Atzetik aurrerako lana egiten espezialistak dira Larrazabal eta Mariezkurrena II.a. Duela pare bat aste, Jaka-Iztuetaren kontra, gutxi falta izan zitzaien balentria lortzeko, eta gaur bai, gaur lortu dute Laso-Albisuren aurka (20-22).Â
Gorriak nagusi ziren hasieran. Larrazabalek bi huts egin ditu lehen bi tantoetan, eta pixkanaka tartea zabaltzeari ekin diote faboritoek. Laso asko sartu da jokoan, airez pilotakada mordoa jo ditu, eta ez dio eroso jokatzen utzi Mariezkurrenari. Dena den, aukera izan duen bakoitzean pilotakada ikusgarriak jo ditu Berriozarko atzelariak, eta defentsan ere ez du lan makala egin (5-4).
Laso fin aritu da lehen hutsartera arte (9-5). Korrika asko egitera behartu du Mariezkurrena, eta, horri esker, Albisuk ez du arazo handirik izan atzeko koadroetan.

Lasok eta Albisuk neurketa kontrolpean zutela zirudien, baina ez dute haustea lortu. Bost tantorena izan dute alderik handiena.
16-11 zihoazela, elkarren aurka sekulako kolpea hartu dute biek, eta Lasok min hartuta utzi du kantxa. Belaunean egin zioten ebakuntzatik itzuli berria da, laugarren partida izan du gaurkoa, eta inguru horretan hartu du min. Azkenean, ordea, jarraitzeko gai izan da, itxura batean arazo handirik gabe.
Esnatu dira urdinak
Ondo itzuli da aldagelatik Bizkarreta-Gerendiaingoa (18-13), baina orduantxe hasi dira asmatzen urdinak. Larrazabalek bizpahiru tanto egin ditu, Mariezkurrenak ere beste bat, eta presiopean heldu dira gorrien hutsak (19-19). Urdinen azken hiru tantoak modu berean heldu dira, azkenean: Albisuk galdutako hiru pilotakadatan (20-22).Â
Faboritoak ziren gorriak, arazo handirik gabe irabazteko moduan zirela zirudien, baina Larrazabalek eta Mariezkurrenak beste behin ere erakutsi dute bikote gogorra direla. Ondorioz, lehen porrota Laso-Albisurentzat, eta lehen garaipena Larrazabal-Mariezkurrena II.arentzat.