Pilota

Laurak Batek altxor bat dauka etxe barruan

Laurak Bat Buenos Airesko euskal etxeak aspaldiko trinket bat dauka bere egoitzan, duela 122 urte eraikitakoa. Euskal etxeko kideek oso kutuna dute.

Laurak Bat euskal etxeko trinketa. JULEN ETXEBERRIA
Bi pertsola, paleta gomazkoan jokatzen, Laurak Bat euskal etxearen trinketan. JULEN ETXEBERRIA
Julen Etxeberria.
🌐 Buenos Aires (Berriemaile berezia)
2026ko urriaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arratsaldeko lehen ordua da, eta ia inor ez dabil Buenos Airesko Laurak Bat euskal etxean. Arraroa da, mugimendu handia egoten baita bertan, ez baita alferrik euskal etxerik zaharrena munduan. 1877an sortu zuten; beraz, 150 urte beteko ditu datorren urtean. Isilik dago gaur. Soinu bat entzuten da urrunean, kolpe batzuen soinua. Pilotakadak dira, bi pertsona ari baitira paleta gomaz jokatzen Laurak Bateko trinketean. Zuria da trinketa, harrizkoak ditu paretak, porlanezkoa eta egurrezkoa teilatutxoa, eta harlauzazkoa zorua. Plaka bat du goialdean, eta zera dio horretan: Plaza Euskara. 1882an eraikia. Hortxe Laurak Bateko trinketaren jatorria.

«Jatetxean daukagun Gernikako haritzaren kimu bat eta trinketa dira gure euskal etxearen arima. Ikaragarri maite ditugu biak», esan du Jorge Rabuffetti Laurak Bateko zuzendaritza batzordeko kideak. Berehala egin du atzera trinketaren historia kontatzeko. «Paretan dagoen plakak dioen bezala, trinket honen jatorria Plaza Euskaran dago. Hura izan zen aitzindaria. Laurak Bat zen haren jabe, eta 1882an inauguratu zuten, euskal etxearen egungo kokalekutik oso gertu. Plaza ireki bat zen, izugarri handia. Horren erakusle, hamar frontoi zeuden bertan. Sekulakoa zen». 

Hogei urtez makina bat partida jokatu zituzten han, eta horietan Hego Amerikako eta Euskal Herriko pilotariak aritu ziren. Neurketa bat nabarmentzen da guztien artean, mendeurrenaren partida deitzen diotena. 1885ean, Pedro Zabaleta Paysandu-k eta Indalezio Sarasketa Txikito de Eibar-ek elkarren aurka jokatu zuten Plaza Euskaran, eta egun horretan 8.000 ikusle inguru bildu ziren.

Hogei urtez iraun zuen zutik Plaza Euskarak, 1903an eraitsi zuten arte. «Garai onenetan diru asko jokatzen zen bertan, baina, pixkanaka, zaldi lasterketek eta kasinoek pilotako apustulari horiek bereganatu zituzten. Horren ondorioz, Plaza Euskara handi geratu zen bertan zegoen jardunerako, eta euskal etxeak hura saltzea erabaki zuen 1902an. Horri esker, zorra kitatu, eta egungo egoitzaren zorua erosi zuten. 1904an inauguratu zuten egoitza berria, trinketa eta guzti. Plaza Euskaran zegoen berbera da». Beraz, egungo trinketak 122 urte ditu. «Altxor bat da», azpimarratu du Rabuffettik. Izan ere, 1937an, Belgrano kalea etorbide bilakatzeko, egoitza eraitsi eta berriro eraiki zuten. Hori egiteko, ordea, bere horretan utzi zituzten trinketa eta 1906an landatutako Gernikako haritza. «Horregatik dira horren bereziak guretzat».

«Guk argi dugu hiriko trinket onenetako bat dela, baina jendeak ere hori esaten du. Jokatzeko oso aproposa da»

JORGE RABUFFETTI Laurak Bateko zuzendaritza batzordeko kidea

Buenos Airesen trinket mordoa daude; «300 baino gehiago», Rabuffettiren arabera. Baina berak argi du Laurak Batekoa dela «onenetako bat». «Guk argi dugu, baina jendeak ere hori esaten du. Kantxa garbia da, jokatzeko oso aproposa, eta, zesta-puntan ez beste, modalitate guztietara joka daiteke: paleta gomaz, paleta gogorraz, frontenisean...». 

Gero eta jende gehiago

Laurak Bateko ordezkariak azaldu duenez, «jende askok» erabiltzen du kantxa gaur egun. Aldaketa egon da horretan, kontatu duenez, garai batean «jende oso gutxi» baitzebilen kantxan, baina «hazkunde handia» sumatu dute azken bost urteetatik hona. «Gero eta mugimendu handiagoa dago. Batetik, kantxako arduradunak, Claudio Rodriguezek, klase partikularrak ematen ditu. Bestetik, jendea jokatzera etortzen da. Eta, azkenik, Laurak Batek bost talde ditu Metropolitano torneoa jokatzen: Lehen A Mailan, Hirugarren Mailan, laugarrenean, bosgarrenean eta emakumezkoetan. Gutxi gorabehera, 25 jokalari ari dira lehiatzen Laurak Batekin. Erabiltzaileak, berriz, 60 bat izango dira. Ahalegina egiten ari gara jende gehiago erakartzeko. Hala, gero eta emakume gehiago dabil». Aitortu duenez, partida garrantzitsuetan ez beste, ez da egoten ikusle asko harmailetan. «Hona etortzen den jendea jokatzera dator, ez ikustera», arrazoitu du.

«Nire aitona Donostiakoa zen, eta hona etorri zen bizitzera. Oso pilotazalea zen, eta familia osoari sartu zigun zaletasuna»

MIKEL ROMAN Laurak Bateko pilotaria

Laurak Batekin lehiatzen ari diren pilotarietako bat da Mikel Roman. Talde nagusian jokatzen du. Buenos Aireskoa da, baina haren izenak agerian uzten du euskal jatorria duela. «Nire aitona Donostiakoa zen, eta hona etorri zen bizitzera. Oso pilotazalea zen, eta familia osoari barru-barruan sartu zigun zaletasun hori», azaldu du. Gozatu egiten du Laurak Bateko trinketean sartzen den aldiro. «Niretzat oso kantxa berezia da. Nire kutuna da».

euskal selekzioak lehen bi dominak irabaziko ditu gaur, zesta-puntan

Euskal selekzioak gaur irabaziko ditu lehen dominak Munduko Euskal Pilota Txapelketa nagusi batean. Lehen bi finalak jokatuko dira, eta bietan ariko da euskal selekzioa, 54 metroko frontoiko binakako zesta-puntan, Colonia del Sacramenton (Uruguai). 21:00etan (ETB1), emakumezkoena jokatuko dute euskal selekzioak eta Espainiak. Ezusterik ezean, Elaia Gogenola eta Maia Goikoetxea ariko dira euskal selekzioarekin, eta Erika Mugartegi eta Arai Lejardi bizkaitarrak Espainiarekin. Jarraian jokatuko dute gizonena, euskal selekzioaren eta AEBen artekoa. Xabi Barandika eta Unai Lekerika ariko dira euskal selekzioarekin, eta Johan eta Gorka Sorozabal lapurtarrak AEBekin. 

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA