Aizkora

Lehen aldia beti da berezia

Bihar jokatuko dute Lehen Mailako Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finala, Zumarragan. Sei aizkolari ariko dira, eta Iker Vicente da faboritoa, lautan txapeldun izandakoa. Arkaitz Etxebestek eta Ibai Soroak lehen aldia dute. Ilusioz gainezka daude.

Ibai Soroa eta Arkaitz Etxebeste. BERRIA
Ibai Soroa eta Arkaitz Etxebeste, Lehen Mailako Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren finalaren aurkezpenean. BERRIA
jon eskudero
2026ko azaroaren 21a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urte osoan begiz joa izan ondoren, egutegian gorriz markatua ere izango dute biharko eguna aizkoran dabiltzanek. Izan ere, Lehen Mailako Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko dute Zumarragako (Gipuzkoa) Beloki frontoian, 12:00etan hasita (ETB1). Ohi bezala, sei aizkolari izango dira lehian: Iker Vicente, Julen Alberdi Txikia IV.a, Hodei Ezpeleta Bihurri, Eneko Otaño, Arkaitz Etxebeste eta Ibai Soroa. Aizkolari bakoitzak hamabi pago enbor ebaki beharko ditu: lau kana erdiko, lau hirurogei ontzako eta lau oinbiko. Garaipen zerrendari begiratuta, Floren Nazabal ageri da buruan, bederatzi txapel irabazita, eta haren atzetik daude Anjel Arrospide eta Miel Mindegia, seina txapelekin, eta Aitzol Atutxa eta Joxemari Olasagasti, bosnarekin. Bada, Vicente Atutxaren eta Olasagastiren marka berdintzen ahaleginduko da. Lau txapel ditu irabaziak orain arte —2019an, 2023an, 2024an eta 2025ean—, eta hura izango da faborito nagusia bihar ere. Dena den, lehia gogorra espero da.

Lehia nagusia alde batera utzita, ordea, bi aizkolari nabarmenduko dira: Etxebeste igeldoarra (Donostia, 1994) eta Soroa arribetarra (Arraitz, Nafarroa, 1994). Adinkideak dira biak, eta iaz Bigarren Mailako txapeldun eta txapeldunorde izan ziren, hurrenez hurren. Onenen artean jarduteko gogotsu daude. Etxebestek ez du baztertzen podiumera igotzea. «Iruditzen zait aukera badudala hirugarren postura gerturatzeko, baina baliteke azkena geratzea ere, lasai ederrean. Vicente eta Txikia IV.a ez beste guztiak nahiko paretsu gabiltza». Soroak garbi du zer xederekin plazaratuko den: azken postuari ihes egin nahi dio. «Marka polita litzateke seigarren ez egitea. Dena den, etxeko lanak plazara eramaten saiatuko naiz, eta hori lortuz gero, gustura geratuko nintzateke».

Bientzat izan da ustekabeko oparia finalean aritzea, baina oso bide desberdinetatik iritsi dira aizkoraren gailurrera. Soroak 2019an eman zituen lehen pausoak, eta aitortu du ez zuela inondik ere espero hain azkar maila goreneko finalean egotea: «Sekulako ilusioa daukat. Aspaldian denbora onak egiten ari nintzen entrenamenduetan, baina ez nuen inondik inora espero finalean sartzea. Kanporaketari ekin aurretik, nire izena seikotearen barruan ikusten zuten askok, baina ez nuen espero. Finalen historiari begiratuta ikus daiteke zer-nolako kirolariak lehiatu izan diren beti, eta horien pare egotea sekulako ohorea da. Zerbait ongi egiten ari naizen seinale da». Pena bakarra du: aizkoran lehenago hasi ez izana. «Askotan pentsatu izan dut, baina ez dago atzera-bueltarik. Umetan hasi izan banintz, teknikoki aizkolari hobea izango nintzen orain. Halere, asko baloratzen dut urte gutxian halako gorakada izatea».

«Sekulako ilusioa daukat. Aspaldian denbora onak egiten ari nintzen entrenamenduetan, baina ez nuen inondik inora espero finalean sartzea»

IBAI SOROA Aizkolaria

Are ezohikoagoa da Etxebesteren kirol ibilbidea. Bospasei urte zituela, aitarekin egurrari kolpe gutxi batzuk ematen aritzen zen, baina deus gehiago ez. Urteetan egon da aizkoratik aldenduta. Duela bi urte eta hamar hilabete baino ez zen sartu herri kiroletan. «Ikaragarria da hain denbora laburrean halako maila lortu izana». Aurretik hainbat kiroletan ibiltzen zen: futbolean, pilotan eta txirrindularitzan. Baina nekatu egin zen alor guztietan, eta pizgarri bat behar zuela ohartu. Aizkorari heldu zion. Hasieran, aitak ez zion lagundu nahi: «Eskerrak konbentzitu nuen. Hiru urte ere ez dira pasatu aizkoran hasi nintzenetik, eta egunik handienean hor egotea ikaragarrizko balentria da, mirari bat. Historikoa da niretzat; emozionatu ere egin nintzen sailkatzea lortu nuenean».

Lanari, errespetua

Kanporaketarekin alderatuta, orduko lana halako bi egin beharko dute finalean. Soroak errespetuz begiratuko dio egur sailari; batez ere, lau oinbiko ebaki beharrak sortzen dio ardura. Gainera, baliteke nekatuta heltzea finalera, joan den asteburuan Nafarroako Txapelketako finala jokatu baitzuen, Donezteben. Bigarren sailkatu zen, Vicenteren atzetik. «Atseden hartzeko tarte txikia daukat, baina ez dago aitzakiarik. Nafarroako finalean ez nintzen gustura geratu egindako lanarekin, eta badaukat zer aztertua eta hobetua finalari begira». Etxebeste, berriz, indartsu dago sasoi aldetik. «Kanporaketan ez nuen nahi bezain lan ona egin, baina orduan baino hobeto nago orain. Badakit sasoiko nagoela, eta konfiantza horrekin hasiko naiz lanean».

«Urte gutxi daramatzat aizkoran, eta, emaitzak ikusten ari naizenez, motibazioz gainezka nago. Beste sei-zortzi urtez maila gorenean aritzeko gogoz nago»

ARKAITZ ETXEBESTE Aizkolaria

Estrategiari dagokionez, biek garbi dute hasierako zalapartatik urrun egon beharko dutela, itsutu gabe. Soroak badaki urduritasunak kalte egin diezaiokeela: «Ezin naiz denak emanda hasi, presaka. Lasai aritzen saiatu behar dut, lau oinbikoetan zer gorputzaldi dudan kontuan hartuz. Nerbio puntu bat badut, eta etxean egiten ez ditudan huts handiak egiteko joera dut plazan. Urte asko daramatzatenek ez dute halako hutsik egiten; burua kontrolatu behar dut». Eskarmentu falta aurkari izango du Etxebestek ere. «Baliteke esperientzia falta sumatzea, baina presioa kendu nahi diot neure buruari. Txukun-txukun moztea izango da gakoa. Sufritzen gozatu nahi dut, eta ikastera joango naiz finalera».

32 urte ditu Etxebestek, eta argi du bere ibilbidea hasi besterik ez dela egin: «Urte gutxi daramatzat honetan, eta, emaitzak ikusten ari naizenez, motibazioz gainezka nago. Beste sei-zortzi urtez maila gorenean aritzeko gogoz nago». Soroak ere etorkizunean jarri du arreta, ikasteko eta hobetzeko tartea baduela sinetsita. Bihar, ordea, orain arte egindako bideaz gozatzeko eguna izango dute biek.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA