Ez da geldirik egotekoa Udane Mugika (Elduain, Gipuzkoa, 2009). Eskalatzeko eta entrenatzeko probestu ditu Gabonetako egunak. Euskal Herriko hainbat eskalada hormatan ibili ondoren, Madrilen igaro ditu bost egun. 2026a urte garrantzitsua izango da harentzat. Ez du asmorik orain arte lortutakoarekin konformatzeko.
Noiz eta nola hasi zinen eskaladan?
Bospasei urte nituela hasi nintzen eskaladan. Tolosako Usabal kiroldegira joaten nintzen astean bi egunez. Behin, nire adineko neska-mutilak ikusi nituen eskaladako horman, eta izena eman nuen hango eskalada saioetan. Geroztik nabil horretan.
Zerk kateatu zintuen eskaladara?
Ez dakit zehazki zehazki zerk piztu zidan interesa, baina txikitatik gustatu izan zait leku guztietan zintzilikatzea. Ziurrenik, hori izango arrazoi nagusia.
Gaur egun euskal selekzioko kidea zara. Nolako bilakaera izan duzu lehiatzen hasi zinenetik gaur arte?
Hasieran, jolas moduan eta eskarmentua hartzeko lehiatzen nintzen, eta Espainiako hainbat domina lortu nituen blokeko txapelketetan. Zailtasuneko modalitatean ere lehiatzen nintzen, baina ez zitzaidan asko gustatzen. Hurrengo urteetan, finalerako sailkatu nintzen ia proba guztietan. Halere, ez nuen dominarik lortzen. Ezin urduriago ibiltzen nintzen, eta ez nintzen gai izaten neure buruari ipintzen nion presioa kudeatzeko. Nahiko bolada txarra izan zen buruz, eta, nahiz eta asko landu, ez nuen emaitza onik lortzen. Aurten, berriz, Espainiako Kopan jokatutako proba guztietan lortu dut dominaren bat; batez ere, mentalki egin dudan lan guztiagatik lortu dut hori.
Gogoratzen al duzu zuretzat mugarri izan zen lehiaketaren bat edo bideren bat?
Aurtengo blokeko azken Kopa mugarri izan da niretzat. Nire helburu nagusia zen blokeko Espainiako Kopan gailentzea eta probaren bat irabaztea, baina ez nuen lortzen lehen postuan geratzea; eta desiratzen nengoen. Azkenean, lehen postua lortu nuen azken proban, Potesen. Irabazteaz gain, Kopa ere eskuratu nuen. Niretzat oso txapelketa garrantzitsua izan da 2025eko Blokeko Espainiako Kopa.
Zer pasatzen zaizu burutik final garrantzitsu baten atarian eskalatzera irten aurretik?
Gauza asko pasatzen zaizkit burutik final garrantzitsu batean aritu aurretik. Batzuetan, pentsamendu negatiboak etortzen zaizkit burura, batez ere badakidalako zenbat dagoen jokoan. Hutsak egiteko aukera asko izaten da txapelketetan. Baina batez ere gauza positiboetan pentsatzen saiatzen naiz. Zaila izan arren, ahalegintzen naiz gogoan hartzen zenbateko lana, zenbateko esfortzua egin behar izan dudan han egoteko. Horrela pentsatzeak asko laguntzen dit neure burua lasaitzen. Halakoei esker, konfiantza handiagoa izaten dut neure buruarengan.
Amaitu berri den urtean emaitza bikainak lortu dituzu Espainiako txapelketetan. Zure ustez, zer izan da mailaz igotzeko gakoa?
Motibazioa, saiatzea, eta, batez ere, gaizki egindakoak asko lantzea izan da gakoa. Oso garrantzitsua iruditzen zait helburuak argi edukitzea eta edozer gauza egiteko prest egotea horiek lortzeko. Aurreko urteetan, frustrazioa oso handia izan nuen, denboraldia amaitzerako ez bainuen ez emaitza onik lortzen, ezta hobekuntza handirik nabaritzen ere. Denboraldiaz hausnartzean, konturatu nintzen lan asko egin behar nuela hori hobetzeko. Nire ustez, hori funtsezkoa izan da azken denboraldian emaitza onak lortzeko.
Non ibiltzen zara erosoago, blokean edo zailtasunean?
Blokean. Modalitate horretan egin beharreko mugimenduak hobeto egokitzen dira nire ezaugarrietara. Gainera, oso umetatik asko disfrutatu dut blokean lehiatzen. Txikiagoa nintzenean, ez nuen gustuko zailtasun modalitatea, beldurra ematen baitzidan. Orain, aldiz, gustuko dut, baina blokea baino gutxiago lantzen dut.
«Oso garrantzitsua iruditzen zait helburuak argi edukitzea eta edozer gauza egiteko prest egotea horiek lortzeko»
Zer desberdintasun nabaritzen dituzu Espainiako Kopako probetan lehiatzearen eta Nazioarteko Kirol Eskaladako Federazioarenetan lehiatzearen artean?
Nazioartean maila askoz ere handiagoa da. Jende asko lehiatzen gara, eta maila bereko edo antzeko eskalatzaile asko dago. Huts txikiak oso garesti ordaintzen dira horrelako txapelketetan, eta hormetako bideak ere oso ezberdinak dira.

Nola kudeatzen dituzu urduritasuna eta presioa txapelketa garrantzitsuetan?
Lan handia egin dut horretan, eta, orain, mezu positiboak errepikatzen dizkiot neure buruari; aldi berean, saiatzen mezu negatiboak alde batera uzten. Arnasa kontrolatzen ere saiatzen naiz, eta, batez ere, lasai ateratzen, azken emaitzan asko pentsatu gabe. Ahalegintzen naiz egin beharreko lanean pentsatzen, oso zaila izan arren.
Entrenamenduaren zein alderdi egiten zaizu gogorrena, fisikoa, teknikoa edo mentala?
Argi dago arlo fisikoa eta teknikoa gogorrak direla, are gehiago maila honetan. Baina, askotan, gogorragoa egiten zait sentsazioak eta emozioak kudeatzea. Batzuetan, entrenamendu txarrak egiten ditut —normala denez—, baina, gehienetan bakarrik entrenatzen naizenez, oso gogorra egiten zait emozioak bideratzea gauzak ez zaizkidanean ateratzen.
Txapelketa batean egin beharreko bide batean espero bezala jarduten ez duzunean, nola bideratzen duzu frustrazioa?
Kosta egiten zait hori kudeatzea. Asko eskatzen diot neure buruari: asko haserretzen naiz momentuan, eta emozioak kudeatzea ere zaila egiten zait. Amaitzean, eta, nire entrenatzailearekin hitz egin eta gero, lasaitu egiten naiz.
Zenbateko garrantzia du inguruan duzun taldeak zure emaitzetan?
Garrantzi izugarria du. Nire entrenatzailea eta taldekideak oso garrantzitsuak dira niretzat, bai egunerokoan, bai lehiatzeko orduan ere. Entrenatzailea bertan egoteak konfiantza ematen dit. Baina, batez ere, nire familiak du garrantzirik handiena nire ibilbidean. Nire esfortzuaz gain, haiena ere hor dago: asteburuero nirekin bidaiatzen dute, entrenamenduetara eramaten naute, eta, batez ere, beti nire alboan egoten dira edozer gauza behar dudanean.
Zer irakatsi dizu eskaladak hormatik kanpo?
Gauza asko. Zerbait aipatzekotan, zera aipatuko nuke, batez ere: irakatsi dit helburuak lortzeko lan asko egin behar dela, eta, zaila izan arren, inoiz ez dela etsi behar.
Zure kirol ibilbidean bolada zailak izan dituzunean, nola gainditu dituzu?
2023ko eta 2024ko denboraldietan ez nuen bolada oso ona pasatu buruz. Txapelketetako final guztietarako sailkatzen nintzen, baina finalean ez nuen inoiz lortzen barruan nuen guztia ematea. Ez nuen batere konfiantzarik neure buruarengan, eta huts egiteko beldur handia neukan etengabe. Lan mentala oso gogorra da; izan ere, prozesuak denbora behar du, eta emaitzak ez dira segituan nabaritzen. Baina hori guztia asko landuz gero, lanak emaitzak ematen ditu azkenerako.
Zure ustez, zein dira eskalada kirol gisa hobekien definitzen duten balioak?
Pasioa eta esfortzua.
«Eskaladak zera erakutsi dit: helburuak lortzeko lan asko egin behar dela, eta zaila izan arren inoiz ez dela etsi behar»
Zer helburu lortu nahiko zenituzke epe labur eta ertainean?
Datorren urteetara begira, nire lehen helburua da Europan lehen postuetan ibiltzea.
Goiko maila nagusian aritzearekin edo Olinpiar Jokoetara joatearekin amets egiten duzu?
Bai. Txapelketa horietara iristea izugarria izango litzateke, eta hori da nire helburuetako bat. Halere, argi daukat horrelako helburuak lortzeko pausoz pauso ibili behar dudala, eta ibilbideaz gozatu.
Nola uztartzen dituzu goi mailako eskalada, ikasketak eta bizitza pertsonala?
Nahiko zaila egiten zait dena ondo eramatea. Ikastolan ordu asko igarotzen ditut, eta, ikasteko, entrenatzeko eta nire gauzetarako oso ordu gutxi dauzkat. Aldi berean, denbora ondo kudeatuz gero, hirurak ondo uztar daitezke, nahiz eta zaila den eta niretzat denbora gutxi dudan.
Badago bereziki miresten duzun eskalatzailerik edo kirolaririk?
Bai. Janja Garnbret esloveniarra da gehien miresten dudan eskalatzailea.
Zer esango zenioke eskalatzen hasi berri den eta zu erreferente gisa ikusten zaituen neskatxa bati?
Bideaz eta eskaladaz asko gozatzeko, eta egin behar duen guztia gogoz hartzeko.
Urte batzuk barru atzera begiratzean, zer gustatuko litzaizuke lortu izana, emaitzak alde batera utzita?
Lehiatzen dudan bitartean disfrutatzea eta urduritasuna eta presioa kudeatzea.
Zer helburu dituzu datorren sasoirako?
Europan, lehen postuetan aritzea; munduan, lehiatzea; eta, orokorrean, ahalik eta gehien hobetzea.
MOTZEAN
Eskaladan egin duzun lagunik onena? Candela Amador.
Eskalatzeko leku bat? Rodellar (Huesca, Espainia).
Eskalatzaile bat? Janja Garnbret.
Beste kirol bat? Atletismoa
Kirolari bat? Abraham Olano.
Sareetan gehien erreparatzen diozun kirolaria? Natalia Grossman eskalatzailea.
Jateko? Pasta.
Edateko? Ura.
Musika talde bat? Zetak.
Abesti bat? Galtzaile (Kaparrak).