Kern Pharma taldea nabarmen garatu da 2020an tropel profesionalean agertu zenetik. Kontinental mailan lehiatzen hasi eta lau urtera, balentria egin zuen Espainiako Vueltan: hiru etapa garaipen zakuratu zituen, bi Pablo Catrilloren eskutik, eta bestea Urko Berraderi esker. Iaz, gonbidapenik ezean, Vueltatik at geratu zen, baina bueltan izango da aurten. Lorpen zaharrak berritzea du amets. Nolanahi ere, denboraldi honetan, bulegoetan ari da lehiatzen lasterketarik garrantzitsuena. Izan ere, Kern Pharma enpresak taldea babesteari utziko dio sasoi honetatik aurrera, eta, haren erreleboa inork hartu ezean, bideragarri izateari utziko lioke Nafarroako egitura horrek.
Bada, ziurgabetasunaren erdian, lemari tinko eutsi dio Juanjo Orozek (Iruñea, 1980). Taldearen arduradun nagusia da 2023az geroztik, eta funtsezko zeregina du orain esku artean: azken zazpi urteetan taldea ekonomikoki sostengatu duen enpresa ordezteko modua topatzea. Galtzak bete lan dabil. «Babesle bat bilatzeko ari naiz erabiltzen nire energia guztia. Egun osoa igarotzen dut horretan. Jarraipena izatea merezi du proiektu honek, eta, horretarako, lan handia ari gara egiten itzalpean». Bileraz bilera dabil, mahai gainean baitago babesle nagusi bat baino gehiago izateko aukera. «Enpresa handi batek har lezake gidaritza, baina marka txikiagoek ere interesa erakutsi dute. Formula ona izan liteke hainbat enpresaren artean indarrak batzea. Lehen, aukera hori ez genuen aintzat hartzen; baina begi onez ikus genezake orain, munduaren etorkizuna ez baita batere ziurra».
«Asko hazi gara talde moduan, eta beti nahi dugu gehiago. Horrek zerikusia izan du, ziurrenik, Kern Pharma joatearekin»
JUANJO OROZ Kern Pharma txirrindularitza taldeko burua
Martxoaren 16an jakin zen Kern Pharmak ez duela jarraituko Oroz buru duen egitura babesten. Talde barruan, lehenagotik zeukaten horren berri. Noiztik? Galderari ez dio zuzenean erantzun Orozek, baina zenbait arrasto eman ditu. «Azken urte eta erdian egoera zailak bizi behar izan ditut, baina asko ikasi dut, eta, dena ematen duzunean, lasai geratzen zara egindako lanarekin». Zera gehitu du gero: «Ez nintzateke zintzoa izango kezkarik ez dudala esango banizu. Hala ere, oso pozik nago azken sei hilabeteetan babesleen bilaketan izan dugun aurrerapenarekin». Eta zergatik utziko du proiektua Kern Pharmak? «Asko hazi gara talde moduan, eta beti nahi dugu gehiago. Garatzen jarraitu nahi dugu, etenik gabe. Bada, horrek zerikusia izan du ziurrenik. Babesleak enpresak dira, eta helburu propioak dituzte. Gu oso pozik gaude eman diguten babesarekin».
Aurrera begira, «baikor» dago Oroz. «Badira aurreratuak ditugun zenbait aukera on. Baina futboleko hitzak erabiliz, baloia atean sartzea da koska. Gu area barruan gaude, eta errematatzeko tenorea da». Epe zehatzez galdetuta, Orozek uda iritsi aurretik askatu nahiko luke korapiloa. «Ekainerako albiste onak eman nahiko genituzke. Jende asko dabil lanean talde honetan, eta uda iristerako denok lasai egotea nahiko nuke. Zentzuzko epeak direla iruditzen zait. Hori bai, gauzak okertzen badira, azken egunera arte borrokatuko gara».
Telefono deiak aldebikoak izan dira azken hilabeteetan. Orozek dei asko egin ditu, baina baita jaso ere. Eta atzerriko zenbakiak ere agertu dira haren sakelako telefonoan. «Talde etxekoia gara, baina, era berean, txirrindularitza oso kirol globala da. Mugak zabaldu egin ditugu, eta, horri esker, aukera oso baliagarriak sortu dira. Hori bai, eutsi egingo diogu gure filosofiari; gauzak beste modu batera egin beharko bagenitu, ez genuke jakingo nola». Txirrindulari gazteen garapenean itsuki sinesten du Orozek. «Ez dago beste talderik munduan harrobiko hainbeste txirrindulari duenik. Horrek definitzen gaitu gu». Enpresekin izandako bilkuretan, ordea, malgu jokatu du. «Lehenik eta behin, zer nahi duten galdetu diegu babesleei. Guk gauzak egiteko modu jakin bat eskaintzen dugu, baina egokitzen jakin behar dugu. Orekan dago giltza».
Tourra du jomugan
Bien bitartean, ekinean jarraitzen du taldeak, eta Oroz pozarren dago txirrindularien eta gainontzeko langileen jokabidearekin. «Txapela kentzeko modukoa da, benetan. Konfiantza dute bulegoetan egiten ari garen lanean, eta oso irudi ona ari dira ematen lasterketetan». Apirilean, besteak beste, Euskal Herriko Itzulia eta Lieja-Bastogne-Lieja jokatu ditu Kern Pharmak, eta abuztuan urteko lasterketa nagusian izango da: Espainiako Vueltan. 2024ko arrakasta presio iturri izango al da? «Kontrakoa: pizgarri gisa balioko digu. Oso gogotsu gaude itzultzeko. Hirugarrenez ariko gara Vueltan, eta gutxienez beste etapa bat irabaztea izango da helburua. Uste osoa dugu ziklista gazteengan, eta hilabete gutxiren buruan asko hazi daitezke. Ideia horrekin joango gara Vueltara».
«Badira aurreratuak ditugun zenbait aukera on. Baina, futboleko hitzak erabiliz, baloia atean sartzea da koska»
JUANJO OROZ Kern Pharma txirrindularitza taldeko burua
Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatuko balute, Oroz helburu handiak lortzen saiatuko litzateke. Horietako bat World Tourreko lizentzia lortzea izango litzateke. Lehenago, taldea Frantziako Tourrera eraman nahiko luke. «Dagoeneko hatzekin ukitu dugu. Kirol erronkak gainditzeko grina dugu, eta hurrengo urratsa Tourrean parte hartzea litzateke». Txirrindulari gazteen eskutik iritsi nahi du gorenera. Hazi eta irabazi, aldi berean. «Bi gauzak batera doaz gure kasuan. Sinetsita gaude formakuntzaren parte dela irabazteko lehiatzea. Uste dugu filosofia horrekin posible dela gorenera iristea, eta asmo hori dugu 2027ra begira». Pro Team mailan urte oso ona izatea aski izan daiteke Tourraren gonbidapena lortzeko. World Tourrean sartzea, ordea, nekezagoa da. «Hurrengo bi urteak oso onak balira, agian lizentzia lortzeko aukera egon liteke 2029an. Bestela, hurrengo batean saia gintezke. Guretzat, helburuak lortzeko modua da garrantzitsuena».