Altuna III.a-Ezkurdia 16-22 Laso-Albisu

Laso eta Albisu, binakako txapeldun

Lehen zati gogorraren ondoren, bigarrenean sendoago jokatu du Baikoko bikoteak, eta merezita irabazi diete Altuna III.a eta Ezkurdiari: 22 eta 16. Biek jantzi dute lehenengoz binakako txapela.

Laso eta Albisu txapela soinean, gaur, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Laso eta Albisu txapela soinean, gaur, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
jon eskudero
2026ko martxoaren 29a
19:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusmin eta giro izugarriaren artean, Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk irabazi dute Binakako Txapelketa, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan. Harmailetan jostorratzik ere kabitzen ez zela, partida bikaina egin du Baikoko bikoteak, eta merezita gailendu da Jokin Altunaren eta Joseba Ezkurdiaren aurrean: 22 eta 16. Lehen zatia oso gogorra izan da, lehiatua eta erritmo handikoa, eta berdinketak izan dira nagusi. Tantoak egin gehiago egin dituzte urdinek, baina galdu ere bai. Bigarren zatiari begira, sendotasuna lortu dute urdinek, eta horri esker erraztu zaie txapelerako bidea. Bigarren atsedenaldi luzera 18 eta 10 iritsi dira aurretik, eta azken txanpan lana erruz egin behar izan badute ere, ongi merezita bururatu dituzte txapelak. Zehazki, profesional mailan hamasei urtez jardun ondoren, lehen aldiz izan da txapeldun Albisu. Lasok, bere aldetik, hiru modalitateen klubean sartzea lortu du, aurrez bazituen eta lau t’erdiko eta buruz buruko txapelak.

Hasieratik izan da ona eta kalitate handikoa finala. Erritmo handian kantxaratu dira lau pilotariak, baita trenpu onean ere. Inori ez zaio urduritasunik nabaritu. Lasok eta Albisuk lortu dute aldea markagailuan, baina oso txikia: 1-3, 2-4 eta 4-5. Itxura eman du dezentez gehiago izan direla jokoan Baikokoak, baina nagusitasun hori ezin izan dutela emaitzan islatu. Besteak beste, Altuna III.aren eta batez ere Ezkurdiaren meritua izan da hori. Harriak baino gogorrago jardun dute defentsan, ezinezkoa zirudien pilotak jarri ditu Arbizukoak txapa gainean, eta horrek eragin du urdinek behar baino opari gehiago egitea.

Albisu pilota jotzen, gaur. AITOR KARASATORRE / FOKU
Albisu pilota jotzen, gaur. AITOR KARASATORRE / FOKU

Hain zuzen, Altuna eta Ezkurdia 6-5 jarri dira aurretik. Horixe izan da momentu bakarra aurrea hartzea lortu dutena. Oso opari gutxi egin dute, eta ezer gutxi behar izan dute tantoa egiteko. Aukera bakarra izanda tantoak bere patrikan sartzea lortu du amezketarrak pare bat aldiz. Dena den, Albisuk eutsi dio zutik bikoteari. Kontzentratuta aritu da, eta pilotakadak haustera baino, ezker horman sartzera joan da. Seinako eta zazpinako berdinketen ondoren, urdinek berriz aurrea hartu dute, eta 7-9 jarri dira aurretik. Albisuk errebotean jarri du pilotakada hori, eta zutiarazi egin ditu harmailetan zeuden jarraitzaileak. Albisuri berari eman diote finaleko pilotaririk onenaren saria.

Bederatzina ere egon da partida, berriz ere, urdinek eurek opariak egin dituztelako. Bi aukera garbietan txapa azpira ihes egin dio pilotak aurrelari nafarrari. Lehen atsedenaldira bitarte, besteak beste, lau akats egin ditu Albisuk, eta hiru Lasok. Gehitxo, final baterako. Hori bai, atsedenaldi luze horretara 9-12 aurretik heldu dira garaileak, eta horrek arnasa eta konfiantza eman dizkie bigarren zatiari begira.

Zaleen pankartak, gaur, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU
Zaleen pankartak, gaur, Iruñean. AITOR KARASATORRE / FOKU

Akaso, aginduak jaso dituzte aldageletan atsedenaldi luze horretan, eta bigarren zatian askoz sendoago jokatu dute urdinek. Ez dute batere oparirik egin, eta pazientziaz jardun dute. Gutxi arriskatu du Lasok: bakarrik aukera garbiak zituenean. Gainontzean, atzera jo eta pilota ezker horman sartzea izan dute helburu bi urdinek. Bete-betean asmatu dute estrategiarekin. Jokoz kanpo utzi dute Altuna III.a, eta Ezkurdia nekatu egin da fisikoki. Sekulako lana egin behar izan du pilotak eramaten eta txokoa zaintzen, eta azkenean faktura pasatu dio lan horrek. Bigarren zati perfektuari esker, bigarren atsedenaldi luzera 18-10 aurretik iritsi da Baikoko bikotea.

Azken txanpan, sustoa

Bazirudien txapelerako bidea egina zutela, baina nekez izan daiteke txapeldun sufritu gabe. Atsedenalditik bueltan bere gain hartu du aginte makila Altuna III.ak, eta bi tanto eder egin ditu aurreko koadroetan. Tentsioa areagotu egin da kantxa barruan zein harmailetan, baina tenpleari ongi eutsi diete urdinek. Ez zaie gorputzean sartu irabazteko beldurra, eta batez ere ataundarrak bikain erantzun du. Lana gogor egin ondotik, 15-20 eta 16-21 aurretik jarri dira Baikokoak. Burugogor jokatu dute oso. Arriskatzeko hainbat aukera izan ditu nafarrak, baina ez du aurreko jokoan sartu nahi izan. Atzera jo eta jo jarraitu du, Ezkurdia lehertu arte, eta azkenean era horretan iritsi da hainbeste desiratutako 16-22koa.

Azken tantoa egitearekin batera, ia behera erori da frontoia, Ataundik hurbildutako pilotazaleen poza sekulakoa izan baita. Ez da gutxiagorako. 2013an lesio baten erruz txapeldunorde izan ondoren eta 2021ean finala publiko gabe jokatu ondoren, gaur eskuratu du profesionaletako lehen txapela Albisuk. Pilotak zor zion halako zerbait, eta erarik onenean igo da podiumaren gorenera ataundarra. Pilotaririk onena izan da, eta zorioneko egin ditu bere ingurukoak. Lasok egin duen marka ere handia izan da. Orain arte beste bi modalitateetan txapelduna zen, eta orain binaka ere zerrendan agertuko da bere izena. Hala, hiru modalitateetan txapeldun diren beste izen batzuetara gehitu du bere izena: Julian Retegi, Fernando Arretxe, Juan Martinez de Irujo, Abel Barriola, Aimar Olaizola, Oinatz Bengoetxea, Mikel Urrutikoetxea eta Jokin Altuna. Horrez gain, Baiko-Asegarcek lortu du azkenean lehorteari amaiera ematea, azkenekoz 2017an eskuratu baitzuen binakako txapeldun izatea, Olaizola II.a-Urrutikoetxea bikotearekin.

Laso eta Albisu, finala amaitu berritan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Laso eta Albisu, finala amaitu berritan. AITOR KARASATORRE / FOKU

Finalaren osteko prentsaurrekoan, Albisuk aitortu du kostata heldu dela lehen txapela, baina «zoriontsu» sentitzen dela esan du: «Irabazi bakarrik ez, gozatu egin dut partidan. Hasieran akats batzuk izan ditut, baina ongi eutsi diot tenpleari eta gozatu egin dut. Plana ongi atera zaigu. Ezkurdiaren bila joan gara eta asmatu dugu». Pozik agertu da pilotari onenaren saria jaso duelako ere, eta hasieratik sentsazio onak izan dituela kontatu du.

Lasorentzat ere «egun berezia» izan da, besteak beste, hiru modalitateen klubean sartu delako: «Horri garrantzia handiagoa ematen diot lesio batetik natorrelako eta honaino iristeko lan asko egin dudalako. Eskerrak eman nahi dizkiet ingurukoei».

Txapelketa osoan zehar bezala, finalean ere goraino bete dira harmailak, eta atseden hartzeko betarik gabe, datorren asteburuan hasiko da buruz buruko txapelketa. Datorren asteartean egingo dute aurkezpen ekitaldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!