Urtean hiru egun handi izan ohi dituzte esku huska modalitateko profesionalek, eta horietako bat izango da gaurkoa. Lau eta erdiko txapelketako finala jokatuko baitute Peio Etxeberriak eta Javier Zabalak, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00, ETB1). Erronka galanta izango dute biek, estreinako aldiz bururatu nahi baitute banakako txapel bat. Etxeberriak badu txapel bat goi mailan, iaz txapeldun izan baitzen Jose Javier Zabaletarekin batera. Ordea, banaka jokatu dituen bi finalak galduak ditu, eta hirugarrenean txapela jantzi nahi du. Horixe ekiditen ahaleginduko da Zabala, bere lehen finalean. Hilabeteetan zehar maila onean jardun ondoren, lehenengo aldiz ariko da final batean, eta, aspaldiko partez, Errioxara bidean jarri nahi du txapela. Edonork irabazten duela ere, txapeldun berria izango du lau eta erdiko modalitateak, eta ikusmin berezia sortu da pilotazaleen artean.
Bi finalistek badute ezaugarri bat komun: ezker eskua. Biek sakea eskuinarekin egin arren, ezkerra dute arma nagusia, kantxa erdian ere ezkerrez jo ohi baitute pilota. Halakoa zen baita ere Mikel Unanue (Donostia, 1968). Bi final jokatu zituen lau eta erdian: galdu egin zuen lehena, Jorge Nagoreren aurka, 1995ean (22-18). Bigarrenean txapeldun izan zen, 1999an, Patxi Eugi aurkari zuela (22-11). «Urte asko pasatu dira, baina ongi gogoan dut Eugiri irabazi nion final hura. Hura zen orduko pilotaririk onena, eta txapela lortu izana mugarria izan zen nire bizitzan. Betirako oroimenean gordeko dudan egun bat bizi ahal izan nuen». Txapela bistan kokatua du, etxeko egongelan. «Goi mailan txapel bat lortzea gauza handia da, eta nik begien bistan jarria daukat. Etxeberriak eta Zabalak aukera ederra dute banaka lehen aldiz txapeldun izateko, eta ikusi beharko da presioa nola kudeatzen duten».
Unanueren esanetan, ez da ezustekoa izan Etxeberria eta Zabala finalera ailegatu izana. Nafarrak Jokin Altuna kanporatu zuen finalerdietan, eta errioxarrak Joseba Ezkurdia. «Final hau ez da sorpresa izan, inondik ere. Gaztetasunaren sasoia erakutsi dute biek, eta txapelketan zehar onenak izan dira. Pilotarentzat albiste ezin hobea da garaipenen zerrendetan izen berriak agertzea». Finalean Etxeberria aterako da faborito. «Nire ustez, urteak daramatza lau eta erdiko pilotaririk onena izaten, Altuna III.aren gainetik. Merezi du txapeldun izatea. Hirugarren finala jarraian jokatuko du, eta, eskarmentua baduenez, faboritotzat jotzen dut. Berme handia eskaintzen du pilotaria gisa, segurua eta langilea da, eta baliteke hogeita bira iristea». Izan ere, buruz inoiz baino prestatuago ikusten du Etxeberria. «Beldurrak uxatu ditu, eta kantxan gozatzen ari da. Bere onena ematen badu, gertu izango du txapela».
«Final hau ez da sorpresa izan, inondik ere. Gaztetasunaren sasoia erakutsi dute biek, eta txapelketan zehar onenak izan dira»
MIKEL UNANUEPilotari ohia
Hori bai, aurkari arriskutsua izango du nafarrak: Zabala. «Txarrena eta onena emateko gai da Zabala. Pilotari gorabeheratsua da, eta ez dakigu finalean ze jarrera izango duen. Ez dago jakiterik. Eskuak ongi dituela ematen du, eta, bere onena ematen baldin badu, erne». Pilotari inork ez bezalako abiadura ematen dio errioxarrak, Unanueren esanetan. «Abiadurari esker, edonor txikitzeko gaitasuna du. Zentratuta jokatzen badu, tontakeriarik egin gabe, edozer gerta daiteke». Finalaren atarian zera aipatu du Zabalak: ezer ez duela izango galtzeko eta dena izango duela irabazteko. Aitortza horrekin ez dator bat Unanue. «Final batean zaudenean irabaztea da helburu bakarra. Beraz, biek dute presio bera».
Erasora, «itsu-itsuan»
Finaletan ohikoa den moduan, partida hasierak berebiziko garrantzia izango du. «Lehen tantoetan partidan ongi sartzea ezinbestekoa da. Lege aldaketen ondorioz, ematen du sakeak ez duela lehen adina garrantzirik, baina errestoan fin egon beharko dute biek. Batez ere, aurkariari errematerako aukerak kentzeko». Horren harira, kantxaren erdialdea hartu eta pilota ezker eskuin mugitzea izango da bi pilotarien estrategia, Unanueren ustez. «Erasora jokatuko dute biek hasieratik, eta horretarako ezker eskua baliatuko dute. Biek eskuin ona dute, nik neukana baino askoz hobea, baina egia da ezkerra dutela arma nagusiena. Etxeberriak horma bikoarekin egiten du min, eta Zabalak pilota bizi jota». Horregatik, erasoan nagusitzen denak asko izango du bere alde. «Biek saiatu beharko dute lehenak izaten erasoan. Defentsan arituta ez dago txapel bat irabazterik». Partida luzatzen bada, Nafarroara egin dezake txapelak. «Fisikoki Etxeberriak ez dauka parekorik».
Fisikoa alde izango du nafarrak, baina harmailetan giro berezia ezarriko dute errioxarrek. Besteak beste, duela hemezortzi urte irabazi baitzuen txapela azkenekoz lau eta erdian Errioxako pilotari batek: Augusto Ibañez Titin III.ak. «Huraxe izan nuen aurkari handienetako bat, eta hark abiatu zuen pilotaren eraldaketa. Hura hasi zen lehenengoz erasoan itsu-itsuan jokatzen, eta orain gazte guztiek bide horri jarraitzen diote. Polita litzateke Errioxak txapeldun berria izatea, baina Etxeberriak ere merezi du». Edonor gailentzen dela ere, Aspe etxera joango da txapela.