1 Formula

Lando Norris: hasieran eta bukaeran, buruan

Lando Norris McLaren taldeko gidari ingelesak lehen aldiz irabazi du Munduko 1 Formula Txapelketa. Lehen eta azken lasterketetan sailkapenaren buru izan da, baina ez tartean. Gertukoa eta gizatiarra izan da, eta kritikoen jomuga.

Lando Norris. ALI HAIDER / EFE
Lando Norris, McLaren taldeko kideekin munduko txapelduna dela ospatzen, atzo, Abu Dhabin. ALI HAIDER / EFE
Laurentzi Garmendia
2025eko abenduaren 8a
10:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Max Verstappen (Red Bull) 1.457 egunez izan da 1 Formulako munduko txapeldun. Egun bakarra baino ez darama Lando Norrisek (Bristol, Ingalaterra, 1999), baina bera da gidari guztien artean zoriontsuena. Aurreko 34 txapeldunen zerrendan bere izena jarri zuen atzo, nahiz eta lasterketa garaipena haren aurkari zuzenenak lortu zuen: Verstappenek. Puntu sistema hau 2010ean indarrean sartu zenetik, inoiz ez zen halako alde txikiarekin erabaki txapelduna. Sebastian Vettelek, 2010eko amaiera zoro hartan, lau puntu atera zizkion Fernando Alonsori, eta bi urte geroago, hiru puntu. Norrisek, berriz, bi puntu eskasen aldea besterik ez dio atera Verstappeni.

Puntuak oparitu dituzte

Halako alde txikia ikusita, saihetsezina da atzera begiratu eta batari zein besteari zenbat puntuk alde egin dieten gogoratzea. Nola ahaztu McLarenek bere buruari ezarri zion zigorra, duela bi lasterketa. Hura gabe, Norrisek titulua bereganatuta hasiko zukeen Abu Dhabiko lasterketa, eta Oscar Piastri taldekidea izango zuen aurkari nagusi. Eta Qatarko lasterketan McLaren autoek estrategian izandako hanka sartzea. Horrek azaleratu egin ditu talde gisa oraindik dituzten gabeziak, beheko postuetan lehiatzean eragin txikia dutenak, baina alboan Red Bull bezalako makineria kasik perfektua dagoenean mesede barkaezin direnak.

Horrekin ere, Red Bullen barne kudeaketak izan du zer hobeturik. Lehenik eta behin, Verstappenek Bartzelonan izandako jokabideak, zuzenean George Russellen Mercedes autoaren kontra talka egitera joan baitzen, frustrazioak eta haserreak eraginda. Bederatzi puntu galdu zituen, baina, askoren ustez, Nazioarteko Automobilsimo Federazioak (FIA) bigunegi epaitu zuen istilu hura. Atzera begiratuta, txapelketa han ere galdu zuela gogoratu zioten igandean Verstappeni, eta hark erantzun zuen galdera «inozoa» zela. Taldearen garairik okerrenetakoarekin bat egin zuen lasterketa hark. Lehiatzeko orduan taktika ezohikoak erabili ohi dituzte Red Bullen, eta bertan duten kultura horrek McLaren izan du jopuntuan. Eta zehazki, Norris.

Osasun mentalaren ikur, baita jomuga ere

Norrisek aitortu izan du iraganean arazoak izan dituela buru osasunarekin: esan zuen 1 Formulara jauzi egin zuenean bere buruarekin zalantzak zituela eta «denbora askoan depresioak jota» egon zela. Igandean, mundu guztiko telebista eta gailuetan agertu zenean titulua irabazi eta negar malkoei eutsi ezinda, zera esan zuen: «Ene, galtzaile hutsa dirudit», ingelesezko loser hitza erabiliz. Bere buruarekin duen erlazio zail horri eraso egin zion iaz Red Bulleko Helmut Marko aholkulariak. Berehala jaso zituen beste gidari eta taldeburuen aldeko erreakzioak Norrisek: Lewis Hamilton, Zak Brown eta Toto Wolffenak, besteak beste. Christian Hornerrek ere txalotu egin zituen bere aurkari nagusi Wolffen hitzak.

Gorabeherak gorabehera, Norris izan da urteko gidaririk erregularrena. Lehen lasterketa irabazi zuen Australian, baina, horren ondoren, Piastrik hartu zuen agintea. Saudi Arabian australiarrak burua hartu zuenetik, Norris bigarren mailan geratu zen. Eta Piastri gain behera joan zenean —oraindik argitzeko dagoen gertakizun misteriotsu batengatik—, Verstappenen itzal bilakatu zen. Argi esan daiteke urtearen lehen erdia Piastrirena izan zela, urteko bigarren erdia Verstappenena, eta urte osoa bere horretan hartuta irabazi duela Norrisek. Zazpina garaipen lortu dituzte McLareneko gidariek, eta zortzi Verstappenek.

McLarenek emandako konfiantza itzuli die

Duela hamar urte, Hamiltonek bere hirugarren titulua lortu zuenean, Norrisek 15 urte zituen, eta Britainia handiko 4 Formula Txapelketan parte hartu zuen, baita aise irabazi ere. Hurrengo urtean hiru txapelketatan parte hartu zuen, eta hirurak bereganatu. McLarenek berehala fitxatu zuen, eta 3 Formulan eta 2 Formulan prestatu, talde nagusira pasatzeko asmoz. Guztia jarraian egin zuen, eta, 2019an 1 Formulan debuta egin zuen 19 urterekin. Haren izena McLareni itsatsia dago, eta luzaroan jarraituko du ziurrenik. Hala, Mika Hakkinenek eta David Coulthardek talde horretan egindako bederatzi denboraldiak berdinduko ditu ia ziur. Lasterketa kopuruari dagokionez, Norrisek dauka errekorra, gaur egun proba gehiago jokatzen baitituzte.

Bere lehen titulua bada ere, aro baten amaierarekin bat egin du. Ferrarik apirilean eten zuen aurtengo autoaren gaineko lan karga, 2026ko autori begira jartzeko. McLarenek eta Red Bullek azkenera arte jarraitu dute lehian, eta ikusi beharra dago horrek nola eragiten dion hurrengo urteko diseinuari. McLarenek Mercedesekin jarraituko du, eta Alemaniako motorrek ustez abantaila dute iraultza teknologiko berri horri begira; 2014an ere horixe gertatu zen. Red Bullek bere motor propioak egingo ditu, nahiz eta Ford izena eduki. Aurtengoa bezalako lehia esturik ez da izango datozen urteetan. Zalantzarik gabe, Norris denboraldi historiko baten txapelduna da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.