Hamalau jardunaldiz osaturiko lehen fase luzea amaitu ondoren, aste honetan erabakiko da zer bikote ariko diren Binakako Txapelketako finalerdietan. Laso-Albisu eta Elordi-Zabaleta lau onenen artean izango dira, lehen bi postuetan sailkatu direnez gero. Bada, haiekin nortzuk lehiatuko diren erabakiko da etzitik igandera bitarte. Besteak beste, Altuna III.ak eta Ezkurdiak etzi jokatuko dute, Tolosan (Gipuzkoa), Zabalaren eta Martijaren kontra. Bikote irabazlea finalerdietan izango da. Etzidamu, berriz, Jaka eta Iztueta ariko dira nor baino nor gehiago Larrazabalekin eta Landarekin, Zornotzan (Bizkaia). Landak Mariezkurrena II.aren tokia hartuko du, debuta egin eta hilabetera. Lehen partidako galtzaileek eta bigarreneko irabazleek elkar ikusiko dute igandean, Arrasaten (Gipuzkoa), finalerdietako azken tokia lortzeko helburuz.
Oraingoz, Aspeko bikote bat eta Baikoko beste bat daude finalerdietan, baina jakina da Aspek ziurtatuta daukala gutxienez beste bikote bat lau onenen artean sartzea. Ondorioz, orain arteko lanaren interpretazio baikorra egin du Jokin Etxaniz Aspeko kirol teknikariak. «Txapelketaren lehen itzulia oso txarra izan zen guretzat, Baikoren aurka partida asko galdu genituen-eta. Bigarren itzulian hobeto aritu gara, eta finalerdietan hiru bikote sartzeko aukera daukagu. Oso pozik gaude». Baikori dagokionez, lesioekin zorte txarra izan dutela aitortu du Unai Apeztegia teknikariak. «Iñaki Artolak arazoak izan zituen lehenbizi, eta haren lesioak nabarmen eragin zion bikoteari. Hori aski ez, eta Mariezkurrena II.aren hutsunea kolpe handia da guretzat. Dena den, gure pilotariak lan ona egiten ari dira, eta baikorrak gara datorrenari begira».

Asperen adarrekoa izango da lehen kanporaketa, etzi. Altuna III.ak eta Ezkurdiak galdu egin dituzte orain arteko bi partidak Zabalaren eta Martijaren aurka, baina etzikoa ezberdina izango dela adierazi du Etxanizek. «Batez ere pilotalekuaren ezaugarriek aldatuko dute partida. Tolosan zailagoa izan ohi da aldeak lortzea, eta Zabalari kosta egingo zaio nabarmen agintzea. Gainera, tantoa amaitzeko pilotaleku aproposa da, eta Altuna III.ari mesede egiten dio horrek». Hori bai, Etxanizen ustez, Zabala eta Martija izango dira faboritoak. «Martija egon izan da jokoz apalago, baina orain oso fresko sumatzen dut. Zabalak, berriz, harrituta gauzka. Beti ibili izan da eskuetan arazoak zituela, baina hamalau jardunaldi hauetan ez du partidarik bertan behera utzi, eta bizpahiru koska gora igo ditu. Erregularragoa da orain, buruz jokatzen du, eta finalerdietan egoteko hautagaiak dira bera eta Martija».
«Martija oso fresko sumatzen dut, eta Zabalak harrituta gauzka, bizpahiru koska igo ditu»
JOKIN ETXANIZÂ Aspeko kirol zuzendaria
Norgehiagoka hori galtzen duenak beste aukera bat izango du finalerdietan sartzeko, igandean. «Horrek lasaitasun handia emango die bi bikoteei. Gainera, uste dut galtzen duen bikotea berme handia izango duela igandeko partidan». Altuna III.aren eta Ezkurdiaren jarrera goraipatu du Etxanizek. «Bi izar dira, baina haien ilusioa eta lanerako gogoa ere aipatzekoak dira. Txapelketa guztian defentsan jokatzen dihardute; hanka bat lehiaketatik kanpo izan zuten, baina azkenean laugarren sailkatu dira. Ohituta daude haize kontra ibiltzen, eta, gainera, Altuna III.a txapelketako bolada onenean dago. Tantoa amaitzen fin ari da». Horregatik, etzi bete-beteko lehia espero du Aspeko kirol teknikariak.
Landa, hautatua
Baikoko bi bikoteren txanda izango da ostiralean Zornotzan. Mariezkurrena II.aren tokia hartuko du Landak, debuta egin eta soilik hilabetera. «Joan den larunbatean, Iosu Eskirozek jokatu zuen Larrazabalekin, baina iruditu zaigu Bigarren Mailako txapelketan txapelaren bila jarraitzea zela bidezkoena Eskirozentzat», adierazi du Apeztegiak. Profesionaletan orain arte jokatu dituen hiru partidetatik hirurak irabazi ditu Landak, oso itxura ona emanda. Dena den, aukera ez ezik, konpromisoa ere izan daiteke ostiraleko partida. «Konfiantza handia daukagu Landarengan. Iristen den pilotari bat da, gaitasun handikoa, eta epe ertainean goi mailan joka dezakeena. Etorkizuneko apustua da Baikorentzat, eta presiorik gabe jokatzeko esango diogu».
«Iruditu zaigu Bigarren Mailako txapelketan txapelaren bila jarraitzea zela bidezkoena Eskirozentzat. Konfiantza handia daukagu Landarengan»
UNAI APEZTEGIAÂ Baikoko teknikaria
Faborito garbiak Jaka eta Iztueta izango dira, Apeztegiaren ustez. «Txapelketan egun txar batzuk izan dituzte biek ala biek, baina arrisku handiko bikotea osatzen dute. Egun ona badute, edonori irabazteko gai dira». Garrantzitsua izango da ostiraleko irabazlea fresko iristea igandera. «Guretzat garrantzitsua litzateke finalerdietan bi bikote izatea. Egia da Laso eta Albisurekin itxaropen handia digula, baina lau onenen artean bi bikote izatea ederra litzateke».