Eskubaloia

Lehen aldiaren ilusioa dauka Maddi Bengoetxeak

Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatuko dute Alemanian eta Herbehereetan gaurtik abenduaren 14ra. Bost euskal jokalari ariko dira Espainiarekin. Horietako bat da Maddi Bengoetxea. Estreinakoz ariko da, eta «gogo handiz» helduko dio.

Maddi Bengoetxea. VICEN MUÑOZ
Maddi Bengoetxea, jaurtitzear, Espainiako selekzioarekin jokatu zuen lehen partidan, Greziaren aurka. VICEN MUÑOZ
2025eko azaroaren 26a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Punta-puntako eskubaloi jokalariak sarritan bidaiatzera ohituta egon ohi dira, baina oraingoan ezohiko bidaia bat egitea tokatu zaio Maddi Bengoetxeari (Errenteria, Gipuzkoa, 2000). Atzo iritsi zen Alemaniara, Espainiako selekzioko taldekideekin batera. Munduko Txapelketa jokatuko dute han, gaurtik abenduaren 14ra. Bengoetxeak ez zuen «inondik inora» espero txapelketan parte hartzea, eta aitortu du «ilusioz gainezka» dagoela. «Joan den astean Norvegian jokatu genuen txapelketan parte hartze hutsak ilusio handia egin zidan. Gogo handiz nago Munduko Txapelketari hasiera emateko, txikitatik amestu izan dudan zerbait baita», adierazi du. Izan ere, errenteriarrak «txikitatik» miretsi izan dituen jokalarien aurka jokatzeko aukera izango du gaurtik aurrera.

Azken urteetan Espainiako selekzioa «trantsizio fase» batean dagoela iritzi dio. «Munduko Txapelketarik inoiz jokatu ez dugun jokalari gazte asko gaude taldean, eta helburu nagusia izango da pixkanaka taldea osatzea, sentsazio onak hartzea eta esperientzia lortzea». Bengoetxeak adierazi duenez, bigarren ligaxka nagusira sailkatzea, helburu bat baino gehiago, «betebehar bat» da. Ligaxka horretara nahikoa puntu «lortuta» sailkatu nahi dute, eta, behin hor egonda, «lan polit bat» egin. «Partidak jokatzen hasten garenean ikusiko dugu zehazki nola gauden, taldea nahiko berria baita». Errenteriako lehen lerrokoak ez du uste presioak taldean eraginik izango duenik: «Gazteek daukagun ilusioa eta motibazioa kontuan hartuta, iruditzen zait lortzen dugula presioa alde batera uztea, eta hori oso garrantzitsua izango da gauzak ondo egiteko».

Munduko Txapelketan egokitu zaien multzoarekin «gustura» daude. Gaur, Paraguairen aurka arituko dira, 18:00etatik aurrera. Ostiralean, berriz, Faroe uharteak izango dituzte aurkari, 20:30ean hasita. Lehen ligaxkako azken partida Montenegroren aurka jokatuko dute, igandean, 18:00etan. Bengoetxeak adierazi duenez, aurkarien mailak «gora» egingo du partidak jokatu ahala; beraz, uste du hala hastea  «egokia» izango dela txapelketari «neurria hartzen» joateko.

«Joan den astean Norvegian jokatu genuen txapelketan parte hartze hutsak ilusio handia egiten zidan. Txikitako ametsa beteko dut»

MADDI BENGOETXEA Espainiako selekzioko jokalaria

Etorkizunean Munduko Txapelketa hau «irribarre batekin» gogoratu nahiko luke. «Titulu aldetik ez nau askorik arduratzen, baina, nire lehenengoa izanda, pozez eta esperientzia polit baten moduan oroitu nahiko nuke».

Taldekide ezagunak

Bost euskal jokalari deitu ditu Ambros Martin Espainiako selekzioko hautatzaileak: Anne Erauskin bizkaitarra, Lyndie eta Lysa Tchaptchet nafarrak eta Maitane Etxeberria eta Bengoetxea gipuzkoarrak. Bengoetxeari «ilusio handia» egiten dio esperientzia hau etxeko hainbeste jokalarirekin batera izatea. «Anneren taldekide izan naiz, eta txikitatik ezagutzen dut. Baita Maitane ere. Oso pozik nago haiekin egonda, gertuko norbait ondoan daukadala sentitzen baitut horrela». Euskal jokalariekin euskaraz hitz egitea ere «asko» eskertzen duela adierazi du: «Euskal Herritik kanpo jokatzen dudanez, horrelakoetan euskaraz aritzeak mesede egiten dit».

Eskubaloiari dagokionez, bolada gozoan da Bengoetxea, eta Munduko Txapelketako deialdian egotea horren isla da. «Alemanian izango nintzela jakin nuenetik ez dut aparteko prestaketarik egin. Entrenatzen jarraitu dut, egunero egin beharreko lana egiten. Oso gustura ari naiz, oso eroso, bai klubarekin, bai selekzioarekin».

Hiru denboraldiz Galiziako Porriño taldean jokatu ostean, Herrialde Katalanetako Elda taldean ari da aurten Bengoetxea. Galiziako taldearekin Europako Kopako final bat jokatzeko aukera izan zuen joan den denboraldian. Galizian «oso gustura» egon bazen ere, handik «irteteko» eta zerbait berria «probatzeko» gogoz zegoen. Eldak Jose Prades entrenatzailea hartu izanak ere bere fitxaketan «zerikusia» izan zuela dio. «Proiektuak ilusioa egin zidan; beraz, Eldara joatea erabaki nuen; gustura nago hartu nuen erabakiarekin». Errenteriarra «asko» ari da jokatzen, eta, nahiz eta sailkapenean «espero» zuten lekuan ez egon [bederatzigarren dira hamalau taldeko ligan], «oso pozik» dago gainontzeko guztiarekin.

MULTZOAK
A multzoa: Danimarka, Errumania, Japonia eta Kroazia.
B multzoa: Hungaria, Suitza, Senegal eta Iran.
C multzoa: Alemania, Serbia, Islandia eta Uruguai.
D multzoa: Montenegro, Espainia, Faroe uharteak eta Paraguai.
E multzoa: Herbehereak, Austria, Argentina eta Egipto.
F multzoa: Frantzia, Polonia, Tunisia eta Txina.
G multzoa: Suedia, Brasil, Txekia eta Kuba.
H multzoa: Norvegia, Angola, Hego Korea eta Kazakhstan.
EGUTEGIA
Lehen ligaxka: Gaurtik abenduaren 2ra.
Bigarren ligaxka: Abenduaren 3tik 8ra.
Final-laurdenak: Abenduak 9 eta 10.
Finalerdiak: Abenduak 12.
3. eta 4. postuak: Abenduak 14.
Finala: Abenduak 14.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.