Pilota

Lasok eta Albisuk seigarren garaipena lortu dute, eta lidergoa sendotu

Zabalari eta Martijari irabazi diete, Astelenan: 22-19. Lehen itzuliko azken partidan gertatzen dena gertatzen dela, gutxienez bi garaipenen aldearekin amaituko dituzte lanerdiak.

Unai Laso. ANDONI CANELLADA / FOKU
Unai Laso, pilota jotzear. ANDONI CANELLADA / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko urtarrilaren 1a
19:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte aldaketak ez du joera aldatu: lehengo lepotik dute burua Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk binakako txapelketan. Baikoko bikote horrek irabazi egin zituen 2025ean jokatutako azkeneko hiru partidak, eta, horri esker, ziurtatu egin zuen sailkapenaren buruan bukatzea lehen ligaxkako aurreneko itzulia. Bada, urtea amaitu bezala ekin diote Lasok eta Albisuk urte berriari: irabazi egin dute, laugarrenez jarraian. 22-19 hartu dituzte mendean gaur Javier Zabala eta Julen Martija, Eibarko Astelena frontoian (Gipuzkoa). 

Lehen zazpi jardunaldiak jokatu eta gero, Lasok eta Albisuk sei garaipen dituzte. Partida bakarra galdu dute orain arte, eta oso gutxigatik: 22-20, Iker Larrazabal eta Jon Mariezkurrena enpresakideen kontra, Donostian, hirugarren jardunaldian. Inor ez da aritu Laso eta Albisu bezain ondo eta erregular, eta, horren erakusgarri, lehen itzuliko azkeneko partidan gertatzen dena gertatzen dela, Lasok eta Albisuk gutxienez bi garaipenen aldearekin bukatuko dituztela lanerdiak —bihar jokatuko da partida hori, Zornotzan (Bizkaia), eta Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak Erik Jaka eta Martxel Iztueta izango dituzte aurkari—. Ez dago zalantzarik: Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak (Nafarroa) eta Ataungo (Gipuzkoa) atzelariak osatutako bikotea da nagusi orain arte.

Gaur, hala ere, sufritu egin dute irabazteko. Aurkariak baino gehiago izan dira, eta indar erakustaldia eginez hautsi dute partida: 19-11. Azken tantoetan, baina, hutsak egiten hasi dira, eta horrek Zabala eta Martija suspertu ditu. Nolanahi ere, irabazleek aldeari eutsi diote. 

Bihar, Altunak eta Ezkurdiak bolada txarra eten nahi dute: lehen bi partidak irabazi ondoren, galdu egin dituzte azken laurak. Jakak eta Iztuetak, berriz, laugarren garaipena lortu nahi dute. Bide batez, lehen aldiz irabazi nahi dituzte bi neurketa jarraian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.