helburua Txapeldunen Ligarako sailkatzea da?

Askotan galdetu didate horren inguruan, eta beti zera esaten dut: gure helburua Reala ahalik eta gorenen egotea dela. Argi dago lehen hiruren artean geratzeko beharra Bartzelonak, Real Madrilek eta Atletico Madrilek dutela. Baina isilean eta ondo lan eginez, borroka horretan egon gaitezke.

«Oso erregularrak izaten ari gara. Azken bi hilabeteetan, hain ondo ez jokatu arren, puntuak biltzen jarraitu dugu»

Iragan astean jakin zen Edna Imadek, taldeko golegile nagusiak, ez duela taldean jarraituko astelehenetik aurrera. Bayern Munichek hura berreskuratzea erabaki du. Nola hartu duzue berria?

Duela aste batzuk jakin genuen guk. Bagenekien aukera hori bazegoela, eta, azkenean, gertatu egin da. Argi dago sekulako jokalaria dela, eta asko eman digu, jokalari erabakigarria baita. Zaila izango da hura ordezkatzea, baina talde ona daukagu, eta denen artean lortu beharko dugu haren falta ez nabaritzea. Besteok eraginkorrago aritu beharko dugu. 

Bost gol sartu dituzu sasoi honetan. Jokatuko al zenuke aurrelari postuan?

Nik uste dut badirela taldean ni baino jokalari aproposagoak horretarako: Lucia [Pardo], Mirari [Uria], Claire [Lavogez]... Baina jokatu beharko banu, egingo nuke. Denok dugu taldeari laguntzeko ardura.

Aurreko denboraldia gogorra izan zen. Oraingoan ondo aritzeko beharra sumatzen zenuten, ezta?

Denboraldi guztietatik ikasten da zerbait. Natalia [Arroyo] hemen egon zen lau urteetan asko ikasi genuen. Tekniko-taktikoki asko eman zion Realari. Jokatzeko modu bat ezarri zuen, eta horrek indarra eta nortasuna eman zigun. Joserekin [Sanchez Vera], berriz, asko landu genituen intentsitatea, diziplina, ahalegina... Horri esker taldea gogorragoa eta indartsuagoa da buruz. Denboraldi honetan, berriz, hamar urte hauetan topatu dudan talderik osoena daukagu. 

Eta Arturo Ruizek zer eman dizue?

Askotan esan digu taktikoki taldea oso landuta dagoela. Horrek asko lagundu eta erraztu dio bere joko proposamena lantzea. Oso gertukoa da, jokalariak asko zaintzen gaitu, eta ilusio eta gogo handiz aritzen da egunerokoan. Hori ere transmititu digu. Elkarrengandik asko ikasten ari gara.

Eta zuk nola daramazu denboraldia? Izan ere, azkenaldian gutxiago ari zara jokatzen. 

Lehen hilabete eta erdian oso ondo aritu nintzen. Baina, ondoren, min hartu nuen orkatilan. Uste genuen bigarren graduko bihurritu bat nuela. Hala, Granadaren aurka, berriz jokatzeko ahalegina egin nuen. Baina azkenerako edema bat ere banuen. Orain, pixkanaka, sasoia berreskuratzen ari naiz. Orkatila ondo dago, eta ni lasai nago. Argi dut berriro ere nire momentua iritsiko dela. Gabonetan lanean aritu naiz orkatila indartzeko, eta aste honetan sentipen oso onak izan ditut.  

Entrenatzaileak zer esaten dizu?

Arturok ondo ezagutzen eta zaintzen nau, eta asko hitz egiten dugu. Hark ere ni bete-betean egotea nahi du. Biok dakigu asko dudala emateko. Kanpotik nire lana ahalik eta gehien laguntzea izan da. Taldeak ere asko lagundu nau, eta asko eskertzen diet. Minez egon naiz, eta hori izan da gogorrena. Baina ikasi ere egin dut: garrantzitsuena orkatila erabat ondo egotea da. 

Taldearentzat ez ezik, zuretzat ere aurreko denboraldia ez zen erraza izan. Kritika asko jaso zenituen.

Nire izena, onerako edo txarrerako, beti ateratzen da. Ohituta nago, eta lasai hartzen ditut gauzak. Dudan maila kontuan hartuta, Josek asko exijitu zidan, baina, aldi berean, egia da beti jokatzen nuela. Hark zera lortu zuen: ni jokalari indartsuagoa izatea fisikoki eta psikologikoki. Arturo gertuagokoa da, baina biek asko eskatzen dizute. Kritikak kritika, garrantzitsuena zera da: oso babestuta eta errespetatuta sentitu naizela taldekideen, entrenatzaile multzoaren, klubaren, senideen eta lagunen aldetik; azken batean, inguru osoaren aldetik. Pribilegiatu bat naiz. 

Ekainean amaituko zaizu kontratua. Zer duzu buruan?

Lasai nago. Egia da hitz egiten ari garela. Klubak eta entrenatzaile multzoak ondorengoa transmititu didate: nik hemen segitzea nahi dutela. Azken erabakia nik izango dut. Negoziazioak ondo doaz, eta badakit hemen jokalari garrantzitsua naizela. Beti gustatzen zait Realari entzutea.

«Klubak eta entrenatzaile multzoak nik hemen segitzea nahi dute. Hitz egiten ari gara, eta lasai nago»

Zer behar duzu hemen jarraitzeko?

Motibazioa. Hamar urte daramatzat hemen. Taldea aldatu egiten da urtero-urtero, jokalari berriak daude, eta nik hemen segitzen dut. Ziurrenik ez naiz jabetzen oraindik 26 urte ditudala eta zer ari naizen lortzen. Gustura nago egunero hona etortzeagatik, gazteei laguntzeagatik, kanpokotik datozenei Reala zer den erakusteagatik, zelaian protagonista izateagatik... Garrantzitsua da ere tituluak irabazteko eta Txapeldunen Ligarako sailkatzeko borrokan egotea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.