Zesta-punta

Lau puntista bikain eta hutsune handi bat

Winter Series txapelketaren finala jokatuko dute bihar, Gernikan: Johan eta Basque Goitiaren eta Lekerikaren aurka ariko dira. Laurek «pena» dute, Barandika finalerako sailkatu baitzen, eta luzerako min hartu baitu.

Thibault Basque eta Xabi Barandika. ERAMAN JAI ALAI
Thibault Basque eta Xabi Barandika, elkarri bostekoa ematen, Barandikak min hartu zuen partidan. ERAMAN JAI ALAI
Julen Etxeberria.
2026ko otsailaren 14a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gernika-Lumoko (Bizkaia) Jai Alai frontoia beteta, partida ederrak, lehia estua, tanto ikusgarriak... dena ezin hobeto zihoan Winter Series zesta-punta txapelketaren bosgarren ekitaldian. Urtarrilaren 26ra arte. Egun horretan, Xabi Barandikak eta Thibault Basquek Alex Goitiaren eta Unai Lekerikaren aurka jokatu zuten, eta bigarren setean, Goitiak nahi gabe bete-betean jo zuen pilotarekin Barandika ukondoan. Aurrelari gernikarra segituan erori zen lurrera, eta odoletan hasi. Aldageletara joan zen, eta medikuari zauria nola edo hala sendatzeko eskatu zion. Kosta ahala kosta itzuli nahi zuen kantxara, irabaziz gero, sari potoloa jasoko baitzuten hark eta Basquek: finala jokatzea. Gai izan zen itzultzeko, eta bereak eta bi sufrituta lortu zuten helburua. Are gehiago, Barandikak egin zuen neurketako azken tantoa.

Orduko poza, ordea, kezka bilakatu zen berehala: itxuraz, lesio larria zuen Barandikak. Egun batzuk geroago baieztatu zen susmo txar hori: hautsita zuen ezker ukondoko olekranon hezurra, eta, gutxienez, lau hilabete beharko zituen osatzeko. Ez zuen finala jokatuko. Ez dago min hartzeko garai onik, baina oso mingarria izan behar du txapelketa garrantzitsuenaren finalerako sailkatu eta hura jokatu ezinik geratzeak. «Min gehiago egiten dit finala galtzeak lesioak baino. Basque eta biok oso txapelketa ona egiten ari ginen, eta kolpe handia da horrela bukatzea. Pena handia dut», aitortu du Barandikak.

Lesio arina izan balu, antolatzaileak prest zeuden finala atzeratzeko, baina lesio larria du, osatzeko luzea, eta, hori dela eta, hasierako egutegiari eutsi diote. Bihar jokatuko dute finala, 12:00etan hasita (ETB1). Johan Sorozabal ariko da Barandikaren ordez. Hura izan da aurrelaririk onena finalerdietako ligaxkan aritu eta finalerako sailkatu ez direnen artean. Eñaut Urreisti zen beste hautagaia. Johanek eta Basquek Goitiaren eta Lekerikaren aurka jokatuko dute finala. Destinoaren gauzak, urtarrilaren 26ko zorigaiztoko partida horretan aritu ziren lau pilotarietatik hiru ariko dira txapela irabazi nahian. Barandika baino ez da faltako.

Barandikari keinua

Barandikak ez du jokatuko, baina frontoian izango da, eta ziur finalistek keinuren bat egingo diotela. Hori baieztatu du haren bikotekideak, Basquek (Bidarte, Lapurdi, 1996). «Xabi oso mutil ona da, eta pena handia da finalerako sailkatu eta hura jokatu ezin izatea. Txapela irabazteko esan dit, baina seguru nago finala jokatuko dugun lau pilotariok harekin gogoratuko garela txapela irabazten badugu; merezi du».

Argi du: hark eta Johanek finala irabazten badute, Barandikarena ere izango da txapela. «Xabik barruan duen guzti-guztia eman zuen finala jokatzeko. Lesionatuta egonda ere ez zuen amore eman, eta gogor saiatu zen tanto erabakigarria egiteko». «Bikotekide bikaina» izan dela azpimarratu du. «Hasieran ni larri ibili nintzen, eta Xabik izugarri lagundu zidan. Hark esan zidan nola jokatu behar nuen, eta bete-betean asmatu zuen. Horri esker, oso ondo aritu gara; ni neu gero eta hobeto aritu naiz, eta, gaur-gaurkoz, oso gustura ari naiz. Oso pozik nago. Asko zor diot Xabiri».

«Xabik txapela irabazteko esan dit, baina seguru nago finala jokatuko dugun laurok harekin gogoratuko garela»

THIBAULT BASQUE Eraman Jai Alai enpresako puntista

Johanekin ariko da Basque. «Pozik» dago aurrelari miarriztarrarekin jokatzeagatik. «Errebes indartsua du, ondo moldatzen da eskuinez, eta bizi mugitzen da. Ez du egin nahiko zukeen txapelketa, urduri aritu baita. Baina presioa kendu behar diot, eta konfiantza eman. Nekatuta egongo da, Daniatik [AEBak] iritsi berri egongo baita. Nik izan behar dut bikoteko liderra: sasoi betean nago. Baikor naiz: Johan ondo aritzen bada, irabazteko aukera izango dugu».

Finala «partida zaila» izango delakoan dago. «Xabik eta biok haien aurka egin genuen gauza bera egin beharko dugu Johanek eta biok: ondo jokatu, hutsik ez egin, eta ahalik eta pilota gehien ezkerparetara itsatsi, baita atzera bota ere. Horren gustuko duten joko zuzena egin dezaten eragozten saiatu behar gara: Lekek eskuin ikusgarria du; Goitiak, berriz, abiadura handia ematen dio jokoari aurrean, eskuinez eta errebesez. Ondo hartu behar dugu elkar, eta ez urduritu; ondo aukeratu behar dugu noiz den gure txanda».

(ID_17709096197055) (/EZEZAGUNA)
Unai Lekerika eta Alex Goitia, partida batean. ERAMAN JAI ALAI

Sentipen «gazi-gozoa»

Goitiak (Markina-Xemein, Bizkaia, 2001), berriz, sentipen «gazi-gozoa» du. Batetik, «pozik» dago Lekerikak eta biek finala jokatuko dutelako. «Behar handia egin dugu biok, bete-betean aritu gara, eta horren emaitza da finala jokatzea». Baina «triste» ere badago, hark emandako pilotakada batek utzi baitu Barandika finala jokatu gabe. «Mentalki, gogorra izan da. Ni ez naiz erruduna, baina nik botatako pilotakada batek lesionatu du Xabi. Nahi barik jo nuen, eta horrelakoak gertatzen dira, baina kolpe handia da Xabirentzat, finala jokatzea merezi baitzuen, sekulako txapelketa egin du eta. Triste nago, Xabi laguna baitut. Oso ondo portatu da nirekin: lasai egoteko esan dit. Gertatutakoa ahaztu eta nire lanari erreparatu behar diot». Nolanahi ere, «argi» du: «finalaren egunean guztiok gogoratuko gara Xabirekin».

«Xabi oso ondo portatu da nirekin: lasai egoteko esan dit. Gertatu zena ahaztu eta nire lanari erreparatu behar diot»

ALEX GOITIA Eraman Jai Alai enpresako puntista

«Itxaropentsu» dago finalerako. «Ondo ari gara Leke eta biok: defentsan oso ondo ari gara, eta bikotea egin dugu, kantxan eta kantxatik kanpo. Azken partida falta zaigu jokatzeko, garrantzitsuena; ea bete-betean aritu eta irabazten dugun».

Basque nabarmendu du aurkarien artean. «Sekulako txapelketa egin du: nagusi da errebesez, pilota asko sartzen ari da, eta kantxa asko betetzen». Johani buruz, berriz, esan du ez dela ondo aritu, baina «sarritan» gertatzen zaiola hori Gorka anaiarekin jokatzen duenean. «Katramilatu egiten da. Hobeto aritzen da beste bikotekide batekin. Izan ere, gai da oso ondo jokatzeko. Ikusteko dago nola kudeatuko dituen nerbioak».

Hark eta Lekerikak argi dute zer egin behar duten irabazteko: «Elkarrekin ondo moldatu, bete-betean aritu, eta guk atzeratu pilota; ezin diegu pilota aurrean aukeran utzi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.