Lehen fasean onenak izan ziren, eta berdin hasi dute finalaurrekoetako ligaxka ere. Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk lehen puntua lortu dute Erik Jakari eta Martxel Iztuetari irabazita (13-22). Partida gogorra izan da Nafarroa Arenan jokatu dutena, baina hobeak izan dira urdinak, eta pauso garrantzitsua eman dute Binakako Txapelketako finalera sailkatzeko.
Indartsu atera dira kantxara Laso eta Albisu (1-5) baina neurketaren erdialdera arte parekatua izan da lehia (9-11). Orduan, ordea, Albisu gehiago gozatzen hasi da, Lasok asmatu du tantoak amaitzen, eta errenta zabaldu dute (9-19). Hamabi tanto egin ditu Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak. 13-20raino gerturatu dira gorriak, baina norgehiagoka maldan gora zuten ordurako.
Datorren astean, lehen jardunaldiko galtzaileak nor baino nor ariko dira larunbatean, Donostian: Elordi eta Zabaleta Jakaren eta Iztuetaren aurka. Igandean Gasteizko Ogeta pilotalekuan, berriz, bi bikote irabazleek neurtuko dituzte indarrak: Altuna III.a eta Ezkurdia Lasoren eta Albisuren kontra.
Ikusi gehiago